‘Alexa’ deitu duten ekaitzak egoera ezegonkorrean utzi ditu ekialde hurbileko hainbat herrialde. Gaza larri dago. Palestinar errefuxiatuen bizi-arriskuaz ohartarazi dute hainbat GKEk.
Euriteek, haize zakarrek eta elurteek hartu dituzte Líbano , Siria , Turkia , Jordania , Israel , Palestina eta Egipto. Orain, gainera, uholdeak sortu dira, eguraldiaren gora-beherak medio.
“Muturreko larrialdia”. Horrela klasifikatu du Gazako Osasun Ministroak egora. Izan ere, urak hartu du hiria. 40.000 pertsona ebakuatu dituzte, asko txalupa txikietan etxetik aterata.
Jabaliako errefuxiatu gunean, Gazako iparraldean, jo du goia egoeraren larritasunak. “Bi metroko sakonera duen lakua egin da, etxeak urpean eta milaka pertsona kale gorrian utzita”, ohartarazi du Nazioa Batuen Erakundeko Chris Gunnessek.
NBEk Israeli dei egin, eta “ohiz kanpoko neurriak” hartzeko eskatu dio. Hala, gas bonbonak Palestinako lurraldera sartzen uzteko galdegin dio.
4.000 boluntario ari dira laguntza ematen, dena den, ez da nahikoa. “Ura dela eta hainbat gaixotasun sor daitezke. Egoera larria da”, nabarmendu du Gunnessek. Hark ez du konponbidea gertu ikusten: “hobetu baino, egoerak okerrera baino ezin du egin”.
Siriar errefuxiatuak ere larri
Siriatik ihes egindakoek ere arazoarekin aurpegi aurpegi egin dute topo. Laguntza agentzien arabera, eritasunek gora egin dute errefuxiatuen artean. Besteak beste, arnasketa gaitzak, hotzetik babestutako suek sortutako erredurak eta izozketa kasuak egon dira.
Hondamendiaren ondorioen argazki bilduma osatu du David Alandete El Paíseko kazetariak bere blogean. Baita Krishnadev Calamur kazetariak ere, npr.com-en.