2023ko urriaren 08an - 23:24
Azken eguneraketa: 2023-10-09 08:53:45

Josep Maria Esquirolek dio espazio publikoetan negar egiten duen jendea deserosoa dela oroitarazten digulako "dena ez dagoela ondo". Konketa zikin hartako pegatina errebindikatibo hura bezalakoa da, Europako hiri hain garbi hartan, ofizialtasuna ukatua duen hizkuntza batean idatzia. Garrasi errukarria da, harramazkatua, gaizki idatzitako sexu-erreferentzien artean lausotua. Harekin topo egitea tokatu zaizu. Eta zuk ikusten duzuna, zure biografiari esker, beste hizkuntza bat da. Eta zeure buruari galdetzen diozu: Beste hizkuntza bat? Nola liteke? Hiri honetan beste herri bat ere badago? Nirea bezalako beste herri galtzaile bat? Eta sakonean, pasatu beharko zituzten indarkeria guztiak jakitearen tristura gorabehera, sentitu behar duten txikitasun itogarriaren kontzientzia gorabehera, arnasa ematen dizu, jakinarazten dizulako han zurea bezalako jendea ere badela, hiri hura zurea bezalakoa dela, eta hobeto sentitzen zara.

Unibertsitateko ikasle gazte frantsesen bazkari batean nago. Denak dira haiek arbuiatzen dituzten –eta ezagutzen ez dituzten– hizkuntzak mintzo zituzten aitona-amonen biloba. Den denak. Beste herrialde batean, beste egun batean, nik bezala hizkuntza gutxitua hitz egiten duen gizon batekin hitz egiten dut. Treneko txartela bere hizkuntzan eskatzeko erabiltzen dituen estrategiak azaldu dizkit, eta nireak bezalakoak dira. Nireak bezalakoak. Agian, norbaitek pentsa lezake: “Axola al du, ba, txartelak eskatzeko erabiltzen den hizkuntzak?”. Baina berak eta biok ulertu dugu, konektatu dugu, eta badakigu zergatik den garrantzitsua.

Pasadizoak eta istorioak ezagutzen ditugu, baina sakabanatuta eta haririk gabe; esperientziak ezagutzen ditugu, baina ez ditugu inoiz bata bestearekin lotzen. Baina hain sarri gertatzen denez, ezin dugu pasadizo soiltzat jo. Hori Europako tragedia ugarietako bat da, beste bat gehiago (beste bat, beste bat gehiago): Europako estatuen eraikuntzan, areketan botata geratu diren kultura galtzaileen hondoko itsasoa.

“Axola al du, ba, txartelak eskatzeko erabiltzen den hizkuntzak?”

Funtsezkoa da jakitea Europan denok ez garela irabazleak izan; guretzat da garrantzitsua, jakina, errekonozimendu moduan, baina baita laguntza gisa ere. Europari buruz hitz egiterako orduan ikerlan postkolonialetan hutsune bat dagoela iruditzen zait: maiz osotasun uniforme gisa identifikatzen da Europa, zehaztugabeko kolorekoa. Orokorturiko joera da, nahiz eta salbuespenak ere badiren. Adibidez, R. Dunbar-Ortiz. An Indigenous People's History of the United States izenburuko liburuan argi asko azaltzen digu Amerikako lurraldearen konkistaren kultura ez zela hasi europarrek Atlantikoa gurutzatu zutenean, lehenagotik zetorrela baizik: “Europako erakundeek Amerikan lur hartu aurretik ere bazuten munduaren ikuspegi kolonialista". Baieztapen horri eusteko adibideen artean, R. Dunbar-Ortizek aipatzen ditu Gurutzadak, nekazari-lurren desjabetzea edo moriskoen eta juduen kanporatzea, eta, "gainera, nazio osoak, hala nola Eskozia, Gales, Irlanda, Bohemia, Euskal Herria eta Katalunia, kolonizatu egin ziren, eta zenbait monarkiaren mende geratu ziren". Eta uste dut arrazoi duela, eta oso zaila dela munduaren kolonizazio prozesua sakon ulertzea horretaz guztiaz hitz egin gabe, eta, beraz, Europako kultura batzuen porrotak zer ekarri zuen aztertu gabe. Gure lurraldeak izan ziren planetako gainerako lekuetara zabalduko zen kolonialismo kulturalaren proba-eremua.

"Gure lurraldeak izan ziren planetako gainerako lekuetara zabalduko zen kolonialismo kulturalaren proba-eremua"

Aurten, hamabost egunean behin, ARGIAn utzi didaten leiho polit honetatik, Europako galtzaileen lurraldetan barrena bidaiatzera gonbidatu nahi zaituztet, beren literaturak, tristurak, borrokak, bidegabekeriak, historia eta istorioak hobeto ezagutzeko. Nire asmoa garbia da: gure arteko errekonozimendua bultzatu nahi dut, nortasun bat sortu ahal izateko, uste dudalako kultura horiek guztiek, eta haien historiari buruz pixka bat gehiago jakiteak, lagundu diezagukeela gure nortasuna birformulatzen duten erreferente komunak izaten, kultura galtzaile gisa (bai, ados) baina, era berean, eta are esanguratsuago, herri erresistente gisa.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntza gutxituak
Hizkuntza gutxiagotuak: sortzen ari diren diskurtsoei gainbegiratua

Soziolinguistika Klusterrak antolatuta 2024ko Euskal Soziolinguistika Jardunaldia egin berri da Gasteizen apirilaren 23an. Azken urteetan euskararen eta katalanaren alde eta aurka agertu diren diskurtsoak izan ziren ardatz. Onintza Legorburu, Xan Aire eta Mikel Peruarena aritu... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Carolina Gandulfo, doktorea eta guaraniera ikertzailea
“Haurrak ‘isilak’ ziren, gaztelaniaz, ez guaranieraz, baina hizkuntza honek ez zuen balio”

Carolina Gandulfo doktorea. Argentinan jaioa, Ipar-ekialdeko Unibertsitate Nazionaleko Humanitate Fakultateko irakaslea. Iragan udazkenean Garabidek gonbidaturik egonaldia egin zuen gure artean, eta mintzatu zitzaigun Argentinako guaranieraz. Ikastetxe bateko esperientzia... [+]


Hizkuntza gutxituen artean, euskara hirugarren erabiliena da Europako streaming plataformetan

Netflix, Amazon Prime eta Disney+en, Hizkuntza Gutxituen Europako Gutunak onartzen dituen bost hizkuntza baino ez dituzte erabiltzen. Bosten artean nagusi da, alde handiz, katalana. Ondoren datoz galiziera, euskara, luxenburgera eta Eskoziako gaelikoa. EHUko Nor Ikerketa Taldeak... [+]


Eguneraketa berriak daude