“Haurrak ‘isilak’ ziren, gaztelaniaz, ez guaranieraz, baina hizkuntza honek ez zuen balio”

  • Carolina Gandulfo doktorea. Argentinan jaioa, Ipar-ekialdeko Unibertsitate Nazionaleko Humanitate Fakultateko irakaslea. Iragan udazkenean Garabidek gonbidaturik egonaldia egin zuen gure artean, eta mintzatu zitzaigun Argentinako guaranieraz. Ikastetxe bateko esperientzia kontatu du. Gaztelaniaz alfabetatzen hasi eta guaraniera hiztunak “agertu” zitzaizkien haurren artean.

“Eskola publikoaren zutarrietako bat ukitzen ari ginen, gaztelaniaren irakaspena, nazio-estatuaren hizkuntzarena”. Argazkia: Zaldi Ero
“Eskola publikoaren zutarrietako bat ukitzen ari ginen, gaztelaniaren irakaspena, nazio-estatuaren hizkuntzarena”. Argazkia: Zaldi Ero

Espainolak iritsi ziren garaian 35 hizkuntza indigena ziren Argentinan. Gaur egun, hamabi hitz egiten dira, eta desagertzeko arriskuan dira denak. Haietarik bi, populazio ez-indigenek hitz egiten dituzte: Santiago del Estero-n hitz egiten den kitxuera, eta Corrienteseko eta beste zenbait probintziatan erabiltzen den guaraniera. Ezin jakin zenbat hiztun dituzten hizkuntza bi horiek. Zenbait autoreren arabera, Corrienteseko biztanleen %50 guaraniera-hiztuna da, eta herrialde osoan milioi bat hiztun lirateke denera, ipar-ekialdeko eskualdean, oroz gain.

Garabiden egin zenuen hitzaldian, esan zenuen ezustean guaranierarekin egin zenutela topo.
Eta egia da. Ni, esaterako, 2001eko abenduan heldu nintzen Lomas de Gonzálezeko eskolara. Herri txiki bat duzu Lomas, landa eremuan, Corrienteseko probintzian. Urte horren hasiera orduko, Corrientesen, San Jose Institutuko ikerketa departamentuan diagnostiko bat egiten hasi ginen, 6 eta 7 urteko ikasleek irakurketan eta idazketan zuten gaitasunei buruzkoa. Lomaseko eskolara joan nintzen lehenengo egunean, bilera egin nuen zuzendariarekin eta maistrekin, 2002an hasiko genuen ikerketaz informatzeko. Haurrei irakurtzen eta idazten irakasteko proiektu-pilotu baten proposamena genuen eskuartean. Azaldu genien, adostu genuen gauza, eta hurrengo ikasturtean itzuli ginen, proiektu-pilotua inplementatzen hasteko.

2002an, lanean hasi zineten eskola horretan.
Bai. Irakasleek esan ziguten lehenengo gauza izan zen ikasleek gutxi hitz egiten zutela, “landa-eremukoak” zirelako-edo. Inork ez zigun esan inguruan guaraniera hitz egiten zela. Hasierako mailako gelak bisitatzen hasi ginenean, iruditu zitzaigun ikasleak guaranieraz aritzen zirela, baina maistrak ikusten ez zituenean! Bagenuen diagnostiko bat ere, eta datuek salatzen ziguten errendimendu alde nabarmena zegoela landa-eremuko eta hiri-eremuko ikasleen artean. Guk landa-eremuan bizitzeak dakarren egoera sozio-ekonomikoari egotzi genion errendimendu alde hori. Laster, gure proiektu-pilotua ezarri arau, estatistikek erakutsi ziguten ikasleen artean sekulako leizea gertatzen ari zela, batzuk neurri onean ikasten ari ziren irakurtzen eta idazten –gure proposamen didaktikoaren arabera, betiere–, eta beste batzuek, aldiz, ez zuten aurrera egiten.

“Debeku mota asko daude, ez dago hizkuntza bat erabiltzeagatik inor zigortu edo esplizitoki zentsuratu beharrik”


Guaraniera zen tartean?
Artean ez genekien. Esaterako, urte hartan bertan bilera egin genuen garaiko Hezkuntza ministroarekin. Proiektuaren berri eman genion, eta ondoko urtean ere gure proposamenaren arabera lanean segitzeko baimena eskatu genion. Eskolako ikasleek guaranieraz hitz egiten zuten errezelotan ginela esan genion, eta berak, orduan: “... iturri onetik dakit landa-eremu horretan ia ez dela guaraniera erabiltzen. Dakidanez, bakan batzuek ikasten dute, baina bigarren hizkuntzatzat daukate. Zaharrak baizik ez dira guaranieraz mintzatzen; gazteen artean desagertzeko zorian dago”.

Baina esan duzu, hala ere, zuek, ikertzaileok, errezelotan zinetela, ikasleek guaranieraz baliatzen zirela irakaslea inguruan ez zebilenean...
Errezelotan, bai. Baina eskolan inork ez zuen ikusten guaranieraren erabilera, Hezkuntza ministroak ere guaranierarik ez zela hitz egiten esaten zuen. Ez zen konplot bat, ez zen denak ados jarri zirela –ministroa, maistrak, ikertzaileak–, guaranieraren presentzia ukatzeko. Ez zen halakorik. Zen egoera soziolinguistiko bat, hizkuntza gatazka bat, zeina espresatzen baitzen bi hizkuntzetako bat desagerraraziz edo ikusezin bihurtuz. Jakina, badakigu zein den hizkuntza hori. Izan ere, laster ohartu ginenez, ikasle askorentzat gaztelania ez zen beren lehen hizkuntza, are gutxiago hizkuntza bakarra. Beraz, bistakoa zen guaranierak intzidentziaren bat izan behar zuela.

Argazkia: Zaldi Ero.


Zertan zen guaranieraren intzidentzia hori?
Ez genekien. Presentzia handia zuen, ez zuen, edonolakoa. Garai hartan ezin jakin genuen zenbatek zuten guaraniera lehen hizkuntzatzat, edo, esaterako, zenbat ziren guaraniera elebakarrak, edo elebidunak. Bazirudien –eta horixe besterik ezin genuen esan orduan, “bazirudien”–, ikasleen ehuneko handi samar batek guaraniera zuela lehen hizkuntza. Haatik, eskolan ez zuten guaranieraz hitz egiten, eta, gehiago, gaztelaniaz alfabetatzen ari ziren, irakurtzen eta idazten ikasten, alegia.

Esan nahi duzu, irakurtzen eta idazten ikasteko proposamen berri bat egiteak ekarri zuela azalera guaraniera?
Bai. “Alfabetatzea” esaten genuen, horrek nahitaez gaztelaniaz beharko balu bezala. Uste hori inplizituki barneratuta bizi ginen, ebidentzia hutsa balitz bezala: gaztelania Argentinako Estatuaren hizkuntza zen, hizkuntza ofiziala. “Estatu bat, hizkuntza bat”.  Uste hori indarrean, zein hizkuntzatan ikasiko zuten, bada, umeek irakurtzen eta idazten, gaztelaniaz ezik? Eskola publikoaren zutarrietako bat ukitzen ari ginen, helburu fundazionaletako bat, hau da, gaztelaniaren irakaspena, nazio-estatuaren hizkuntzarena. Guaraniera azaldu zitzaigunez gero, ordea, aipatu helburu hotsandiko hori zalantzan jartzen hasi ginen. Guaraniera azaldu zitzaigula esan dut, baina hori, esateko moduko bat da, zeren guaraniera hantxe baitzegoen, edo, hobeto esan, guaraniera-hiztunak, umeak Lomasen eskolatzen zituztenak. Baina gu, handik 50 kilometrotara, Corrientes hiriburuan, ez ginen ohartzen: gure herrialdean gaztelania besterik ez zela hitz egiten uste genuen.

Baina hantxe zegoen guaraniera, ohartu zinetenez. Harrezkero, nola jokatu zenuten eskolan?
Eskola birpentsatu behar genuela erabaki genuen. Alfabetatzea zen gure helburua, uste ez genuen egoera batekin egin genuen topo, baina, nola baztertuko genuen, bada, komunitatearen hizkuntzarik? Bi hizkuntza-komunitateen artean gatazkaren bat izango zela intuitzen genuen, eta gure erabakia izan zen aurrera egitea, Lomaseko eskolan geratzea eta alfabetatzea lantzea, baina guaranieraren presentzia ere kontuan hartuz. Eskolako irakasle batzuk ere gurekin bat etorri ziren, eta prest izan ziren proiektu eraberritua garatzeko. Proiektuaren bigarren urtean, adibidez, irakasleetako bat ikasleekin guaranieraz hitz egiten hasi zen, eta, hurrena, egoera komunikatibo gehiago ere sortu ziren guaranieraz. Adibidez, eskolako langileekin eta joskintza tailerrean parte hartzen zuten ikasleen amekin guaranieraz hitz eginez.

Guaranieraren erabilera bistaratzen hasi zen, beraz?
Hein batean, bai. Haatik, eskola-ekitaldietan guaraniera sartzea izan zen nobedaderik handiena. Laster ohartu ginen, ordea, nobedade horrek debeku sozial bati kontra egiten ziola, guaraniera eskolan erabiltzeko debekuari, alegia. Era guztietako azalpenak eta justifikazioak ematen zituzten batzuek eta besteek. Esate baterako, zenbait gurasok esaten zuten ikasleek guaranieraz hitz egiteak zaildu egingo zuela alfabetatzea, porrota ekarriko zuela. Haien ustez, porrota ez zen, bakarrik, eskola-porrota izango, porrot soziala baizik: gaztelaniaz hitz egiten eta idazten ez bada, gizartean gora egiteko batere aukerarik ez dagoela sinistuta zeuden batzuk. Badakigu eskolaren helburu handienetako bat izan dela gizartea homogeneizatzea, nazioa eraiki ahal izateko tresna izan dela. “Nazioa” esan dut, baina berdin esan nezakeen “nazionalitatea” edo “nazio-identitatea”. Izen bat edo bestea eman, hizkuntza elementu giltzarria izan da beti; da, oraindik.

Debeku soziala aipatu duzu, guaraniera eskolan ez ezik, inon ere erabiltzeko debekuaz ari zara?
Begira, guaraniera bazebilela ohartu ginenean, irakasleei galdezka hasi ginen, eta haiek beren errelatoak zituztela jakin genuen. Esan ziguten haiei ere, eskolan, guaranieraz hitz egitea galarazi  zietela, eta gurasoek ere ez zietela utzi etxean guaranieraz hitz egiten. Gaurko egunean, guaranieraz hitz egiteko gai ote ziren galdetu genien, eta ulertzen zutela, baina ez zutela hitz egiten erantzun ziguten; haatik, guaranieraz moldatzen zirela ikusi genuen... Eta debekuaren diskurtsoa lantzen hasi ginen.

Zer esan nahi duzu?
Adoretu egin zirela, nolabait, eta irakasleek ez ezik, ikasleen gurasoak eta herritarrak ere eskolan jasotako zigorrak kontatzen hasi zitzaizkigula; guaranieraz hitz egiteagatik, alegia. Debekuaz ari zirenean, iraganean ari ziren beti. Orainaldiko debeku barneratua, aldiz, ez zuten debeku kontsideratzen. Gehienetan, eskolan eta etxean galarazi zieten guaraniera, eta, gehienbat, haurtzaroa zen garaia. Zigorrez den bezainbatean, pertsona larriren baten aurrean hitz eginez gero jaso izan zutela esan ziguten. Hortaz, haurrek guaranieraz ezin hitz egin zuten eskolan ez etxean, eta, beraz, eskolatik etxera edo etxetik eskolara bidean hitz egiten zuten, edo soroan, edo langileekin, edo bolicho-an [denda-taberna]. Eta atearen atzean ezkutatu, eta aditzen zuten helduak guaranieraz ari zirela.

“Hiztunek berek ere esaten ziguten ez zekitela guaranieraz hitz egiten, baina guaranieraz mintzatzen aditzen genituen”


2002. urtean lotu zintzaizkioten proiektu-pilotuari. Garaian, zenbatek hitz egiten zuen guaranieraz?
Soziolinguistikatik jardunez gero, ez dugu guaranierari buruzko estudiorik aurkitu. Ez dakigu ezer erabilera esparruei buruz, ez Lomaseko eskolakoaz. Horrek guaranieraren ikusezintasuna besterik ez digu erakusten. Eta ohartu gara mundu akademikoak, unibertsitateak, hizkuntzen ikusezintasun prozesuak indartzen dituela. Hala ere, hizkuntza indigenen gainean egin diren azterketa antropologikoek erakusten dute herriaren hizkuntzak eremu pribatura eta familiara baztertu direla, beti, erabilera arrunta izan duela, baina hortik landa, eremu publiko eta instituzionalean, nazioaren hizkuntza ofizialak baizik ez duela izan presentzia.  Antzeko gertatu da guaranieraren kasuan, noski.

Daturik ez, beraz...
Hiru urtez ibili ginen joan eta etorri Corrientesetik Lomas de Gonzalézera eta, denbora joan arau, gero eta guaraniera hiztun gehiago agertu zitzaizkigun. Hori ez zitzaion zor hizkuntzaren transmisioari, edo ez zen gertatu herritarrak buru eta bihotz guaraniera ikasteari lotu zitzaizkiolako. Ez, oroz gain, gure begiratzeko modua aldatu zen. Ez zegoen hizkuntz erroldarik egiteko modurik, eta hiztunek berek ere esaten ziguten ez zekitela guaranieraz hitz egiten, baina guaranieraz mintzatzen aditzen genituen zenbait egoeratan. Hala ere, eta hiru urte igaro eta gero, ez genekien eskolako irakasleak guaraniera hiztunak ziren, ez ziren.

Hiru urte eta gero, ez zenekiten? Harrigarria da...
Beti-betiko erantzun berak jasotzen genituen: “Ulertzen dut, baina ez dut hitz egiten”, “Gurasoek bai, hitz egiten zuten, baina niri ez zidaten hitz egiten uzten”, “Galarazia nuen, eta barruan daramat galarazpena, barruan trauma, ulertzen dut, baina ez naiz guaraniera segitu bat hitz egiteko gai”. Baina esan dut, ezetz esan arren, handik pixka batera guaranieraz hitz egiten ikusiko zenituen! Hortaz, zer esan nahi du guaranieraz hitz egiteak? Zer da guaranieraz mintzatzea irakasleen, ikasleen, gurasoen begietara? Eta guretzat? Eta zer da gaztelaniaz jakitea? Zein hizkuntza gaitasunez ari gara? Ulertu, hitz egin, irakurri, idatzi… ei dira lau trebetasun nagusiak, eta hizkuntza batean edo bestean, Lomaseko bizilagunek ez zuten gaitasun bera…

Errolda linguistikorik ezin burutu…
Zerbait asmatu genuen, hala ere. 2004an, 6. mailako hiru ikasle hartu, eta ikerketan lagunduko ote zidaten galdetu nien. Baietz erantzun zidaten, eta lehen errolda linguistikoa egiten hasi ginen. Alegia, ikasle helduenek, txikienen errolda egin zuten, eta, hortik, erabileraz ere jabetu ginen, hitz egiten zutela, alegia. Ordu arte, haurrak “isilak” ohi zirela aditu behar izan genuen behin eta berriz eta askotan; ez zutelako gaztelaniaz hitz egiten, jakina! Bestalde, esaten ziguten inguruan inork ez zuela guaranieraz hitz egiten, baina ikasle haietako asko guaraniera hiztunak ziren, eta gurasoak, eta herritar franko ere bai! Haurrak “isilak” ziren, gaztelaniaz, ez guaranieraz, baina hizkuntza honek ez zuen balio, nonbait. Ideologia linguistiko jakin batek –gaztelaniarenak–, guaraniera ikusezintasunera kondenatu zuen, ez aditu ahal izatea ekarri zuen. Debeku mota asko daude, ez dago hizkuntza bat erabiltzeagatik inor zigortu edo esplizitoki zentsuratu beharrik.

 

Maitasunez

2003an, urtearen erdi aldera, bigarren mailako maistra bat ikasleei ikasgelan zenbait gauza guaranieraz esaten hasi zen. Ikasleek gaztelaniaz erantzuten zioten, ez guaranieraz. Urte hartan bertan, bigarren erdian, maistra hura lehen mailara aldatu zuten. Ikasleei zenbait gauza guaranieraz esaten segitu zuen, baina, kasu honetan, ikasleak ere guaranieraz hasi zitzaizkion! Horretaz galdetu, eta esan zigun ez zuela apartekorik egiten: “Ez dut ezer planifikatzen, hitz egin baizik ez dut egiten, haurrekin komunikatzen naiz, normal, beste gabe. Maila handiagokoek barre egiten zuten guaranieraz hitz egiten nuenean, jolasean ari nintzela pentsatzen zuten”. Behatu genuenez, maistra hark guaranieraz hitz egiten zuen ikasleak besarkatzean edo laztantzean, guaranieraz egiten zituen hitz goxoenak, eta lanen bat hasteko garaian ere, guaranieraz egiten zuen azalpena –batzuetan, baita lan osoa guaranieraz burutu ere–, ikasleak gaztelaniaz zuzentzen zitzaizkion. Orduantxe piztu zen komunikazioa, guaranieraz! Eta lehen haur “isilak” omen zirenak, gero berritsuak zirela esaten hasi ziren, zirtolariak, burutsuak.


ASTEKARIA
2024ko martxoaren 17a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: guaraniera
Eguneraketa berriak daude