Hizkuntza gutxiagotuak: sortzen ari diren diskurtsoei gainbegiratua

  • Soziolinguistika Klusterrak antolatuta 2024ko Euskal Soziolinguistika Jardunaldia egin berri da Gasteizen apirilaren 23an. Azken urteetan euskararen eta katalanaren alde eta aurka agertu diren diskurtsoak izan ziren ardatz. Onintza Legorburu, Xan Aire eta Mikel Peruarena aritu ziren euskararen inguruan, eta Avel-li Floresek katalanaren aldeko diskurtso emergenteak landu zituen.

Pablo Suberbiola moderatzailea, Onintza Legorburu eta Xan Aire hizlariak. Argazkia: Soziolinguistika Klusterra.

2024ko apirilaren 26an - 11:33
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Onintza Legorburu, Emuneko kidea: Euskara “politizatua” mugimendu feministaren eta gazte sozialisten eskutik

Legorburuk Diskurtsoak etnizitatetik haratago izenburupean egin zuen hitzartzea. Azken hamar urteetan euskararen alde ondu diren eta ontzen ari diren hainbat diskurtso aukeratu zituen eta haien errepasoa egin zuen. Etnizitatetik harago doazenak landu zituen, alegia, “bi nazionalismoak gainditzen dituztenak”.

Gaur egun “denentzako euskara” norabidean ari den diskurtsoa aipatu zuen lehenbizi. Atzera egin eta indar handiena izan duen diskurtsoa gogora ekarri du: identitate nazionala erdigunean jartzen zuen diskurtsoa. Gabeziak dituen diskurtsoa dela dio Legorburuk, eta euskalgintzan diskurtso aldaketarako gogoa nabaritzen dela azaldu du. Euskara abertzaletasunarekin lotzetik urrundu eta identitate zabalago baterako proposamena egin da: euskara guztiona da, euskara despolitizatu nahi da (alderdi politikoen eskematik atera, behintzat), euskara zabaldu. Oinarrian halako elementuak jarri dira: bizikidetza, aniztasuna, justizia. Identitate nazionalean oinarritutako diskurtsoa agortutzat eman du Legorburuk, baina zehaztu du herritarrek diskurtso horretan oinarritzen segitzen dutela, alegia, herritar askori galdetuz gero zergatik egiten duen euskaraz, erantzuna da, “euskalduna naizelako”.

Bigarrenik, euskara ardatz ez izanda ere, azken urteetan euskarari asko begiratu dioten gizarte mugimenduak hartu zituen kontuan. Bi aipatu zituen: mugimendu feminista eta gazte sozialisten mugimendua.

Legorburuk azaldu zuen mugimendu feministak euskalgintzak proposatutakoaren alderantzizko ekarpena egin duela, hau da, hizkuntza birpolitizatu behar dela dio, intersekzionalitatea ardatz hartuta, botere harremanen sarean hizkuntzak ere bere lekua baduela dio. Euskararen aldeko diskurtsoa justizia sozialaren parametroetan kokatzen du mugimendu feministak, hots, justizia sozialean sinesten duen edonork hartu behar du bere gain hizkuntzaren auzia.

Mugimendu sozialistari dagokionez, aipatu zuen bi monografiko dituztela euskara ardatz dutenak. Gazte mugimendu horrek klasea ekarri du irakurketetara, klasea analisirako kategoria bat da. Legorburuk zioen euskara oposizio elementu gisara kokatzen dutela, arauaren kontrako moduan. Klaseari lotuta, zer ikertua eta zer pentsatua dagoela gehitu zuen.

Azkenik, arlo sozioekonomikoari begiratu nahi izan zion. Euskara planek enpresa alorrean eta ekonomian erabiltzen den “lehiakortasuna” kontzeptuari zer ekarpen egin dioten galdetu du Legorburuk, eta hemendik aurrera euskara planek zer ekar dezaketen. Gaineratu du mahai gainean ez dagoela diskurtsorik, esperimentatzen ari direla, baina helburua hauxe dela: euskara planek zer gehiago ekar dezaketen hausnartzen jarraitzea.

Onintza Legorburu hizketan. Argazkia: Soziolinguistika Klusterra.

Xan Aire, Plazara-ko kidea: Norbere burua izendatzen, besteek egin ez dezaten

Xan Airek 2023ko uztailean Garabideren eta EHUren artean antolatutako jardunaldietan bildutakoa kontatu zuen. Batzar hartan nazioarteko hizkuntza komunitateetako kideak bildu ziren, tartean euskaldunak. Parte-hartzaileen artean adostu zuten subjektua birdefinitzeko beharra dagoela, “orain besteek definitzen gaituzte”, esan zuen Airek. “Kasurik onenean” hizkuntza “minoritario” deitzen digutela gogorarazi zuen, beste batzuetan hizkuntza “minorizatu” darabiltela. Amerikako hizkuntza komunitateetako parte-hartzaileek gogoeta egin zuten: “Agian gure burua beste modu batez definitu behar dugu, hemen eta munduan”, eta Airek gehitu zuen: “Ez da baikor edo ezkor, baizik eta hizkuntza komunitateak nola definitzen duen bere burua, ze anbizio duen, zer duen kontatzeko”. Eta horrela autodefinitzea adostu zuten: “Biziberritzen ari garen munduko hizkuntza komunitateak”. Hainbat hizkuntzen prekarietatea ahaztu gabe, “mugitzen, hizkuntzak munduan kokatzen, espazioak konkistatzen ari garela esaten ari gara biziberritzearekin”, zioen Airek. Eta gehitu zuen: “Guk sinesten dugu biziberritzen ari garela, guk gure gazteak sinetsiko ditugu, eta munduak sinetsi beharko digu biziberritzen ari garela”.

Mikel Peruarena, Berria-ko kazetaria: Pribilegioez, inposizioaz, eta beste

Peruarenak azkenaldian euskararen aurka epaitegietan hartu diren erabakiak izan zituen abiapuntu. Kezka eragin dute; kezka EAEn, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian euskararen aurkako jarrerak eta diskurtsoak nabarmenagoak direlako lehendik ere. EAEn, berriz, gutxi dira. Peruarenak azkenaldiko gertaerotan jarri zuen fokua eta diskurtso berrietan (edo diskurtso berrietarako balio dezaketen elementuetan), eta ez hain berrietan arakatu zuen.

Diskurtsoen azpian kokatzen diren ustekizunak ekarri zituen mahai gainera, horiek gero, diskurtsoen osaketan laguntzen dutelako, eta horiei tiraka hasi zen. Adibidez, “euskararen kontra ezin da egon”, ustekizuna aipatu zuen. Horrekin batera beste hauek: “euskara ondare bat da”, “zaila da”, “arraroa”, “ikastea garestia”, “ondo ikastea ezinezkoa da”, “hemen bizitzeko ez da behar”, “euskararen alde egon zaitezke euskara jakin gabe”.

Aipatu zuen beste kontzeptu bat “euskara babestu” da. Hala dio Peruarenak: “Kontzeptu horrek zer esan nahi du? Noraino babestu behar da eta nondik aurrera da inposizioa? Euskararekiko atxikimendu pasiboa badago, norberaren erosotasuna kolokan jartzen denean dator kontua. Horregatik, orain diote, beharbada, gehiegi eskatzen ari gatzaizkiela, euskara ikastea baino nahiago dute helegitea jartzea”. Peruarenak zioen ikusiko dugula jarrera horiek ze bide hartzen duten, diskurtso horiek zabalpena izan dezaketelako, eta kopurua baino gehiago, bozgorailua dela arriskua.

Eta jada aipatua zuen “inposizioa” kontzeptuari heldu zion. Argitu zuen ez dela termino berria. 2018ko Iruñeko manifestazioa ekarri zuen gogora. Orduko hartan 15.000 manifestari inguru elkartu ziren eta parte-hartzaileek azaldu omen zuten ez zeudela euskararen aurka, baizik eta euskara inposatzearen aurka eta egiten ari ziren hizkuntza politiken aurka. Euskara errespetatzen dutela zioten Iruñeko manifestariek, baina, era berean, euskara “injektatzen” ari zaiela adierazi zuten. Eta beste kontzeptu batzuk agertzen dira adierazpen horiei lotuta: bazterkeria, hizkuntza hautatzeko askatasuna... Hala zioen Peruarenak: “Administrazioa hizkuntza kudeatzen hasitakoan, eskuinak atera du inposizioa hizpidera”. Beste hari mutur bati ere heldu zion, hainbat ikasle eta gazteengan sumatu duen joera dela-eta: uste izatea euskara inposatzen ari dela, alegia, euskaldunen artean ere uste izatea bestea behartzen ari garela euskaraz egiten dugunean.

Beste elementu bat “errealitate soziolinguistikoa” da, eta funtsean hau esatera dator: euskara ez bada hainbeste erabiltzen, ez eskatu hainbeste. Ez eskatu behar dena baino gehiago. Eta gehiegi eskatzen den sentimendu horri lotuta, “pribilegioa” eta “bazterketa” kontzeptuak aipatu zituen. Eguesibarko eta Orkoiengo udaletan gertatutakoak erabili zituen adibide moduan: euskarazko zerbitzuak eskaintzen baldin badira, erdaldunak zerbitzurik gabe gelditzen dira. Alegia, euskara hutsean egiten dena baztertzailetzat jotzeko arriskua dakar horrek. Eta beste termino bat, “segregazioa” da, hau da, euskaldunak elitearekin lotzeko ahalegina. Bestelako joera bat ere aipatu du, alegia, ikastetxeetan euskaldunak euskaldunekin elkartzea eskatzea.

Mikel Peruarena. Argazkia: Soziolinguistika Klusterra.

Hizkuntza gutxituaren inguruko diskurtso emergenteak Katalunian

Avel-li Flors Bartzelonako Unibertsitateko irakasle eta ikerlariak katalanaren aldeko hainbat diskurtso aipatu zituen. Aurreratu zuen ez daudela finkatuta, ez dakiela nora iritsiko diren eta zein babes izango duten.

Lehenik, Florsek birnazionalizatzeaz hizketan ari den iritzi sektorearen proposamena garatu zuen: Kataluniako prozesu soberanistak ez du arrakastarik izan, eta nazioa eraikitzako, hizkuntza politiken oinarrian hizkuntza jarri behar da. Horrekin, agerian edo ezkutuan, esaten ari dira nazionalismo katalana orain ez dagoela gizarte osora ailegatzeko moduan eta hizkuntza komunitatea babestu behar da, erdigunean hizkuntza komunitatea jarri behar da. Komunitate horretan katalana lehen hizkuntza ez dutenak ere egongo lirateke. Iritzi korronte horren arabera, hizkuntza komunitate bat baino gehiago daude. Hezkuntzan bi sare antolatzeaz hizketan hasi dira, alegia, hizkuntza ereduen araberako banaketaz ari dira, lerro bat erabat katalanez. Florsek aipatu zuen orain EAEn daukagun hizkuntza ereduen sistemari begira daudela. Bere hitzartzean horraino kontatu zuen Florsek, baina entzule batek galdetu zion ea ideia horren bultzatzaileak zein diren eta hala erantzun zuen: “Oso berria da. Independentismoarekin lotuta dago, kontserbadoreetakoak dira batik bat, maskulinoa da. CUPek adibidez, ez du horren alde egin, ikastetxeetan bi lerro egotearen alde ez dago. Alderdi politiko berria sortzen ari den Clara Ponsatí [lehen Juntsekoa] dago tartean. Bere proposamena da ikastetxeen bi sare eratzea. Agian airera bota duen amu bat da, baina bota du. Juntsek ez du gauza handirik esan”.

Bigarrenik, feminismotik hainbat emakume lantzen ari diren proposamena aipatu zuen. Màtria o barbàrie: trenta veus del feminisme català (Angle argitaletxea) liburua aipatu zuen. Intersekzionalitatea lantzen dute, nazioa, klase soziala, generoa, arraza, hizkuntza eta abar jorratzen dituzte. Liburuaren koordinatzaileak Júlia Ojeda, Anna Punsoda eta Marta Roqueta dira. ARGIAk otsailean egin zion elkarrizketa Júlia Ojedari, Matriotes-eko kideari eta gai horri ere heldu zion: "Globalizazioaren oldarraldi handiei aurre egiteko diskurtsoak falta zaizkigu". Ikerlari katalanak adierazi zuen ikusteke dagoela nora iritsiko den proposamen hori, ez duela harrera handirik izan oraingoz.

Hirugarrenik, Sergi Morales aipatu zuen, eta haren diskurtso akademikoa. “Justizia linguistikoa” kontzeptua darabil ikerlari horrek hizkuntza politikak legitimatzeko. Hots, justizia linguistikoa egin behar da eta hizkuntza politikek hori lortzera bideratu behar dute. Gizarte elebakarrek beren hizkuntza-lehentasunak ezartzen dituzte eta beste hizkuntzetako hiztunek ezin dituzte haienak erabili.

Avel-li Flors ikerlari katalan. Argazkia: Soziolinguistika Klusterra.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntza gutxituak
EHUn kitxuaz, komunitate indigenen erresistentzia aldarrikatzeko

María del Cielo Galindo Puyalek EHUn Master Amaierako Lana aurkeztu du ostegunean, ekainaren 26an. Galindok kitxuaz hitz egin du epaimahaiaren aurrean, Boliviako emakume indigena meatzarien parte-hartze politikoaz. Lana kitxuaz eta gaztelaniaz idatzi du, eta bere anaiak... [+]


2025-06-27 | Xuban Zubiria
Bretoiera eta Bretainiako kultura sustatzen zuen Breizh kooperatiba itxi dute

Bretainiako adierazpide musikal zein literarioen sustatzaile eta banatzaile nagusia izan da Breizh kooperatiba. Ia zazpi hamarkadetako ibilbidean ehunka egile bretainiarren lanak editatu eta ekoitzi ditu, horietako hainbat bretoieraz.


Mizgin Ronak
“Turkierak hautsi zuen nire pertsona”

Egungo kurduerazko idazle esanguratsuenetakoa da Mizgin Ronak. Zortzi liburu ditu idatzita, bost eleberri eta hiru olerki liburu. 16 urte zituenean ihesera jo zuen, eta urte eta erdiren ondoren haren jaioterrian atxilotu zuten, Diyarbakirren. 1992an, 18 urte besterik ez zituela,... [+]


Talentu bila

Talentua garai honetan zaindu, babestu eta erakarri beharreko altxorra ei da. Horregatik, Kutxabankeko lehendakari Anton Arriolak hezkuntzan ingelesari garrantzi handiagoa eman behar zaiola adierazi du, eta euskara horretarako oztopo izan daitekeela Poloniatik etor litezkeen... [+]


2025-05-26 | Mara Altuna Díaz
Gaskoia, euskaldunen oihartzun isildua

Apenas erreparatzen diogu edo, besterik gabe, ez dakigu hor dagoenik ere. Hego Euskal Herrian XX. mende hasieran itzali zen betirako, eta antzeko patua paira dezake Ipar Euskal Herrian. Neurri sendoak hartzen ez badira, gaskoia azkenetan egon liteke.

Okzitanian, joan den... [+]


2025-04-10 | Cira Crespo
Carli Pup
“Gure herriak besteak bezalakoak dira, eta ez dugu museo batean egon nahi”

Carli Pup (Udine -friuleraz Udin-, 1973) Friuli [friuleraz, Friûl] herriaren ekintzaile kultural garrantzitsuenetako bat da. Bere hizkuntza gutxituaren idazle, hizkuntzalari eta bere herriaren historialari bihurtu da.
Gaur egun, Informazione Friulana kooperatibako... [+]


Elle-aren biya

Lagun asko sumatu dut kezkatuta euskaldun gero eta gutxiagok ahoskatzen duelako elle-a. Haur eta gazte gehienek bezala, heldu askok ere galdu du hots hori ahoskatzeko gaitasuna, idatzian ere nahasteraino. Paretan itsatsitako kartel batean irakurri berri dugu: altxorraren biya... [+]


Eskoletan katalanaren biziraupena kolokan jar dezakeen galdetegia abian jarri dute Valentzian

570.000 familiak euren haurren ikasgeletako hizkuntza nagusia zein izango den bozkatzeko aukera dute martxoaren 4ra arte: gaztelera edo katalana. Garikoitz Knörr filologoaren eta euskara irakaslearen arabera, kontsultak "ezbaian" jartzen du katalanaren zilegitasuna... [+]


2025-02-26 | Bea Salaberri
Bretoiera

Iragan urtarrilaren hondarrean, Bretainiako lurraldeko bi hizkuntza gutxituei buruzko azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzak publiko egin zituzten bertako arduradunek. Haiek berek aitortu zuten harriturik gertatu zirela emaitzak ikustean. Hain zuzen ere, egoerak eta... [+]


Yamili Chan Dzul. Emakume, indigena, prekarizatu
“Gure mugimenduak ahultzeko estrategiaren parte da emakumeak hiltzea”

Oinarrizko maia komunitateko U Yich Lu’um [Lurraren fruitu] organizazioko kide da, eta hizkuntza biziberritzea helburu duen Yúnyum erakundekoa. Bestalde, antropologoa da, hezkuntza prozesuen bideratzaile, eta emakumearen eskubideen aldeko aktibista eta militante... [+]


Bretoierak hiztunen erdiak galdu ditu sei urtean, azken ikerketaren arabera

Bretainian, bretoiera oso ondo edo nahiko ondo hitz egiten duten herritarrak %2,7 dira, 2018an baino hiru puntu gutxiago. 107.000 dira gaur egun. Hiztunak gazteagoak dira. Galo hiztunen kopuruak ere behera egin du, baina ez bretoierak bezainbesteko abiadan.


Alex Pancho Robles, hizkuntza aktibista guarania
“Guarania patronatuta egon da, kartzelatuta, esklabotuta”

Garabidek antolaturik, Hizkuntzak Biziberritzeko Formazio Programaren barruan izan zen gurean Alex Pancho Robles (Camiri, Bolivia, 1995) iragan urrian. Guarania da, eta guaraniera hiztuna. 8 milioi hiztun inguru dira Bolivia, Brasil, Argentina eta Paraguain barrena, hizkuntza... [+]


Eguneraketa berriak daude