Zubietako erraustegi inguruetan kutsaduraren "igoera kezkagarria" aurkitu eta martxara deitu dute

  • Zubietako erraustegi inguruan laginak biltzen bost urte daramatza ToxicoWatch fundazioak, metal astunen, dioxinen, PCBen eta PFASen bila. Horiek guztiak ageri dira laginetan eta gainera kutsaduraren “igoera kezkagarria” aurkitu dutela jakinarazi du Errausketaren Aurkako Mugimenduak, astearte arratsaldean emandako prentsaurrekoan. Maiatzaren 18rako martxa deitu dute.

ARGIA CC By SA

2024ko maiatzaren 08an - 11:37
Azken eguneraketa: 17:31

Maiatzaren 23an analisien emaitzak zehatz aurkeztuko ditu ToxicoWatch fundazioak, Hernaniko Sandiusterrin, eta maiatzaren 27an aurkezpen teknikoagoa egingo du Usurbilgo Sutegi aretoan, baina datuen aurrerapena egin berri du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak. Bost urte daramatza Herbeheretako fundazioak laginak biltzen erraustegi inguruko uretan, erreketako sedimentuetan, lurretan, goroldioan eta zenbait landare hautatutan, baita inguruko zenbait familiak autokontsumorako dauzkaten oilategietako arrautzetan ere. Emaitza: “Landareetan igoera nabarmenak ikusten dira dioxinetan, PCBetan eta PFASetan. Adibidez, gorostien hostoetan ikusten da dioxinak eta PCBak bikoiztu egin direla. Goroldioan ere dioxina eta PCBen igoerak oso handiak dira. Lurpeko uretan metal astunen aztarnak (beruna, zinka, kobrea…) biderkatu egin dira. Aztertutako arrautzek berriz, dioxina eta PCB maila altuak dauzkate eta igoera oso nabarmenak ikusi dira, jangarriak izateko muga legalak gainditu dituzte”.

Mugimenduak gogoratu du PCB eta PFASak, “kutsatzaile eterno” gisa ere ezagunak, debekatu nahian edota horien kontrola legez arautzeko bidean direla Europa osoan.

Bestetik, maiatzeko egun horietan Zero Waste Europe (Europa Zero Zabor) federazioko kideak ere bertan izango direla aurreratu du Errausketaren Aurkako Mugimenduak. Europako hainbat erraustegik eragiten duten kutsadura ari da aztertzen ZWE.

"Hondakinak kudeatzeko badaude errausketa baino sistema hobe, garbiago eta merkeagoak, eta martxan dauzkagu hainbat herritan. Alferrikako erraustegi hau gelditu beharra daukagu"

Maiatzaren 18an, erraustegira martxa

11:00etan Lasarteko Okendo plazatik abiatuta, Zubietako erraustegiraino oinezko martxa deitu du Errausketaren Aurkako Mugimenduak, Donostia Bizirik, Eguzki eta Ekologistak Martxan elkarteen babesarekin. Agintariei eskatuko diete “geldi dezatela erraustegia, ez dezatela gehiago hondakinik erre, ez Zubietan, ez Añorgan, ez Bergaran eta ez inon. Hondakinak kudeatzeko badaude errausketa baino sistema hobe, garbiago eta merkeagoak, eta Gipuzkoan bertan martxan dauzkagu hainbat herritan. Alferrikako erraustegi hau gelditu beharra daukagu”, adierazi dute.

Hori bai, erraustegia martxan dagoen bitartean, "erraustegiaren arduradunen lehentasun izan behar du bermatzea bertatik ez dela zabaltzen ez dioxinarik, ez PCBrik, ez PFASik, ez metal astunik eta ez bestelako kutsatzailerik", eta horretarako emisio guztien kontrol jarraitua egitea premiazkoa dela dio mugimenduak. Are gehiago, kutsaduraren azterketa tekniko hauek ez lukete herri mugimendu baten ardura izan behar, kritikatu dute: "Aginte publikoei dagokie herritarren eta naturaren osasuna bermatzea, gardentasun osoz". Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari eskatu diete daukaten informazioa eta dauzkaten datuak "gardentasun osoz erakutsi ditzatela".

Ikusi Errausketaren Aurkako Mugimenduak Zubietako frontoian egindako agerraldia

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gipuzkoako erraustegia
2024-05-20 | Usurbilgo Noaua
Erraustegia geratzeko protesta planta atariraino eraman dute

Zubietako erraustegia geratzeko Errausketaren Aurkako Mugimenduak deitutako oinezko martxan parte hartu dute larunbat goiz honetan.


2024-05-17 | ARGIA
Zubietako Erraustegira martxa egingo dute larunbatean Lasartetik abiatuta

Maiatzaren 18an, larunbatez, Zubietako Erraustegiaren aurkako martxa antolatu du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak (EAM). Lasarte-Oriatik abiatuko da, Okendo plazatik 11:00etan.


Jaurlaritzak ez zuen Zubietatik Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioaren berri

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak ez zuen Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioari buruzko informaziorik; hala dio Eusko Legebiltzarrera igorritako dokumentazioan. Gipuzkoako erraustegia kudeatzen duen Ekondakinek lixibiatuak bidaltzen jarraitu zuen, Ecofert enpresak... [+]


2024-01-30 | Uriola.eus
Zorrotzara iritsiko diren lixibiatuak jo-mugan

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak komunikatu bat eskaini du Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak Zorrotzara bidaltzeko asmoaren inguruan.


Eguneraketa berriak daude