Galegoaren aldeko manifestarien kontra egin du Guardia Zibilak Pontevedrako O Grove herrian

  • Agenteek Galiziako Hizkuntza Normalizaziorako Mahaiko kideak bultzaka hartu dituzte A Toxan toponimia ofizialaren aldeko elkarretaratze bat egiten ari zirela, Felipe V.a espainiar erregearen bisita bat probestuz.


2021eko irailaren 30ean - 13:48
Azken eguneraketa: 15:59
Guardia Zibilak hizkuntza normalizaziorako ekintzaileak errepidetik kanporatzen A Toxako zubian, O Groven. (irudia: A Mesa Normalización Lingüística)
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Galiziera hizkuntzaren aldeko ekintzaileek badute beste historia bat kontatzeko, zoritzarrez, euren liburu beltzean. O Groven gertatu da asteazken honetan. Pontevedrako herri horretako A Toxa irla ezagunean –bainuetxeak, eliteentzako aisialdi guneak eta bilkurak egiteko azpiegiturak dauden tokian– Foro La Toja egiten ari ziren goi mailako agintari politiko eta ekonomikoak, tartean Felipe Borboi espainiar erregea, “balore atlantikoen” inguruan hitz egiteko.

Galiziako Hizkuntza Normalizaziorako Mahaiak deituta elkarretaratzea egin dute irla eta herria elkartzen dituen zubi luzean, toponimia ofiziala errespetatu dadila eskatu eta A Toxa izenaren alde. Elkarretaratzean A Toxa polo seu nome edo Eu quero galego leloak zeramatzaten pankartak zabaldu dituzte.

Guardia Zibilak indarka hartu ditu hizkuntza gutxituaren aldeko ekintzaileak, zubia gurutzatzea eragotziz. Manifestariak espaloira bultzaka bidali dituenean hainbat lagun lurrera bota ditu, tartean Marcos Maceira Mahaiko presidentea.

Mahai horretako bozeramaileek, erasoa salatzeaz gain, hizkuntza normalizazioaren alde hitz egin dute: “Lotsagarria da bi toponimoen ofizialtasuna aitortzen duen legedia onartu eta 35 urtera oraindik mobilizatu behar izatea”, adierazi dute, Nós Diariok jaso duenez.  Hala, Espainiako Gobernuari exijitu diote betearazi dezala legea hizkuntzaren eremuan “eta eskatu diezaiola Foro horri toponimo legitimo eta legala erabiltzea, A Toxa izena duelako”, azaldu du Marcos Maceirak berak.


Hizkuntza eskubideak kanalean gehiago
2026ko ekainaren 25
Enplegu Publikoaren Legea Eusko Legebiltzarrean
EHE: "Legea ez da euskalgintzak aldarrikatutakora hurbildu ere egiten"

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...