Gabriel Arestik itzulitako ‘Internazionala’ kantaren bertso guztiak aurkitu dituzte

  • Karmelo Landa Arestiren obraren adituak eman du aurkikuntzaren berri Katakraken. Patxi Gaztelumendiri esker, Anaitasuna aldizkariko 1977ko zenbaki batean osorik argitaratu zen kantaren bertsioa aurkitu dute. Hilabete batzuk lehenago Euskadiko Ezkerra koalizioaren mitin batean itzulpen hori banatu zen paskinetan.

Irudia: Ahotsa.inforen bideotik hartua
Artikulu hau egilearen baimenari esker ekarri dugu.

2023ko urriaren 17an - 17:18
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

 

 

"INTERNAZIONALA", Gabriel Arestik egin zuen bertsio osoa, Amaia Espinosa-k abestua (Kinbonbo Brass Band).

 

 

"Zutik lurrean kondenatu

zaren langile tristea,

nekez ginen elkarganatu

indazu albiristea.

Gertatuak ez du ardura,

jende esklabua jeiki,

aldaketak datoz mundura,

nor den herriak badaki.

Oro gudura ala!…

Bihar izan dadin

Internazionala

gizonaren adin.

Goitik ez dator salbatzerik

jainkorik, ez , erregea.

Gu ez gaitzake gai azerik

Hau da gizonen legea !

Lapurra zeha dadin edo

har dezan bere zoria,

hauspoa eraginez gero

jo bedi burdin goria.

Oro gudura ala!…

Bihar izan dadin

Internazionala

gizonaren adin.

Bere zeruan atseginez

Aberatsak ez du gaitzik:

Zer egin du, egarri minez

lana arrobatu baizik?

Gaiztaginen kutxetan dago

gure lanaren fruitua

hartuko dugu gehiago:

zorra eta korritua.

Oro gudura ala!…

Bihar izan dadin

Internazionala

gizonaren adin.

Estatuak hondatzen gaitu

bere tribut berriekin,

Aberatsa gizentzen baitu

pobreen izerdiekin.

Asko zurrupatu gaituzte,

berdingoaren izenak

Berdin omen zituen uste

beharrak eta zuzenak.

Oro gudura ala!…

Bihar izan dadin

Internazionala

gizonaren adin.

Soldaduek ere eginen

dute protesta ederra!

tiranoaz herabe ginen!

Guri bake, hari gerra

Baldin jan nahi bagaitu gu,

Herriaren haragiak

Tirokatu behar ditugu

Beraren buruzagiak

Oro gudura ala!…

Bihar izan dadin

Internazionala

gizonaren adin.

Langile nekazari gara

Alderdi trabailaria

Lurra gure herentzia da

Hil bedi harraparia!

Bela putre gaitzak gogora

Haragiaz ase dira

Ihesi doaz eta horra

Eguzkiaren dirdira

Oro gudura ala!…

Bihar izan dadin

Internazionala

gizonaren adin."


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Langile borroka
Eguneraketa berriak daude