Horrenbeste pelikula tragikoren artean, atsegin handiz hartu dut Nacho Vigalondo zuzendari eta gidoilariaren Daniela forever, oso pelikula arina, freskoa eta ikuserraza da eta. Nicolas DJa da, Madrilera joan zen lan kontuengatik, eta bertan, diskoteka batean lanean ari zela, Daniela ezagutu zuen. Hasierako sekuentzien ostean, ordea, ohartuko gara Daniela auto istripu batean zendu zela, eta Nicolas dolua pasatzen ari dela. Bat-batean, bere lagun Victoriak tratamendu kliniko esperimental baten inguruan hitz egin dio, berari senarragandik banatu zenean asko lagundu ziolako. Horrela hasiko da Nicolas amets luzidoekin zerikusia duen tratamendu horrekin esperimentatzen, emandako jarraibideak gaizki erabilita, ordea.
Imajina daitekeen bezala, beheraka doan espiral bat hasiko da, Nicolas bere ametsen jaun eta jabe izanik, Danielarekin ametsetan hasiko baita, jada bizi ezin duen erlazioa bere tankeran garatuz. Gaia, izatez, gogorra bada ere, Vigalondok oso era entretenigarri eta arinean landu du filmean zehar. Efektu berezien laguntzaz, protagonista bere ametsak eraldatzen ikusten dugu, jainko bat balitz bezala, modu dibertigarrian. Amaieran, ordea, serioago hartu du gaia, gustatu zaidan azken eszena batekin lana itxiz.
Hobetzeko zerbait esatekotan, protagonistaren antzezpena ez zaidala asko gustatu esango nuke. Zergatia ondo azaltzen ez dakidan arren, kosta egin zait antzezpena sinestea, eta, batzuetan, pelikulatik atera ere egin nau pixka bat. Gidoia ona izan denez, ostera, eta elkarrizketak jarraitzeko errazak, gustura ikusi dut, azkenean. Black Mirror seriea atsegin duzuenoi gomendatuko nizueke, Madrilen grabatutako atal luze baten tankera handia baitu, baina estilo pixka bat desberdinarekin. Agian, testuinguruagatik gustatu zait horrenbeste luzemetraia, Zinemaldiko film serio eta astunen artean arnasa hartzeko momentu atsegina sortu baitu.
Proiekzioaren osteko elkarrizketa interesgarri eta, egia esan, apur bat xelebrearen ostean, are aho-zapore hobea utzi dit. Zuzendariaren eta soinu banda konposatu duten musikarien artean naturaltasun eta umore handiz hitz egin dute: publikoaren galderak erantzunda eta zuzendariaren idazketa prozesua giro ederrean azalduta. Birritan pentsatu gabe gomendatuko nizueke Daniela forever. Arratsalde euritsu batean ikusteko, oso aproposa.