Frantziako trenbide sareko langileek 36 greba egunei hasiera “arrakastatsua” eman diote

  • Apirilean hasi eta ekaina amaiera arteko greba deialdiak antolatu dituzte SNCF Frantziako trenbide konpainia publikoko langileek. Bost egunetik bitan egingo dituzte lan uzteak. Lehena asteartean izan zen eta sindikatuen arabera langileen %48k egin du bat grebarekin; tren gidarien artean, %77k. Pozik agertu da CGT sindikatua.

Argazkia: elsaltodiario.com

2018ko apirilaren 4an - 11:30
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Frantziako Gobernuak enpresa publikoan ezarri nahi dituen erreformen aurka altxa dira langileak. Egun dituzten eskubideak defendatzeaz gain, kapital pribatuak esku hartu dezan galarazi nahi dute.

Emmanuel Macron Frantziako presidentearen asmoa enpresa publikoa sozietate anonimo bilakatzea da, modu horretan, enpresak duen 50.000 milioi euroko zorra kitatuko luketela argudiatuta. Bere garaian Air France hegazkin konpainiarekin neurri bera hartu zuen Parisek.

Lehen greba egunean langileen %48k egin du greba. Gidarien artean atxikimendua handiagoa izan da, %77koa. Ipar Euskal Herrian ez da izan zerbitzurik eta Frantziako Estatuko gainontzeko eskualdeetako trenen %80 gelditzea lortu dute. Paris erdigunea eta kanpoaldea lotzen dituzten trenetan ere eragin nabarmena izan du grebak.

Bi hilabeteko epean 36 greba egun antolatu dituzte, baina ikusteko dago hitzartutako egutegiari eutsiko dioten ala greba mugagabea hasiko duten, langileen artean bi proposamenen aldeko jarrerak baitaude.  Babes zabala duen CGT sindikatuak datozen egunetan finkatuko du nola egingo dien aurren gobernuak ezarri nahi dizkien erreformei. Momentuz, greba eguna bezala izendatu dituzten egunetarako tiketak saltzeari utzi diote.

Greba egunek iraun bitartean, erresistentzia kaxa zabaldu dute. Lehen astean 60.000 euro lortu dituzte eta aurreikuspenen arabera grebara batu daitezkeen langile kopurua %70ekoa izan daiteke datozen deialdietan.

Trenbide sareko langileek egin bezala, Air France airelineako langileek ere greba egin zuten asteartean. Otsailean hasitako protestei jarraipena eman zieten, laugarren lan uztea baitzuten bi hilabetetan. Eragina izan zuen unibertsitateetan eta hondakinen bilketa zerbitzuetan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Langile borroka
2025eko azaroaren 5
Gorka Perez de Mendiola. Lorezaina sei hilabetez greban
"Grebaren amaiera bidearen hasiera besterik ez da"

Eguneraketa berriak daude