Foruak baieztatzen dira, Monarkiaren batasun konstituzionalaren kalterik gabe


2020ko uztailaren 09an - 18:06

Egun indarrean dugun erregimen eta estatu-botere espainiarrek honela argudiatzen dute eta horren arabera jokatzen dute: euskal autonomi estatutua baieztatzen da (Espainiako monarkiako beste autonomi estatutuak bezala), Monarkiaren 1978ko batasun konstituzionalaren kalterik gabe. Oraindik orain, pandemiaren ondoriozko konfinamendu garaian, Espainiako presidentea hamazazpi autonomi erkidegoetako presidenteekin bideokonferentziaz mintzatzen ikusirik, zaila da zalantzan jartzea botere zentral-handia noren esku dagoen, eta botere eskuordetua nork kudeatzen duen, baina foruak XIX. mendean, galdutako gerren ondorioz, baliogabetuak gelditu bitartean?

Frantziako Iraultzaren ondotik, XIX. mendearen lehen hiru laurdenetan, eztabaida guztiz errepikakorra izan da foruena Euskal Herrian eta Espainian. Zer ziren zorioneko foruak? Euskal herrien botere legegilearen bereizgarri eta ezaugarri, euskararekin eta hemengo antzinako ohiturekin batean, ala errege espainiarrek egindako kontzesio eta pribilegioak, behiala emanak bezala edozein momentutan ezabatuak izan zitezkeenak boterea bere esku zuenaren aldetik?

Zenbat liburu idatzi diren horretaz! Joxe Azurmendik bere azken liburuan –Pentsamenduaren historia Euskal Herrian–, hogei orrialde eskasetan (353-370), ideia argiak eman ditu afera horretaz, eta, jakina, burua foruen garaiko tirabiretatik egungo egoera politikora hegaldatzen da natural-natural, orrialde horiek irakurri ahala.

"Arrazoi osoa du Azurmendik hitz hauek idaztean: “Beti planteamolde eta kontzeptu espainoletara otzanduak, foruzaleok ez independentzia foralaren eta ez Euskal Herriaren naziotasunaren planteamendu propio bati eutsi diote garbi"

1802an jada Bizkaiko Batzarrak foruen aurkako erasoa salatzen zuen: asko izan dira Madrilgo gortean idatzi diren paper eta libelo beltzaileak foruen aurka, eta zaila eta arriskutsua ere ba omen zen Madrilen foruak defendatzea. Fase horretan, Aranguren Sobrado, Novia de Salcedo, Zamakola, etab. saiatu ziren alferrik. Benetako arazoa zein zen? Humboldtek goiz asko igarri zuen bezala, estatu eredua zegoela jokoan: zentralizatu uniformizatzailea ala egiazki liberala? Espainiako estatu eredua antiliberala izan da haste beretik (354 or.).

1839ko abuztuan, Maroto jeneral karlistak eta Espartero liberalak Bergarako Itun famatua lotu zuten, berriz ere foruak gordeko ziren promesarekin: foruak baieztatzen dira; baina, 2. artikuluak foruen ezinbesteko aldakuntzak ezartzen zituen Monarkiaren batasun konstituzionala ez eragozteko, eta horiek Espainiako Gobernuaren esku gelditzen ziren, eta onenean euskal probintziak eta Nafarroa “entzunak” izango ziren. Baina nola izango ziren “entzunak” ere Gobernuak erabakiko zuen, Sanchezek autonomietako lehendakariekin egindako bideokonferentzietan bezalatsu, arrakala teknologikoa gorabehera.

Uste izatekoa den bezala, foruak emandako edo lagatako pribilegioak zirela defendatzeko garaian espainiar asko nabarmendu ziren, baina foruak aldezten? V. Olano, J.F. Barroeta Aldamar, R. Ortiz de Zarate, P. Egaña eta batez ere M.B. Moraza gasteiztarra gailendu ziren. V. Olanok 1840an, estatu eredu frantsesari eredu ingelesa kontrajarri zion. Iragana begirunez jaso eta ezberdintasunak onartuz gero, aise elkartzea egongo zen foruak eta batasun konstituzionala. P. Egañak zioen batasun konstituzionala ezin zela uniformetasun konstituzionalarekin nahasi, eta bere arrazoi funtsezko bat foruen alde egiteko zen euskal gizarteari egonkortasuna eman izan ziola mende luzeetan, eta nola “nacionalidad” (nazionalitatea) aipatu zuen hori argudiatzean, garbi utzi beharra zeritzon, espainiarrik ez asaldatzeko: “Al hablar en la época y momento en que he hablado de nacionalidad, este senador conocerá muy bien que, siendo aquellas provincias parte de España, no había de hablar de una nacionalidad distinta de la española. Pero como dentro de esta gran nacionalidad hay una organización especial que vive dentro de ella con su vida aparte, por eso usaba la palabra nacionalidad al hablar de las provincias vascas” (Nazionalitateaz mintzatu naizen garai eta uneagatik senatari honek ongi ezagutuko du ezen probintzia haiek Espainiaren parte izanik, ez nintzela espainiarra ez den nazionaliateaz mintzatuko. Baina nola nazionalitate handi honen barruan badagoen antolamendu berezi bat, haren barnean bere bizitza bereizia daramana, horregatik nerabilen nazionalitatea hitza euskal probintziez mintzatzean) (362 or.).

Arrazoi osoa du Azurmendik hitz hauek idaztean: “Beti planteamolde eta kontzeptu espainoletara otzanduak, foruzaleok ez independentzia foralaren eta ez Euskal Herriaren naziotasunaren planteamendu propio bati eutsi diote garbi, liberalismo zentralistari postura irmo batetik buru egiteko” (363 or.).

Gorago esan bezala, foruzale handiena segur aski Mateo Benigno Moraza (1817-1878) izan da. Saiatu zen Moraza azaltzen foruak, legean eta praktikan, askatasunaren babesle eta demokratikoak zirela, esaterako, tortura gaitzesten zutenez gero, Espainian arrunta zen garaietan. Eta ez zirela pribilegioak, baizik eta itun bidezkoak; baina hark ere diputatu batek baieztaturik irmo euskaldunek sekula ez dutela ezer egin Espainiaren alde, zertarako egin behar zuten Espainiaren alde erantzun beharrean, non adierazi zuen Euskal Herria nabarmenki monarkikoa eta nabarmenki espainola zela eta “el gran españolismo de mis paisanos” goretsi zuen. Espainolismorik sutsuena eta independentismo foral kartsuena ez zituzten elkarrekin muturka sentitzen. Espainolek bai, ordea. Eta kontzertu ekonomikoa foruen hondar bat zen.

XIX. mendetik egunotara etorrita, Urkulluk burujabetza partekatua laudatzen duenean, Espainiako 78ko Konstituzioa espainolek bezain ondo edo hobeki betetzea ulertzen dugu euskaldunok, horren froga argiak ikusiak baikara azken urteotan. Eta aldi berean, espainolen aldetik komenientzia, interesa edo premia politikoa ikusten dugu, eskumenen bat “onartzean” edo “lagapena egitean”. Eta aldi berean kulturalki eta linguistikoki gero eta asimilatuagoak, gero eta espainolagoak gaude denok ere, pentsamenduan eta praktikan, delako nazio foraletik ezin askaturik. Badugu garaia euskaldun gisa desagertu baino lehen politikoki eta kultural-linguistikoki benetan burujabetzarako bideari ekiteko, badugunez!

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude