Fagorren krisiak ez du auzitan jarri kooperatiba eredua, hainbat adituren iritziz

  • Mondragon taldeko eta beste hainbat kooperatibatako arduradunengana jo du Berria egunkariak kooperatibismoaren ereduaz hausnartzeko. Egin dituzten balorazioen hautaketa duzue jarraian.


2013ko urriaren 29an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Fagorreko langileak protestan. Argazkia: Argazki Press / Raul Bogajo

Jon Agirre, Ampoko lehendakaria:

“Fagorren aurretik zenbat eta zenbat SA eta SL erori dira azken urteetan? Nik ez dut entzun zalantzan jarri direnik egitura juridiko horiek”.

“Sarri zaila da talde bati esfortzu hori egin beharra transmititzea, negozioa inoiz baino hobeto doala dakienean. Gakoa, ordea, ez da gaur ondo joatea, epe ertainera eta luzera ere begiratu behar da. Erosotasunean erortzea kutsadura bat izan da kooperatiba guztietan”.

“Azken urteetan ez dira kooperatiba asko sortu. Ados. Baina kooperatiba ez diren enpresetan, CAFen adibidez, euren eredua izan da partaidetza langileei saltzea eta langileak inplikatzea, gardentasuna handitzea... Geroz eta gehiago goaz kooperaziogintzarantz, eta geroz eta gehiago joan beharko dugu”.

Koldo Saratxaga Ner Groupeko sustatzaile eta kooperatibista:

“Zelan izango da galga kooperatibismoa? Solidaritatea galga bat da? Etika galga bat da? Gardentasuna galga bat da? Komunikazioa ere bai? Pentsa dezagun horri buruz”.

“Kooperatibismoa da galga ala kooperatibek mugimendu kooperatibista izateari utzi diote?”.

“Gertatzen ari denaren aurrean buelta eman behar zaio tortillari, gehiago sakondu antolaketa horizontalagoetan. (…) Hori ez egiteak begira zer zoramenera garamatzan, kooperatibako jabeak manifestazioak egiten ari dira. Manifestazioak zeinen kontra? Hain da jabeek duten urruntasuna, jada ez direla jabe ere sentitzen, eta manifestazioak antolatzen dituztela 'hemen zer gertatzen da?' esateko”.

Lanki ikertegia:

“Diagnostiko partekatua da proiektuaren dimentsio sozialagoak arreta galdu eta dimentsio ekonomikoetara labaindu dela Arrasateko kooperatibagintza”.

Aldaketaren arrazoien zerrenda: “Gizartearen desideologizazioa eta indibidualizazioa, eszenatoki globalaren eta konplexuaren urgentziek ikuspegi sozialetarako tarteak txikitzea, enpresa handi eta konplexuak bilakatu izana, distantzia handiagoa arduradunen eta bazkideen artean, ongizate estatuaren eta publikotasunaren hedapenak komunitate logiken eta iniziatiba sozialaren espazioak ahitu izana”.

Iñigo Iñurrategi Mondragon taldeko Heziketa Kooperatiboko arduraduna:

“2006ko ponentzian onartu zen bazegoela nortasun krisi bat. Enpresak ondo zihoazen arren, zalantza zen ea kolektiboan zenbateraino zegoen barneratuta kooperatibismoa zertarako den. Zentzu horretan azken urteetan inoiz baino lan gehiago egin da: 9.000 lagunek parte hartu dute prestakuntza saioetan”.

Ainara Udaondo Lankiko arduraduna:

“Zaila da aldi berean jabe eta behargin izatea. Erabakimena ondo dago, baina erantzunkidetasuna ere badakar”.

Gorka Herranz Irizarreko presidentea:

“Irizarren hazten ari gara krisi urteetan ere, eta beraz, uste dut gobernantza eredua ez dela oztopoa. Guk eredu demokratikoa eta parte hartzailea daukagu, kooperatibismoaren esentzia”.

“Beti transmititzen diogu jendeari gehienok sozio izanagatik ezin garela erosotasunetan erori. Hau etengabeko erronka da”.

Adrian Zelaia Ekai Centerreko presidentea:

“Nik uste dut ez dela momentua komentario horiek egiteko. Justu momentu honetan enpresa guztiak atzera egiten ari direnean inbertsio estrategiko horietan guztietan, gehienak pasatu egin direlako garai batean finantzaketa errazegia izan zutelako. Fagor Etxetresnen kasuan, esan daiteke kontrakoa, gehiegi egokitu zela nazioarteko merkatura: gehiegi, eta egindako estrategietan asmatu barik”.

“Seguruenik euskal kooperatibismoan lortu den aurrerapen oso inportante bat izan da erabaki horiek, neurri batean, talde moduan prozesatzea. Horri esker beste leku batzuetan ez dagoen egonkortasun instituzional bat lortu da hemen”.

“Oro har, kooperatibek jarrera hobea dute krisialdiei aurre egiteko: jarduera mantentzeko esfortzu eta ahalegin handiagoak egiten dituzte. Ekonomia errealari eusteko tresna interesgarriak izaten dira. Baina, aldi berean, esan behar da, oro har, kooperatibismoak ez duela indar berdina izaten garai eta urte hedatzaileetan. Ez dira hazten besteak hazten diren neurri berdinean”.

La Marea hedabidea:

“Kritika gogor hori [El Paísen editorialak egindakoa] gezurtatzen duen datua ez da esan: kooperatibek beste enpresek baino hobeto egiten diote aurre krisiari. 2012ko laugarren hiruhilekoan enplegua %6,8 gehitu zuten, aurreko garai berarekin alderatuz. [Espainiako Estatuko] Enplegu Ministerioaren arabera, urtearen amaieran 286.912 langile zituzten”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Fagor
Aritz Ameztegi, 'Debagoiena 2030'
“Inpaktua bada eskualdean bilatzen duguna, udal eta eragile guztiei entzun behar zaie lehenik”

Beterri Saretuz eraldaketa egitasmoak gonbidatuta, Debagoiena 2030 sareko Aritz Ameztegik hitzaldia eman du Andoainen asteazkenean. Eskualde batean eraldaketa lortzeko nola eragin litekeen gako batzuk eskaini ditu.


2020-07-14 | ARGIA
Amiantoak langile bati eragindako kalte handia berretsi du epaitegiak eta ez du onartu Fagor Ederlanen helegitea

Biriketako minbizian eta %95eko ezgaitasunean amiantoak izandako eragina onartu zion Gizarte Segurantzak langile bati, baina helegitea jarri zuen Fagor Ederlan enpresak. Donostiako epaitegi batek ez du helegitea onartu eta amiantoaren biktimen elkarteak enpresari eskatu dio... [+]


Fagor auzian, Mondragon absolbitu du Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak

Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak Mondragon absolbitu du Bergarako epaitegiak 2018ko uztailean emandako epaia berretsiz eta preskripzioan oinarrituz erabakia. Ordainduk eta Eskuratuk salatutako engainurik ez zela egon ebatzi du. Mondragon epaiarekin "pozik" azaldu da;... [+]


2018-06-03 | Juan Mari Arregi
Arizmendiarrietatik Fagor eta Eroskira

Herritarrek aukera izan dute dokumental baten bidez Jose Maria Arizmendiarrietaren bizitza eta lana ezagutzeko: Arizmendiarrieta, gizon kooperatiboa.


2018-05-10 | Goiena
Fagorreko borondatezko ekarpenen auzia, epaia emateko prest

Ordaindu eta Eskuratu elkarteen eta Mondragon Korporazioaren arteko epaiketako ahozko bistaren azken eguna izan da gaurkoa. Bi aldeetako abokatuek ondorioak aurkeztu dituzte epailearen aurrean, eta lau egunak nola joan diren ikusita, esan daiteke demandatzaileen aldeko ebazpen... [+]


Eguneraketa berriak daude