Eztabaida publiko falta, eta euskara


2023ko otsailaren 24an - 10:54

Gertakarien kontaketari ekin aurretik, argi utzi nahi dut orain jorratuko dudan hizkuntza gaiaz gain, hondoko gaia eztabaida publikoren falta dela, bai pandemian gertatutakoagatik, bai interes ekonomikoan garrantzitsuak diren beste kasu batzuengatik; adibidez, Donostiako metroa, Zubietako erraustegia, abiadura handiko trena, etab.

Duela hilabete, nindoan goizeko 06:30ean Errenteriarako trenean, eta segurtasuneko polizia bikote bat hurbildu zitzaidan eta maskara janzteko eskatu zidaten, gaztelaniaz. Nik badakit Konstituzioak eta Autonomia Estatutuak hizkuntza aukeratzeko askatasuna bermatzen dutela. Euskaraz erantzun nion maskara ez janzteko baimena nuela. Haiek ulertzen ez zutela konturatu nintzenean, gaztelaniaz erantzun behar izan nien. Horrek haserretu egin ninduen, berriro ere nire eskubideak urratzen ari zirelako. Aurreko astean gauza bera gertatu zitzaidan Eusko Trenen, eta hilabete batzuk lehenago, Iruran gelditu ninduen Ertzaintzaren patruilak esan zidan euskaraz artatu nahi banuen itxaron egin behar nuela, eta horri ezetz esan nion. Izan ere, lehenago, euskaraz ere ez zekien Ertzaintzaren beste patruila batek 20 minutuz atxiki ninduen Orion, zekitenak iritsi ziren arte.

Ordurako neraman haserrearekin, treneko segurtasun-poliziei erantzun nien honek Extremadura zirudiela, Murtzia edo Toledo esan niezaiekeen bezala, hizkuntzaren esparruan behin eta berriz urratu zizkidatelako kexa bat besterik ez baitzen. Edonola ere, esandakoa batentzat iraingarria izan bazen barkamena eskatzen dut. Kontakizunarekin jarraituz, esan beharra dago Lezo Errenteria geltokiko nasan zazpi ertzain neuzkala zain. Nire ondoan jarri zen ertzainari trenean gertatutakoa azaltzen saiatu nintzen, jasandako eskubideen urraketa azpimarratuz. Ildo horretan, gure eskubideak babesteko agente gisa, berriro gerta ez zedin hartu behar ziren neurriei buruz galdetu nion. Berak erantzun zidan langile horiek kontratatzen dituen segurtasun-enpresarekin harremanetan jartzeko, eta nire harridurarako, nire identifikazioa eskatu zidan. Argi dago nik ez dudala zertan enpresa horrekin harremanetan jarri, herritar gisa ditudan betebeharrak betetzen baititut, eta horregatik uste dut nire eskubideak errespetatzea eskatu behar dudala. Identifikatuta izan ondoren, eta karneta berak niri itzultzean, ertzainak esan zidan arrazoi nuela esaten ari nintzen gauzetan, eta nik neure buruari galdetzen diot: Arrazoia edukitzeak zertarako balio du nire oinarrizko eskubideak errespetatzen ez badira?

Bestalde, jakin dut Eusko Jaurlaritzak errekurritu egin zuela Udaltzaingoaren lan-poltsan sartu nahi zuten hizkuntza-eskakizunik gabeko zazpi pertsonak jarritako errekurtsoa baietsi zuen epaile batek emandako epaia. Hemen kontatutakoaren ondoren eta Eusko Jaurlaritzaren koherentzia falta ikusirik, ez daukat argi zergatik aurkeztu duen errekurtsoa. Halere, Eusko Jaurlaritzak behintzat hizkuntzaren arloan sinesgarritasunean irabazi nahi badu badaki zer egin behar duen.

Patxi Aznar Bellido

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude