Uda honetan pairatu ditugun bero-uhinen eta lehortearen eraginek agian klima aldaketaren ohartzean jauzi bat bultzatuko dute gizarte mailan, azkenean “dakiguna sinetsi dezagun”, Jean-Pierre Dupuyk zioen bezala. Baina jauzi hori, zain ditugun bilakaerei aurre egiteko, aski handia ote da?
Duela bortz hilabete, Apirilean, Berria egunkarian atera zen artikulu bat nahiko oharkabean pasatu zen, batez ere hemen Ipar Euskal Herrian, Frantziako presidente-hauteskundeen erdian. Artikulu hartan Iñaki Petxarromanek deskribatzen zuen nolako egoera klimatikoa izanen dugun Euskal Herrian, mundu mailan gradu bat eta erdiko beroketa izanik, edo hiru graduko beroketaren hipotesia jarraituz.
Deskribapen horiek irakurtzean gogora etorri zitzaidan lehen gauza: ez gara ohartzen. Zinez. Ez gara ohartzen nolako aldaketak ditugun zain, gure lurraldean, Euskal Herriko etxalde, oihan, mendi eta kostaldean.
Gogorra izan zitzaidan adibidez ohartzea haritzak eta pagoak, hemendik hamarkada gutiren buruan, orain dauden toki gehienetan ezinen dutela biziraun. Aralar edo Irati, edo nire txokotik hurbilago den Biriatuko Faalegi mendia, bere ipar malda pagoz estalia duena, gaurko haurrek ez dute itxura berdinarekin ikusiko 50 urte izanen dituztelarik, hainbat uda lehor eta hainbat 40 gradu eta gehiagoko arratsalde latzak pairatuz gero. Eta nire baratzean urte guztiz hamarnaka ernamuintzen diren ezkurrak, ekoitzi dituen 80 urteko haritza bezainbertze ez dira handituko.
Pentsa dezakegu oihanak ez direla lehen premiazkoak ura edota elikadurarekin alderatuz, ez baitira hain zuzenki “funtzionalak”. Baina haritza eta pagoa, gure betiko zuhaitzak, historiaurretik gure mendietan bizi izan direnak, gure lurraldean haien historiaren bukaerara iritsiko direla bilakaera izugarri baten seinalea da. Hortaz ez gara aski ohartzen eta, adibidez, Larrun mendian dauden pinudi zahar eta erien ordez nahi dute birlandatu tokiko zuhaitzez, horietarik gehienbat pagoa eta urkia, uda epelak nahiago dituztenak eta udan ur ainitz behar dutenak. Oso hautu egokia Larrun mendian landatzeko, baldin eta 1920an bagina, baina ez gaur. Orain arte tokikoa izan denaren zati handi bat ez da gehiago tokikoa izanen, eta hortaz ez gara oraino ongi ohartu.
Aldakortasuna, jet-stream haizea, eta gu
Iñaki Petxarromanek esplikatzen zigun ere nola klima zonalde ezberdinak iparrera mugituko diren. GIEC edo IPCCko A1FI hipotesia jarraituz gero, hots mendearen bukaeran 5?C-ko beroketa lortuz gero, 2060ko hamarkadan klima ozeanikoa guztiz desagertuko da Euskal Herritik, eta horren ordez klima Mediterraneoa genuke batez ere Bizkaia aldera eta Landetan, eta bien artean (Gipuzkoa, Nafarroaren iparraldea edo Lapurdi) subtropikala.
Baina hitz horiekin ez dezagun irudikatu zain ditugun eguraldiak gaurko Grezian edo Uruguain bezalakoak izanen direnik: tenperaturen eta eurien distribuzioa oso ezberdina izanen da, muturreko gertaera gehiagorekin. Azpiko adibide grafikoen artean, bi gradu gehiago baina distribuzio bera izan baino –(a) kasua litzatekeena– aldakortasuna handituko da –(b) kasua– eta baliteke ere distribuzioaren simetria aldatzea, tenperaturari dagokionez bero handiko egunen proportzioa gehiago handituz –(c) kasuak erakusten duena–. 2020ko uztailak edo aurtengo udak azken kasu horren adibide konkretuak dira. Euriari dagokionez ere, muturreko egoerak maizago ikusiko ditugu: lehorte gero eta luzeagoak, eta eurite gero eta trinko eta luzeagoak ere, lurra asfixiatuz eta uholdeak ohizkoak bilakatuz.
Hau dena aski zaila ez balitz, gure latitudeetan klima aldaketaren bertze eragin garrantzitsu bat dugu, jet-stream haizearen ibilbidearen lausotze kaotikoa. Jet-stream garaiera handiko (7000m inguru) haize bat da, 60?N latitudean inguruan ufatzen duena, hots, Eskoziako iparrean edo Norvegiako Bergen hiriko latitudean. Baina ez da ibiltzen lerro zuzenean, eta bihurguneak egiten ditu iparrera edo hegora.
Gaur klima aldaketarekin bihurgune horiek zabaltzen direla, hots haize korrontea mugitzen dela batzuetan lehen baino iparrerago, edo batzuetan lehen baino hegorago. Mozkor baten ibilbidea bezala, gehiago mozkortzen delarik. Iparrera lerratzen denean, ezohizko bero egiten du, aire tropikala xurgatua baita iparrera, eta hegora lerratzen denean kontrakoa, iparreko aire hotza heldu zaigu, azpiko mapan erakutsi bezala. Eta noski, bihurgune horiek tokiz mugitzen dira, ez dira gelditzen sasoi osoa toki berean. Horrela izaten ahal dugu 27?C arratsaldez martxoaren bukaeran, eta jet-stream hori berriz hegora lerratuz gero, izozteak aste bat berantago. Edo, udan, Saharako airea xurgatuz, aste batetik bertzera 22?Ctik 42?Cra pasa. Erran gabe doa horrelako baldintzetan laborantza zailagoa bilakatzen dela. Izozte berantiarrekin kalte handiak egin fruitu arboletan, mahastietan, edota ernamuindu berri diren betarraua, eguzki-lorea edo patatan. Udan ere bero kolpeek gogor zanpatzen dituzte artoa (polinizazioa kaltetuz), barazki eta fruitu guziak, eta bazkarako belarra. Eta hori, Euskal Herrian gure elikaduraren %15 inguru baizik ez dugula ekoizten. Burujabetza lortzeko bada bidea oraindik, eta bidea zailtzen doa. Arazoaren hasieran baizik ez gaude.
Aitzindu beharra
Klima aldaketaren hautematea bere ondorio horien araberakoa balitz, egunero hedabide nagusien titularrak elikatuko lituzke. Baina ez gara ohartzen. Euskal Herrian, bereziki, estatu gabeko herri txikia izateagatik beharbada, gehiago ikusten gaitut1 gure iraganean interesatuak, izan iraganean bilatzen dugularik gure gaurko kemena elikatzeko mamia, edo gure herri nortasuna justifikatzeko argudioak.
Amaiurreko guduaren bosgarren mendeurrena edo Elkanoren lehen mundu-itzuliarena (joan den hilabetean Peio Etcheverry-Aintchartek ongi azaldu bezala), gure hizkuntzaren historiaz, edo joan den mendeko estrategia politikoen eta beren albo-kalteen inguruko eztabaida bukaezinak.
Halere, duela guti Jon Maiak zioen bezala, iraganari egin diezaiokegun omenaldirik ederrena etorkizun bat bermatzea da, segida bat ematea historiari.
Horretarako bidea zailtzen badoa ere, burujabetza materialari dagokionez oraindik bada tartea zerbait egiteko, eta egitekorik ez zaigu eskas. Maite ditugun gure bazterrek biziraun behar dute, gure laborantzak eta nortasunak biziraun behar duten bezala, klima gogortzen bada ere. Horretarako ulertu behar dugu biharko klima nolakoa izanen den.
Pagoa eta urkia Larrunen baino hobe egonen dira Norvegian, eta gure mendietan aldiz ametza, gaztaina, artelatza, gurbitza, erkametza gehiago landatu beharko genituzke.
Artoaren ordez Iparraldean neguko zituak (garia, oloa, zekalea) edota sorgoa hazi, lurzoruan karbono eta hezetasun gehiago gordetzeko lan moldeak garatu, eta gure laborantza-historia aberatsaren iturritik edan, Jakes Casaubon irakaslearen obratik ikasiz.
Abiapuntua argi izan behar da: eguraldi gogorra normaltasun berria dugu, gauzak ez dira lehen bezain errazak, baina ez da berantegi funtsezko aldaketak egiteko.
(1) Badakit aditz tankera hau ez dela ofizialki onartua baina ”gure burua” ikusten dudanik ez nuen idatzi nahi, hain zuzen arazo honi begira gure burua non dagoen ez baitut hain argi ikusten.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.
Agerraldia deitu zuen Laudioko mugimendu feministak igandean, Odoloste eguneko goizaldean Txosnagunean gertatutakoa salatzeko.
Donostia arpilatua, bortxatua eta propio erreta Espainiako independentziaren alde 1813ko abuztuaren 31n.
1808an Napoleon enperadoreak Baionan bildu zituen elkarren aurka borrokatzen ari ziren Espainiako errege aita-seme borboiak, Carlos IV.a eta Fernando VII.a, biek nahi... [+]
Sarriegi jokatzen dugu erreaktiboki Euskal Herrian eta Euskalgintzan. Albiste bat, elkarrizketa bat, epai bat, eraso bat. Ondoren, erantzuna. Tamalez, berriro ere inertzia berak nakar Ander Gurrutxagaren elkarrizketa euskarafoboa aztertzera. Gustura gelditu zen, tartean zera... [+]
Igande arratsaldean irten da Bartzelonako portutik Palestinaren aldeko inoizko ontzidirik handiena: 30 itsasontzi inguru eta 300 bat ekintzaile, Gaza helburu, blokeoa apurtu eta genozidioa salatzeko. Bidean ontzi gehiago batuko zaizkie Mediterraneoko hainbat portutatik. Gauean... [+]
AEBetan, Apelazio Auzitegiak Donald Trump presidenteak ezarritako muga zerga gehienak bertan behera utzi ditu. Dena den, ez ditu urriaren 14ra arte indargabetuko, eta bitartean, ia segurua da Trumpek helegitea jarriko duela. Presidenteak uste du Auzitegi Gorenak arrazoia emango... [+]
Fitxa: Musika Hamabostaldia. Kursaal Zikloa. Gewandhausorchester Leipzig.
Zuzendaria: Andris Nelsons. Donostiako Orfeoia.
Koru zuzendaria: Esteban Urzelai.
Bakarlariak: Julia Kleiter (sopranoa), Christian Gerhaher (baritonoa).
Egitaraua: Mendelssohn eta Brahmsen lanak.
Euskararen (euskaldunon) aurkako oldarraldiak ertz ugari ditu; horietako bat fronte mediatikoa da, Voxento taldea buru eta PSOE-CCOO-UGTko kide ezagunak ekintzaile nagusi. Sarri eskaintzen digute idatziren bat, barnera dezagun Euskal Herriko hizkuntza ofizialetatik zein diren... [+]
Hamar minutu igaro dira lur hartu dugunetik. Bizkaiko kostatik sartu, Leioa gainetik igaro eta gurpilek ordeztu dituzte hegalak Loiun. Bosteko ilaretan irten behar omen da hegazkinetik eta gu hogeita zazpigarrenean gaude zain. Estatubatuarren ikerlanek diote istripu bat egonez... [+]
Eraberrituta dator Laba. Egoitza handiagoak ostalaritza eskaintza zein kultur ekitaldiak baldintza hobeagoetan ematea ahalbidetuko du.
Historikoki, artzaintzari eta abeltzaintzari guztiz lotuta egon den bailara da Erronkaribarrekoa, baina azken hamarkadetan nabarmen eraldatu da eta turismoa bihurtu da jarduera nagusia. “Ekonomia horrela aldatu da, eta hamarkadaz hamarkada ardi, behi eta behor kopurua... [+]
Ez naiz aparretsia, orraztearen aparretsia, ezta gutxiagorik ere. Baina ikasturte berriari ekiteko, zer den ez den, lakarra zuzen-zuzen ederki asko eginda nator zuregana.
Bizitza azkar pasatzen dela entzun eta esaten dugu maiz. Hala ere, gizakiok urte dezenteko bizi-itxaropena daukagu. Hainbat urte izan ohi ditugu ongi garatu, bizi eta ugaltzeko. Badira, ordea, hori guztia denbora askoz ere laburragoan egin behar duten gu bezalako ugaztunak:... [+]
Odolustea uztailaren 10ean hasi zen. Hamar buru hil zaizkigu harrezkero: hazarkume bat, ahari bat eta zortzi ardi. Odol analisiek baieztatu dute mingain urdinaren gaitzaren ondoriozko heriotzak izan direla denak ere.