Euskarazko lehen soinuak

  • Hurrengo lerroetan, fonografoaren sorreratik Lehenengo Mundu Gerrara bitarteko aldian Euskal Herrian nahiz Euskal Herritik kanpo egindako euskarazko grabazioez eta euskal folklorearen grabazio musikalez jardungo dut; alegia, 1877tik 1917ra bitartekoez. Bidean desagertu diren grabazioak aipatu gabe utziko ditut, arreta gaur egun ditugunetan jarriz.


2015eko abenduaren 22an - 20:07
Honela egiten zituzten grabazioak preso eremuetan. Euskaldunen ahotsak ere antzera grabatuko zituzten seguraski.
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

1877an, Thomas A. Edisonek fonografo zilindrikoa asmatu zuen, eta Parisko 1889ko Erakusketa Unibertsalaz baliatu zen fonografoa gizartearen aurrean aurkezteko. 1890ean, lehenengo zilindro komertzialak jarri zituzten salgai.

1897-98 urteetan (urtea ez dago zehazterik: El Noticiero Bilbaíno egunkariak 1898ko abuztuaren 1eko alean jakinarazi zuen Viuda Ablanedo e Hijo dendan “zilindro inprimatuen bilduma oparoa eta askotarikoa” saltzen zela, baina ez zuen aipatzen noizkoak ziren zilindro haiek), bi etxek grabazioak ekoitzi zituzten (batetik, Centro Fonográfico Universal, almacén de pianos Enrique García; eta bestetik, Viuda de Ablanedo e hijo), eta grabazio haietako batzuk euskarazkoak dira. Ybarra familiak, zilindro haiek banan-banan erosiz, argizarizko zilindroen bilduma bat osatu zuen. 1996an, Eresbilek Ybarra familiaren zilindro-bilduma jaso zuen. Bizkaiko Foru Aldundiak du funts horren jabetza. Grabazio haien digitalizazio-lana 2014ko udan egin zuten, Eresbilen. Jatorrizko inbentarioan, 634 zilindroak agertzen ziren, baina bidean 83 galdu ziren; beraz, Eresbil artxibora 551 zilindrorekin iritsi zen Ybarra familiaren bilduma; haietatik 186 zilindro digitalizatu ahal izan zituzten; gainerakoak bertan behera utzi zituzten, oso egoera txarrean zeudelako.

Centro Fonográfico Universal, Almacén de pianos Enrique García etxeak euskarazko honako kantu hauek ekoitzi zituen: Veñe reña, Betti-maite - zortzikoa, Goizeko izarra, Euskalduna eta Ume eder bat. Guztietan ere kantari berbera dugu: Arriaga abizeneko gizon bat. Zilindro horiek guztiak digitalizatuta daude, baina haien soinu-kalitatea ez da ona, Eresbilen web-orrian entzun daitekeen bezala.

Viuda de Ablanedo é Hijo etxeak, ordea, euskarazko kantu hauek ekoitzi zituen: Boga boga, Iru dámacho, Agur nere biotzeko, Ai, hori begi, Canciones vascongadas, Itzazu nitaz kupida, Kuku eta Nere etorrera. Aipatutako zilindro horietako batzuk digitalizatu gabe geratu ziren, euskarriak gaizki zeudelako; eta digitalizatu zituztenen soinu-kalitatea ere ez da batere ona.

Telesforo Aranzadiren irrintziak ere entzun daitezke Azoulayren grabazioetan.

1900ean, Parisko Erakusketa Unibertsalean, Léon Azoulay antropologo eta barne-medikuntzako sendagile frantses aljeriarrak euskarazko zenbait grabazio egin zituen, Musée Phonographique museoko funtsak aberasteko asmotan. Kantu hauek grabatu zituen: Donostiako hiru damatxo, Herriyetan batzubek, Maitia, nun zira, Prima Eijerra eta Pello Joxepe. Bibliako bi pasarte hauek ere grabatu zituen: batetik, Joanen Ebanjelioko 20. kapitulua (bi aldiz, baina bigarrenean beste pertsona batek irakurria); eta bestetik, Lukasen Ebanjelioko Seme etxekaltearen parabola. Gainera, Telesforo Aranzadi zientzialari bergararraren hiru irrintzi ere entzun daitezke grabazio haietako batean. Eusko Ikaskuntzak grabazio haiek CD ROM batean kaleratu zituen, 2000. urtean, grabazioen mendeurrenean. Haiexek dira euskara mintzatuaren aurreneko lekukotasun soinudunak.

1905ean, Donostian, Gramophon Company-ko ingeniari bat (seguru asko, Charles Scheuplein) ibili zen horrelako grabazioak egiten. Iritsi zaizkigun datuen arabera, 30 fonograma egin zituzten. Interpreteak hauek izan ziren: Zumarragako txistulari ospetsu Martin Elola, Donostiako Udal Banda eta bi bakarlari (Federico Carasa eta Ignacio Erkizia, Donostiako Orfeoiko kideak). Eresbilen dute grabazio haietatik galdu ez den disko bakarra, Martin Elolaren fandango bat, alegia. Inork ez daki non diren beste diskoak, egin egin zirela ziurtzat jotzen den arren.

Rudolf Trebitsch ikertzaile austriarra.

1913an, Rudolf Trebitsch ikertzaile austriarrak, Euskal Herrira etorrita, euskal hizkuntzaren eta musikaren zenbait grabazio egin zituen. Ekimen hura XX. mendearen lehenengo erdialdeko euskalari europarren mugimenduaren barruan kokatu behar dugu. Garai hartan, euskal gaiekiko interesak sekula ez bezalako indarra hartu zuen Europan, eta zenbait hizkuntzalari eta etnografo euskararekin eta euskal kulturarekin zaletu eta euskal gaiak ikertzen hasi ziren, euskararen berezkotasunak erakarrita. Grabazioei gagozkiela, batez ere ipuinak, kontakizunak, pasadizoak eta kantuak agertzen dira grabazioetan. Aipagarria da grabazio haietan entzun daitekeela, besteak beste, Resurreccion Maria Azkueren ahotsa eta Gernikako arbola kantuaren lehenengo lekukotasun soinuduna. Trebitschen grabazioak bi bildumatan banaturik daude: batetik, Vienako bilduma dago, gehienbat euskal hizkuntzaren grabazioez osatua; eta bestetik, Berlingoa, Trebitschek egindako euskal grabazio musikal gehienak dituena.

1916-17 urteetan, bi alemanek, hain zuzen ere, Georg Schünemann musikariak eta Hermann Urtel erromanistak, grabazioak egin zizkieten Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako bederatzi gerra-presori. Funts hori bi zatitan banatuta dago: batetik, Berlingo Ethnologisches Museum-en dituzten euskarazko 75 bat kantu daude, besteak beste, Gernikako Arbola, Adios izar ederra, Lili bat ikusi dut, Ziburutik Sararat, Amodio ohore, Atharratze jauregian eta Lurraren pean sar nindate; eta bestetik, Berlingo Humboldt Unibertsitateko Soinu Artxiboan dituzten 35 audioak, besteak beste, Maitia non zira, Urtso zuria errazu, Ume eder bat, Eskualdun baten letra mila bederatzi ehun eta hamazazpian, Seme etxekaltearen alegia, Buhamen feidak, Beskoitzeko festa eta Altzayko dragona.

Euskaldunon eskura noiz?

Jende ugari ibili da, denbora luzez, soinu-dokumentu haiek Euskal Herriratzeko ahaleginetan. Hainbat ikertzailek izan dute grabaziootara iristea, bai eta, zenbait kasutan, entzutea eta aztertzea ere, baina kasu gehienetan ezin izan dituzte lortu artxiboei zabalkundea emateko behar diren baimenak. Zergatik ote? Disko horiek gordetzen dituzten agiritegiek eta museoek dituztelako haien egile-eskubideak. Berez zaindari besterik izan behar ez zutenek, legezko trikimailu bat erabiliz, beren burua egile izendatu dute, hots, ondasunaren jabe. Sekula halakorik! Antzinako zenbait euskalduni (kasu askotan, gogoz kontra) eginarazitako grabazioak zabaltzeko baimena lortzeko egin diren saialdi guztiak luzamendu etsigarritan katramilatu dituzte; zenbaitetan, dirua ere eskatu dute. Vienako Phonogrammarchiv artxiboak eta Berlingo Ethnologisches Museum museoak eragin dute arlo horretan bizi dugun egoera aldrebesa; horiexek atera nahi diete etekina gure arbasoen grabazioei. Humboldt Unibertsitateak ere baditu euskal grabazio-funtsak, baina ez dakigu zer jarrera duen auzi honetan.

Soinu grabatuak denon eskura jartzea eragozten duten politika horiek salatzeko, 2014ko maiatzaren 15etik ekainaren 21era bitartean, Xabier Erkizia hots-adituak soinu-instalazio bat jarri zuen entzungai Koldo Mitxelena kulturunean, Biblioteka eta Jakintza erakusketaren barruan. Soinu-instalazioaren izena: The politics of recorded sound-Soinu grabatuen politikak. Ez da ekimen bakarra izan ordea: oraindik orain Edu Lartzanguren kazetariak ildo bereko artikulu bat argitaratu du Berria egunkarian; artikuluaren izenburua nahiko adierazgarria da: “Gatibuen kantu presoak”. Nahaspila gaiztoa dirudien honek, ordea, konponbide erraza du baldin eta administrazio publikoek horretarako borondatea badute. Nahikoa litzateke administrazio publikoren batek euskal grabazio zahar guztiak eskuratzeko konpromisoa hartu eta horretarako behar diren bitartekoak jarriko balitu; euskal grabazioen atzerriko “kartzela” haietako zaindari horiek berehala amore emango lukete euskal txin-txinak adituta.

Beheragoko zerrendan, grabazio zaharren gaineko hainbat datu eta esteka ematen ditut, administrazio publikoek erraztasun guztiak izan ditzaten euskal kulturaren harribitxi horiek behingoz bildu eta euskaldun guztion eskura jartzeko. Euskal grabazio zaharrak Euskal Herrira ekarri behar direlako, eta gure arbasoek, gramofono aurrean –zenbait kasutan, preso zirela– hitz egin edota kantatu zuten haiek, horrenbeste merezi dutelako. Dagokionak har beza euskal kulturaren plaza honetan paratu dudan gonbidapen, iradokizun, erronka edo dena delako hau, denok euskal grabazio zahar guztiez behingoz gozatzeko aukera izan dezagun.

Grabazio zaharren zerrenda

1) Centro Fonográfico Universal, almacén de pianos Enrique García eta Viuda de Ablanedo e hijo etxeen zilindroak.

Urtea: 1897-98

Grabazioen egilea: Centro Fonográfico Universal, almacén de pianos Enrique García eta Viuda de Ablanedo e hijo etxeak

Non egin ziren: Bilbon

Edukia: Batetik, Veñe reña, Betti-maite - zortzikoa, Goizeko izarra, Euskalduna eta Ume eder bat; eta bestetik, Boga boga, Iru dámacho, Agur nere biotzeko, Ai, hori begi, Canciones vascongadas; Itzazu nitaz kupida; Kuku; eta Nere etorrera.

Informazioa: Eresbilen webgunean.

Non diren zilindroak: Eresbil musika-artxiboan.

Non diren kopiak: Kopia digitalizatuak daude Eresbilen; wav artxiboak dira.

Argitalpen-egoera: Ez daude argitaratuta, baina bai batzuk sarean.

 

2) Léon Azoulay-ren zilindroak

Urtea: 1900

Grabazioen egilea: Léon Azoulay

Non egin ziren: Parisen

Edukia: kantuak eta Bibliako pasarteak

Informazioa: Idazten.com webgunean.

Non diren zilindroak: Université Paris Ouest Nanterre La Défense-n [1]

Non diren kopiak (entzuteko, baina ez kopiarik egiteko): Jatorrizko zilindroak Parisen daude; kopiarik ez dago entzuteko.

Argitalpen egoera: Eusko Ikaskuntzak CD bat [2] kaleratu zuen grabazio horiekin, baina gaur egun agortuta dago edizioa

 

3) Gramophon Companyko ingeniari batek egindako disko bat

Urtea: 1905

Grabazioen egilea: Gramophon Companyko ingeniari bat

Non egin ziren: Donostian

Edukia: Eusebio Basurkoren fandango bat, Zumarragako musikari Martin Elolak interpretatua

Informazioa: Eresbilen webgunean.

Non diren zilindroak: Eresbil musika-artxiboan.

Non diren kopiak: Kopia master bat dago, wav artxiboen formatua duena. Eresbilen.

Argitalpen-egoera: Ez dago argitaratuta, baina bai sarean (laster Liburuklik-en [3] ere bai).

 

4) Rudolf Trebitsch-en zilindroak

Urtea: 1913

Grabazioen egilea: Rudolf Trebitsch

Non egin ziren: Euskal Herri osoan

Edukia: kantuak, ipuinak eta pasadizoak

Informazioa: FLV eta Lapurdum.

Non diren zilindroak: ipuinak, pasadizoak eta kantu batzuk Vienako Phonogrammarchiv-en [4]. Bestalde, 14 kantu Berlingo Ethnologisches Museum-en [5] daude

Non diren kopiak (entzuteko, baina ez kopiarik egiteko): Vienako Phonogrammarchiv-ekoak Bilboko Azkue bibliotekan; eta Berlingo Ethnologisches Museum-ekoak Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean

Argitalpen-egoera: Vienako Phonogrammarchiv-ekoak CD batean bilduta daude; Berlingoak bertako Ethnologisches Museum-en digitalizatuta dauzkate, baina ez daude argitaratuta

 

5) Georg Schünemann-en eta Hermann Urtel-en zilindroak

Urtea: 1916-17

Grabazioen egilea: Georg Schünemann eta Hermann Urtel

Non egin ziren: Alemaniako Rottleberod herriko preso-eremuan

Edukia: Kantuak.

Informazioa: Eke.eus eta Iparraldeko Hitza.

Non diren zilindroak: Berlinen, hain zuzen ere, batzuk Berlingo Ethnologisches Museum-en eta beste batzuk Humboldt Unibertsitateko Soinu Artxiboan [6].

Non diren kopiak (entzuteko, baina ez kopiarik egiteko): Euskal Kultur Erakundearen egoitzan (Uztaritze, Lapurdi) kopia bat dute

Argitalpen-egoera: Ethnologisches Museum-en eta Humboldt Unibertsitatean digitalizatuta dauzkate, baina ez daude argitaratuta

 

[1] Parisko Université Paris Ouest Nanterre La Défense: www.crem-cnrs.fr; Gestion et valorisation des archives, Centre de Recherche en Ethnomusicologie; kontaktua: Aude Julien-Da Cruz Lima.

[2] http://www.azkuefundazioa.eus/es/casa-del-euskera/mediateca-y-biblioteca/mediateca/euskarazko-lehen-soinuak

[3] Liburuklik.

[4] Vienako Phonogrammarchiv: http://www.phonogrammarchiv.at/wwwnew/; kontaktua: Herwig Stöger.

[5] Berlingo Ethnologisches Museum: http://www.smb.spk-berlin.de; kontaktua: Dr. Ricarda Kopal.

[6] Humboldt Unibertsitateko Soinu Artxiboa: http://www.lautarchiv.hu-berlin.de/; kontaktua: Sarah Grossert.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Laranja-paperetan marraztutako boikotak

Cervera de la Marenda (Ipar Katalunia), 1906. Herriko emakume garraiatzaileak lan baldintza eskasen aurka altxa ziren. Espainiako eta Frantziako estatuetako trenbideen zabalera desberdinak eraginda, garraiatzaileek Mediterraneoko kostaldetik zetozen zitrikoak tren batzuetatik... [+]


Neandertalen gantz fabrika

Neumark-Nord (Alemania) aztarnategian 50 metro koadroko gune berezia topatu dute adituek, Science Advances aldizkarian adierazi dutenez. Bertan, neandertalek ehizatutako ugaztun handien hezurrak apurtzen zituzten –172 zaldi, orein eta bobidoren hezurrak topatu... [+]


2025-07-09 | Ahotsa.info
Familiek 47 urteko zigorgabetasuna salatu dute Germán Rodriguezen eta Joseba Barandiaranen hilketen ostean

2025ean 40 urte beteko dira Mikel Zabalza hil zutenetik, eta 47 urte Germán Rodríguez eta Joseba Barandiaran hil zituztenetik. Horiek guztiak Estatuko Segurtasun Indarren biktimak dira, eta Sanfermines78 Gogoan elkarteak Espainiako Gobernuari eskatu dio "Estatuaren... [+]


Pandemia zaharrenaren jatorriaz

541. urtean izurriak Bizantziar Inperioa astindu zuen. Historian erregistratutako lehen pandemiatzat jotzen da, eta luzaroan historialariek uste izan dute Afrikako ipar-mendebaldean izan zuela jatorria.

Baina berriki The Journal of Interdisciplinary History aldizkarian... [+]


Langileak vs. makinak

Anstey (Ingalaterra), 1779. Leicesterren kanpoaldeko herriko ehungintza fabrika batean, ugazabak Ned Ludd izeneko aprendizari errieta eta jipoia eman zizkion, ehungailua gaizki erabiltzen ari omen zelako. Haserre, Luddek mailu bat hartu eta bi makina hondatu... [+]


2025-07-09 | Irutxuloko Hitza
‘Atzera begira, Dinamitarekin’, Donostia beste ikuspegi batetik ezagutzeko ibilaldi historikoa

IRUTXULOKO HITZAk eta Dinamita Tour egitasmoak 36ko gerra Donostian nolakoa izan zen eta hiria beste ikuspegi batetik ezagutzeko ibilaldia antolatu dute elkarlanean, uztailaren 21erako. Elkargunea Bretxako Sarriegi plazako estatua izango da, 19:30ean, eta Amararaino joango dira... [+]


Martutenek emandako ihesaldi dantzagarrienak 40 urte

Astelehenean, 40 urte beteko dira Joseba Sarrionandia eta Iñaki Pikabea presoek Martuteneko kartzelatik ihes egitea lortu zutenetik. Egiako pisu batean izan ziren ezkutaturik bi iheslariak, eta oraindik milaka eztarrik abesten dute «kristoren martxa dabil!».


Makillajea, begiak zaintzeko

Kurdistanen, Burdin Aroko Kani Koter hilerriaren indusketa lanetan, nazioarteko arkeologo talde batek, beste hainbat objekturen artean, duela 4.700 urteko zeramikazko ontzi bat aurkitu berri du, barruan substantzia beltz bat zuena.

Sustantzia horri kohl deritzo... [+]


Txinatar xenofobia ala terrorismo zuria?

Guangzhou (Txina) 1925eko ekainaren 23a. 100.000 herritar inguru bildu ziren atzerriko potentzia inperialisten aurkako martxan. Maiatzaren 30ean britainiarrek hainbat manifestari hil zituzten Shangaiko protestaldi batean. Hildakoekiko elkartasunez Guangzhouko langileek greba... [+]


Zirgariak etorbidea: Erandiok itsasadarraren langileei aitortza egingo die kale izen aldaketagaz

Altzagatik itsasadarraren parean doan BI-711 errepidearen Jose Luis Goyoaga etorbidearen izena aldatzeko herritarren parte-hartze prozesuaren ondoren, kale horren izen berria Zirgariak etorbidea izango da.


2025-07-02 | Eli Pagola
Erraketistak
Joko ikusgarria, ibilbide sinesgaitza

1917tik 1980ra erraketalariak profesionalki aritu ziren munduko frontoi ezagunenetan. “Chiquita de Anoeta”, “Arane”, “Emili”, Albisu, “Amparito”, “Chiquita de Aizarna”, “Asteasu”... Hamaika pilotari... [+]


Unibertsitatera sartzeko Historia azterketan datorren ikasturterako iragarri berri dituzten aldaketek kezka eta haserrea piztu dute

Unibertsitatera sartzeko azterketa eredu berria estreinatu eta gutxira, datorren ikasturterako azterketa berriz ere “goitik behera” aldatuko dietela eta probak eskakizun maila altua izango duela salatu du EAEko Historiako irakasle talde batek. Azterketa eredua... [+]


Fermin Leizaolaren mundu interesgarriak

Donostia, 1960. Fermin Leizaola 16 urteko gazteak San Telmo Museoan zegoen Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkaritzara jo zuen, bertako Espeleologia Sailean aritzeko prest.  

Ez zen San Telmora egiten zuen lehen bisita izan; 1975eko ekainean Zeruko Argia-rekin... [+]


Espainiako Kongresuak gobernuari eskatu dio 78ko sanferminetako gertakariak “argitzeko” eta biktimei “aitortza” egiteko

1978ko sanferminetan gertatutako Poliziaren kargak argitzea, horiei buruzko dokumentuak desklasifikatzea eta gertakarietan hildako German Rodriguez biktima gisa aitortzea eskatzen diote Espainiako Gobernuari Kongresuak onarturiko dokumentuaren bidez.


Ey, ey... Turismo kolonialaren bonba lehertu duela Bad Bunnyk

Reggaetonarekin eta antzekoekin, musika estilo bat ez ezik, Puerto Ricok beste ideia bat zabaldu du mundu osora: turistifikazioaren eta iragan kolonialaren artean dagoen lotura estua. Milioika jarraitzaile dituen Bad Bunny artista da mezu horren bozgorailu. Azken diskoan Jorell... [+]


Eguneraketa berriak daude