Sail Ofizialean erakutsiko dira hiru: Maspalomas, Karmele eta Zeru ahoak. Lehia nagusitik kanpo, zuzendari onenaren saria irabazten ahaleginduko da Irati Gorostidi Aro berria pelikularekin. Beste zenbait lan ere aurkitu ahalko dira.
Zinemaldiaren atariko orokorra beste artikulu honetan egin dugu. Dagoeneko iragarri dituzte ordutegiak. Irailaren 14an zabalduko dute leihatila.
Euskarazko ekoizpenekin karga-karga eginda dator udazkena, eta horren adierazle izango da irailaren 19an abiatuko den Donostiako Zinemaldia. Izan ere, hiru pelikula eta telesail bat estreinatuko dira Sail Ofizialean eta zuzendari berrien sailean, eta gero, zine aretoetan. Nahiko segidan helduko dira Hego Euskal Herriko aretoetara, gainera. Eta azaroan, Zinemaldian egongo ez bada ere, Paul Urkijoren lan berria helduko da zinemetara: Gaua.
Maspalomas
Moriarti ekoiztetxeko Jose Mari Goenagak eta Aitor Arregik zuzendu dute pelikula. Jose Ramon Soroiz da protagonista, Vicente, aspalditxo dibortziaturiko 76 urteko gizona. Kanariar irletako Maspalomas herrian bizi izan da azken mende erdian; bertan, armairutik irtenda bizi da han Vicentek. Euskal Herrira itzuli beharko du ustekabean, eta alabak zaharren egoitza batean sartuko du. Vicentek buruhausteak izango ditu mundu guztiarekin, baina batez ere bere etsairik handienarekin, bere buruarekin.
Sail Ofizialean lehiatuko da pelikula, eta Zinemaldia amaitu orduko helduko da zine aretoetara, irailaren 26an.
Karmele
Asier Altunak zuzendu du Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua (Susa, 2016) liburuan oinarritutako pelikula. 1936ko Gerraren amaieran, Frantzian erbesteratuko da Karmele (Jone Laspiur) eta haren familia. Txomin (Eneko Sagardoy) ezagutu eta Venezuelara joango dira, etxera itzultzeko gero, Ondarroara, frankismoak kendutako guztia berreskuratzeko esperantzarekin.
Sail Ofizialean emango dute, lehiaz kanpo. Urriaren 10ean helduko da aretoetara.
Zeru ahoak
Bost urteren ondoren, heldu da Koldo Almandozen Hondar ahoak telesailaren segida. Preziatua eta estimatua izan zen aurrekoa; ARGIA Saria jaso zuen 2021ean. Nerea Garcia protagonistaren (Nagore Aranburu) inguruan ardaztuko da Zeru ahoak ere. Lau urte igaro dira Ertzaintzatik kanporatu zutenetik, baina erritual bitxi batean hildako emakume baten gorpua agertuko da Bilboko itsasadarrean, eta bere nagusi ohiak ikerketarekin laguntzeko eskatuko dio.
Sail Ofizialean proiektatuko da osorik telesaila, lehiaz kanpo. Zinemaldia amaitzerakoan hasita, ETBn emango dute.
Aro berria
Irati Gorostidiren estreinako pelikula da, eta zuzendari berrien saileko afixan sartu dute pelikula. Maite Muguerza, Jon Ander Urresti eta Edurne Azkarate dira aktoreetako batzuk. Ur-kontagailuen fabrika batean kokatzen da istorioa; langileak eztabaidan ari dira greba egin ala ez. Orduan, langile inkonformistenek haien bizimodua goitik behera aldatzea erabakiko dute, mendietako komunitate isolatu batean integratuta.
New Directors sailean lehiatuko da pelikula.
Bestalde, Zabaltegi-Tabakalerako film laburren tartean, Lur Olaizolak Bariazioak aurkeztuko du. Bizitzaz, doluaz eta horien bien aldakuntzez gogoetatuko dute 17 minututan. Aktoreen artean daude arestian aipaturiko Urresti eta Azkarate.
Zinemira, euskal zinearen saila
Zinemira da berariaz euskal zinemari eskainitako saila, euskarazko eta erdarazkoak biltzen dituena, sortze lekuz EAEkoak direnak. Saila ez-fikziozko pelikula batek zabalduko du, Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako, Inge Mendioroz andoaindarrak ekoiztu duenak.
Besteak beste, Sara Fantova bilbotarrak Aste Nagusian kokaturiko Jone, batzuetan filma eskainiko dute, estreinatu berri-berria dena; ARGIAn elkarrizketatu dugu zuzendaria. Zinemiran emango dute baita Pello Mari Otaño fikzionatzen duen Ombuaren itzala filma ere, eta Oier Plazaren Popel ere bai. Nabarmentzekoa da, baita ere, duela urtebete estreinatu bazuten ere, Arg(h)itzen: torturaz argi hitz egiten, tortura argitzen dokumentala emango dutela. Sakanan 1966tik 2011ra gertatu ziren torturei buruzkoa da, 30 lagunen lekukotzak biltzen ditu.
Dagoeneko zine aretoetan egon diren euskarazko beste bi film hauek ikusteko aukera ere egongo da: Faisaien irla, Asier Urbietak zuzendutako pelikula; eta Itoiz: udako sesioak, Itoiz taldeari buruzkoa, Larraitz Zuazok, Zuri Goikoetxeak eta Ainhoa Andrakak zuzendu dutena.
Euskal zinemaren gala irailaren 23an egingo da, eta Zinemira Saria jasoko dute Telmo Esnal eta Asier Altuna zinegileek. Elkarrekin hasi zuten ibilbide zinematografikoa, bi film labur egin zituzten, eta lehen film luzea ere elkarrekin: Aupa Etxebeste!. Filmak hogei urte betetzen dituenaren aitzakian jasoko dute saria, hala esan du Zinemaldiko antolakuntzak, pelikula mugarri bihurtu zelako euskarazko zinearentzat.
EiTBren gala, bestalde, irailaren 21ean egingo da, igandez, belodromoan. Gipuzkoa hegan proiektatuko dute. Gonbidapenak agortuta daude, baina. Horrez gain, Go!azen berria ikusteko aukera eskainiko dute belodromoan bertan, irailaren 24an eta 26an, asteazken eta ostegunean.
Klasikoak, zaharberrituta
Hitzeman bezala, eta urteroko moduan, film batzuk zaharberritu ditu Donostiako Zinemaldiak, Euskadiko Filmategiarekin EiTBrekin elkarlanean. Aurten, Klasikoak sailean proiektatuko dira 1985eko hiru film: Hamaseigarrenean aidanez (Anjel Lertxundi), Ehun metro (Ramon Saizarbitoriak idatzi eta Alfonso Ungríak zuzendua), Zergatik panpox (Arantxa Urretabizkaiaren liburua eta Xabier Elorriagaren filma), eta 1986ko Oraingoz izen gabe (Bernardo Atxagaren gidoia Jorge Luis Borgesen ipuin batean oinarrituta; José Julián Bakedanok zuzendu zuen filma).
Euskarazko ekoizpenek presentzia nabaria izango dute aurtengo edizioan. Bestelakoen artean, espektatiba handiko lan eta gonbidatuak izango dira Donostian: George Clooney protagonista duen Jay Kelly pelikula; Angelina Jolie ere ikusiko dugu Couture-rekin; Julliete Binoche... [+]
Astelehenean jakinaraziko dituzte ordutegiak, eta hilaren 14an, igandean, jarriko dituzte salgai lehen egunetako sarrerak. 254 film egongo dira ikusgai, 56 herrialdetakoak.
'Ehun metro', Zergatik panpox', 'Hamaseigarrenean aidanez' eta 'Oraingoz izen gabe' dira zaharberritzen ari diren lanak. Zinemaldiko Klasikoak sailean ikusi ahalko dira.