Euskarak denona izan beharko luke

Amurrioko alkatea, 2022an Udalak hartutako Korrikaren kilometroan. / Argazkia: Aiaraldea.eus

2024ko maiatzaren 25ean - 08:33
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Aiaraldea Komunikabideak apirilaren 15etik darama bilera bat eskatzen Amurrioko Udalari dirulaguntzaren ezabatzeari buruz hitz egiteko, bide ofizialak (Herritarren Arretarako Zerbitzuan eskaera erregistratzea) zein ez-ofizialak (alkateari zuzenean telefonoz deitzea) baliatuta.

Orain arte, komunikabideak ez du inolako erantzun ofizialik jaso tokiko erakundearen partez, baina albistea publiko egin eta hara! Udalak pilak jarri eta 24 ordu baino gutxiago behar izan ditu erantzun bat plazaratzeko (bere webgunean eta komunikabideei bidalitako prentsa oharrean, noski. Aiaraldea Komunikabidearekin oraindik ez da harremanetan jarri hilabete bat baino gehiago mahaigainean daraman bilera eskaerari erantzuteko).

Oharrean, udalak tesi nagusi bat baliatu du dirulaguntzaren ezabatzea justifikatzeko: Aiaraldea Komunikabideak “lehia desleiala” egiten diela eskualdeko autonomo eta enpresa txikiei. Zergatik? Argi eta garbi dio oharrak: “enpresa pribatu bat” delako eta gainontzeko “tokiko ekintzaileek” ez dituztelako horrelako dirulaguntzak jasotzen. Beste modu batean esanda: Aiaraldea Komunikabideari ematen zitzaion dirulaguntzak merkatu librea desorekatu egiten zuen eta udalak ezin zuen beste alde batera begiratu, merkatua orekatzeko betebeharra zuen, nahitaez.

Tesi hori indartzeko, komunikabideak eginiko hamalau urteko ibilbidearen genealogia propioa plazaratu du udalak. Honela dio kontakizunak:

"Duela 10 urte baino gehiago, hainbat administrazio publikok dirulaguntzak eman zituzten, euskara eta euskal kultura sustatzeko asmoz, eskualdeko euskarazko hedabide bat bultzatzeko. Hala ere, azken 12 urteetan, Aiaraldea Faktoriak euskararekin zerikusi gutxi duten zerbitzu komertzial ugari eskaintzen dituen enpresa pribatu baterantz eboluzionatu du. Enpresak web orriak, komunikazio zerbitzuak, gaztelekuen kudeaketa, udalekuak, ludotekak, udal aldizkariak, jaien programak, herri bazkarien antolaketa, tokiko produktuen salmenta eta ostalaritza lantzen ditu, besteak beste".

Ea, goazen puntuz puntu. Ezer baino lehen, parentesi bat: “Aiaraldea Faktoria” ez da Aiaraldea Komunikabidearen atzean dagoen figura juridikoaren izena. Hori Aiaraldea Kooperatiba Elkartea litzateke (baina tira, zehaztasuna ez da ezta udalaren oharraren puntu fuerteena).

Harira itzuliz, goazen udalak eginiko errelatoaren atzean dagoena azaltzera: bai, duela 10 urte baino gehiago (2012an, zehazki), hainbat administrazio publikok (eskualdeko 9 udalek, alderdi politiko guztietako ordezkarien adostasun eta inplikazioarekin) euskara sustatzeko hitzarmen bat sinatu zuten Saraubeko Mahaian, zeinetan Aiaraldea Komunikabidea (garai hartan webgune bat soilik zena) ekonomikoki babestera konprometitu ziren.

Eta bai, denbora asko igaro da ordutik hona, eta gauza asko aldatu dira. Aiaraldea.com zena Aiaraldea.eus bilakatu zen. 2013an paperera egin zuen jauzi komunikabideak, hamabostean behin eskualdean doan banatzen den hamabostekari batekin. KOMUNIKA enpresaren sorrera ere sustatu zen, komunikazio zerbitzuen bidez komunikabidearen jarduna finantzatzeko. Ikus-entzunezkoen garapena, bestelako euskarriak plazaratzea… mugarriz mugarri joan da eraikitzen komunikabidearen 14 urteko historia hauxe.  

Proiektuaren dimentsioa eta osaketa ere aldatu dira: hasieran boluntario hutsez osatutako egitasmoa zen. Gero etorri ziren langileak, eta ordutik hona egitura mistoa mantendu du proiektuak. Gaur gaurkoz, komunikabidearen eguneroko jarduna ezinezkoa izango litzateke atzean dauden dozenaka eta dozenaka boluntarioengatik izango ez balitz (bide batez, doakiela hemendik besarkada bat artikuluak idatzi, argazki eta bideoak grabatu edota hamabostekaria auzoz auzo eta ikastetxez ikastetxe banatzen duten herritar guztiei).

2015an abiatutako gogoeta estrategikoan utzi zion proiektuak komunikabide bat soilik izateari. Beste hainbat ildoren sorrera sustatu zen, euskararen biziberritzean ahalik eta fronte gehienetatik ekiteko helburuarekin. Orduan erabaki zen elkarte izatetik irabazi asmorik gabeko gizarte ekimeneko kooperatiba izatera pasatzea

Baina, bilakaerak bilakaera, inflexio puntu bat markatu beharko bagenu Aiaraldea Komunikabidearen jardunean, 2015. urtea litzateke. Urte horretan abiatutako Gogoeta Estrategikoan, ondorioztatu zen “erdaraz bizi den eskualde baten berri euskaraz ematera” mugatu zela komunikabidea ordura arte, eta bazela garaia urrats bat aurrera eman eta euskaraz biziko ziren errealitate berriak sortzeko.

Esan eta egin. Ildo berriak sortu ziren: Kokoriko Hezkuntza Faktoria (hezkuntza ez-formalaren esparruan eragiteko), Feminismoaren ildoa, Kultura Faktoria, Elikadura burujabetzarena edota Ekonomia sozial eraldatzailearena… denak helburu berarekin: euskaraz bizitzeko ahal bezainbeste tresna sortzea eskualdean, euskalgintza eta eraldaketa soziala eskutik helduta joan behar direla ulertuta.

Planteamendu berriek tresna berriak behar dituzte askotan. Horregatik erabaki zen komunikabideak ordura arte izandako elkarte izaera juridikoa utzi eta irabazi asmorik gabeko kooperatiba bilakatzea. Orduan jaio zen Aiaraldea Kooperatiba Elkartea, aipatutako ildo guztiak (komunikabidea barne) hartuko zituen aterki berria.

Tira, hau iritzi-artikulu bat izateko, jada asko luzatu gara dagoeneko azalpen honetan. Interesa duenarentzat, hemen dago aipatutako eraldaketa prozesuaren azalpen xeheagoa bat (agian Amurrioko Udaleko norbaitek ere irakurri nahiko du akaso, nahiz eta berez baduten aipatutako prozesuaren berri. Iaz, legealdiaren hasieran, proiektu osoa aurkezteko bilerak egin ziren udalekin, baina Amurriokoa atzeratu egin zuten, eta oraindik ez da egin).

Goazen aurrera…

“Enpresa pribatuen” zakua

Amurrioko Udalaren komunikatura itzuliz, deigarria da nola erabiltzen den bertan “enpresa pribatu” terminoa. Titularrean eta testuan zehar behin baino gehiagotan nabarmentzen da Aiaraldea Komunikabidea gisa horretako entitatea dela.

Hitzak ez dira inoiz neutralak izaten. Gauza asko sartzen dira “enpresa pribatuen” zakuan, eta oso azkar ikusi daitezke zakuaren josturak.  

Izan ere, tokiko erakundeak planteatzen duen mundu ikuskera murritzean, multzo berean sartuta egongo lirateke gizarte zibilaren ekimenez azken hamarkadetan sortu diren euskalgintzako ehun sozial gehienak, eta baita bere jabeak aberasteko helburu hutsarekin sortutako sozietateak ere. Dena batera, denak baitira gauza bera: "enpresa pribatuak".

Planteamendu hori bere azken ondorioetara eramanez, zaku berean egongo lirateke, adibide tonto bat jartzearren, Tubacex eta Korrika. Izan ere, ez dezagun ahaztu Euskal Herrian euskararen alde egiten den ekimen jendetsuena, Amurrioko Udalaren arrazoiketari jarraiki, “enpresa pribatu batek sustatutako ekimena” izango litzatekeela (nahiz eta hori ez zen oztopo izan 2022an Korrika Amurriotik abiatu eta udalak lehenengo kilometroetako bat hartzeko).

Baten bati agian irria marraztu zaio goikoa irakurtzean. Ba izan gaitezen serioak behingoz: argi dago entitate batzuen eta besteen artean dagoen aldea. Baina, udalaren komunikatuko arrazoiketa ikusita, badirudi xehe-xehe azaldu egin behar dela berez begien bistakoa dena.

Ez, “enpresa pribatu” guztiak (denei horrela deitu ahal bazaie) ez dira berdinak. Tubacex eta antzeko sozietateen azken helburua bada euren akziodunei ahalik eta diru gehien ematea. Aiaraldea Kooperatiba Elkartea, aldiz, irabazi asmorik gabeko gizarte ekimeneko kooperatiba da, eta dituen irabaziak (halakorik dagoenean) ez ditu inork bereganatzen: proiektu sozialetan berrinbertitzen dira, eskualdearen euskalduntzera bideratutako bokazio publikoko proiektuetan, alegia.

Aiaraldea Kooperatiba Elkartea, aldiz, irabazi asmorik gabeko gizarte ekimeneko kooperatiba da, eta dituen irabaziak (halakorik dagoenean) ez ditu inork bereganatzen: proiektu sozialetan berrinbertitzen dira, eskualdearen euskalduntzera bideratutako bokazio publikoko proiektuetan, alegia

Hala eta guztiz ere, aurrera jarraitu aurretik, ohar inportante bat: irabazi asmodun enpresek ere badute dirulaguntzak jasotzeko eskubidea. Eta, berez, jasotzen dituzte, bai Amurrioko Udalaren partetik eta baita bestelako erakunde publikoen eskuetatik ere. Tubacexen adibidera itzuliz, multinazionalak diru publiko andana jaso du azken urteetan. Aiaraldea Ekonomikoki Suspertzeko plan ospetsuko diru-partida gehienak ere enpresa pribatuen esku geratuko dira. Eta abar, eta abar.

Eta hori, berez, ez da zertan txarra izan. Diru publikoa zertara bideratuko den da gakoa. Aiaraldea Komunikabidearen kasuan, Amurrioko Udaletik jasotzen diren 6.000 euroak komunikabidearen jardun publikoa finantzatzera bideratzen dira ehuneko ehunean. Ez da dirurik sobratzen: komunikabideak 100.000 euro inguruko defizita du urtero, eta Aiaraldea Kooperatiba Elkarteak lortu behar du zulo hori estaltzeko dirua. Nola? Ba bazkideen kuotekin (SPAM: egin zaitez bazkide hemen), borondatezko bestelako ekarpenekin… eta bai, baita mota askotako zerbitzuak emanez ere. Harrien azpitik bilatzen dugu dirua, dirurik ez baina onura sozial handia ematen duten proiektuak elikatu ahal izateko.

Beste modu batera esanda: Aiaraldea Kooperatiba Elkarteak lehia desleiala egin nahiko balie eskualdeko gainontzeko enpresei, gauza bat egin beharko luke beste ezer baino lehen: Aiaraldea Komunikabidea itxi.

Ez zaigu dirua sobratzen: Komunikabideak 100.000 euro inguruko defizita du urtero, eta Aiaraldea Kooperatiba Elkarteak lortu behar du zulo hori estaltzeko dirua

Ez dezagun ahaztu: Amurrioko Udalarena diru publikoa da, eta interes publikorako erabili beharko litzateke. Aiaraldean euskarazko beste komunikabide bat sortuko balitz, eskubide bera izango luke diruz lagundua izateko. Baina, zoritxarrez, errealitatea oso bestelakoa da: Aiaraldea Komunikabidea da eskualdeko euskarazko mota horretako proiektu bakarra, eta udalak berak sortutako komunikazio tresnak ez dira gizarte elebidun batean egon beharko lukeen gutxienekora iristen (baina horrek aparteko analisi bat mereziko luke, aparteko artikulu bat mereziko lukeen bezala zertara doazen zehazki udalak 2024an “euskara-arlora” bideratuko dituen 428.000 euroak).

“Euskara denona da”

Bere komunikatua borobiltzeko, lema indartsu bat jartzen du udalak mahai gainean: “Euskara publikoa da, ez pribatua. Euskara denona da”. Irakurketa asko egin daitezke esaldi horren esanahiaren inguruan: Zer da euskara publikoa? Zer euskara pribatua? Nor sartzen da “denok” horren barruan?

Baina lema horrek, zerbait erakusten badu, bada zein urrun dagoen Amurrioko Udala euskalgintzako sektore anitzek (instituzionalenetatik herritarrenetara) aspalditik erdietsiak dituen adostasun zabaletatik. Eusko Jaurlaritzaren zein Arabako Foru Aldundiaren plan estrategikoetan berariaz nabarmendu egiten da euskarazko komunikabideek garrantzi estrategikoa daukatela euskararen biziberritzean, eta eurekin elkarlana sustatu behar dela. Eta hala egiten dute bi erakundeek.

Amurrioko Udala da kontrako norantzan joaten ari dena euskararen biziberritzearen aldeko bidean, eta abiadura azkartzen du, txapa bat jantzi eta lekuko bat hartzetik harago, konpromiso zehatzak eskatzen zaizkionean

Amurrioko Udalak, aldiz, kontrako bidea hartu duela dirudi, eta ez soilik Aiaraldea Komunikabidearen kasuan. Kasuak biderkatu egin dira azken urtean: tokiko erakundeak uko egin dio parte hartzeari Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak euskararen alde planteatutako azken ekimenetan (Euskararen Semaforoan, jaietan euskara sustatzeko dinamikan edota udal hauteskundeetan konpromiso zehatzak hartzeko planteamenduan, besteak beste).

Baina ez hori bakarrik: euskararen teknikari lanpostua udal langileen zerrendatik ezabatzea erabaki zuen udalak iaz (bai, badakigu: gero atzera egin zuen, baina presio sozialari eta alkateak jasotako deiren bati esker). Egin duen azkena, aldiz, izan da langileen euskara profil derrigortasuna kentzea Amurrioko udal kirol guneen kudeaketarako lizitazio publikotik. Bata bestearen atzetik, gelditu gabe.

Amurrioko Udala da kontrako norantzan joaten ari dena euskararen biziberritzearen aldeko bidean, eta abiadura azkartzen du, txapa bat jantzi eta lekuko bat hartzetik harago, konpromiso zehatzak eskatzen zaizkionean.

Mahai gainean dagoena ez da euskara denona den edo ez. Denona da, bai. Beno, hobeto esanda, denona izan beharko luke. Euskara Amurrioko Udalarena ere baden da galdera.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Donostia 1813

Donostia arpilatua, bortxatua eta propio erreta Espainiako independentziaren alde 1813ko abuztuaren 31n.

1808an Napoleon enperadoreak Baionan bildu zituen elkarren aurka borrokatzen ari ziren Espainiako errege aita-seme borboiak, Carlos IV.a eta Fernando VII.a, biek nahi... [+]


Kirurgialari euskaldunak errektoreorde eta sailburuorde ohi letragabearentzat

Sarriegi jokatzen dugu erreaktiboki Euskal Herrian eta Euskalgintzan. Albiste bat, elkarrizketa bat, epai bat, eraso bat. Ondoren, erantzuna. Tamalez, berriro ere inertzia berak nakar Ander Gurrutxagaren elkarrizketa euskarafoboa aztertzera. Gustura gelditu zen, tartean zera... [+]


2025-09-01 | JJ Agirre
Supremazistek beti “win-win”

Euskararen (euskaldunon) aurkako oldarraldiak ertz ugari ditu; horietako bat fronte mediatikoa da, Voxento taldea buru eta PSOE-CCOO-UGTko kide ezagunak ekintzaile nagusi. Sarri eskaintzen digute idatziren bat, barnera dezagun Euskal Herriko hizkuntza ofizialetatik zein diren... [+]


2025-09-01 | Behe Banda
Barra warroak
Makina

Hamar minutu igaro dira lur hartu dugunetik. Bizkaiko kostatik sartu, Leioa gainetik igaro eta gurpilek ordeztu dituzte hegalak Loiun. Bosteko ilaretan irten behar omen da hegazkinetik eta gu hogeita zazpigarrenean gaude zain. Estatubatuarren ikerlanek diote istripu bat egonez... [+]


2025-08-30 | Patxi Aznar
Beste urrats oker bat

Duela gutxi, Netanyahuren gobernuak, AEBen baimenarekin, legez kanpoko jarduerarekin jarraitzea erabaki du Gazan, eta zerrenda osoaren kontrola hartzea. Historia pixka bat egingo dut ez zaidalako zuzena iruditzen komunikabide edo kazetari batzuek Gazan gertatzen ari dena 2023ko... [+]


2025-08-29 | Egiari Zor
Elkarbizitza demokratikoak begirunea eta neurritasun instituzionala eskatzen ditu

Abuztu honetan polemika berri bat piztu digute, beste behin, belarrondokoa ematea baino larriagoa izan dena. Azken hamabost urte baino gehiagoan, Glen Cree ekimenetik hasi, Estatu bortxaren biktimei aitortza legala emateko mekanismoen sorreratik segitu eta herri honetan ireki... [+]


2025-08-29 | Joan Mari Beloki
Trump bake bila?

Abuztuaren 15ean Vladimir Putin eta Donald Trump Alaskan bildu ziren. Ofizialki, Ukrainako gerrari amaiera emateko bidean beste urratsen bat emateko. Baina Gazan milaka pertsona hiltzeko gupidarik ez duen politikariak serio esan al dezake penagarria eta tristea dela Ukrainan... [+]


Poligono eolikoak: oportunismo gutxiago eta plangintza demokratiko gehiago

Duela egun gutxi 6.000 alegazio baino gehiago aurkeztu dira Azantzan eta Sarbilen poligono eoliko berri bat eraikitzeko proiektuaren aurka. Antzeko beste proiektu batzuetan bezala, herritar eta talde antolatuen ahaleginari, antolaketari eta lanari esker egin da alegazioendako... [+]


Semaforo gorria

Artikulu bati zer nolako izenburua jarri ez da aise hautatzen, ezta? Hasiera batean, “euskaldun gezurti, tranpatiak” bezalako izenburua idazteko asmoa nuen, baina inor mintzeko gogorik ez dudanez, goikoari eutsi diot, ene gogoetaren muina hobeto ulertaraziko... [+]


Udazken beroa Frantzian?

2025ean hazkunde ekonomiko txikia (%0,6) ez da gai izango langabezia-tasak %8ko muga gainditzea saihesteko; Zor Publikoak bi bilioi euro (BPGren %115) gainditzen ditu EK-k ezarritako %60aren oso gainetik, eta Gastu Publikoak estratosferan jarraitzen du.

Horri gehitu behar... [+]


2025-08-28 | Jon Aleman Astitz
Supremazismo espainiarren “kontsentsu linguistikoa”

Eskubide linguistikoen ikuspegi integratzaile baten eskaintza dugu gaurkoa.

Espainiako supremazismo linguistikoa osasuntsu eta bizkor ageri zaigu, “hooligan” samalda anitz baten babesaz eta komunikabide indartsuez sustatua. Azken aurreko lagina Santi Martinezena... [+]


2025-08-28 | Iñaki Lasa Nuin
Gure jaiak

Euskal Herri osoan —beste herrialdeetan bezalatsu— jairik ez da falta. Negu giroan ere asko badira ospatzen direnak, uda-garaian ez da festa gabeko egunik. Egun-argi luzeak eta gau epelak jendea etxe zuloetatik kanpora, kalera ateratzeko aproposak dira eta jai giroan... [+]


Polizia “talde zaurgarri”?

Azken asteetan bolo-bolo dabil Poliziaren eta, zehatzago esanda, Ertzaintzaren gaineko eztabaida. Tamalez, eztabaida piztearen arrazoia ez dira horiek Euskal Herri Langilearen kontra erabiltzen dituzten biolentzia eta jazarpen sistematikoa. Horren ordez, Ertzaintzaren eta bere... [+]


2025-08-27 | Patxi Azparren
Askapen prozesu heterokroniko, poliedriko eta “kuantikoa”

Artikulu honek badu testuinguru bat lerroburuaren gainetik, Hernaniko Udalean Kontxita Beitiak aurkeztutako Euskal Euskal Errepublikaren aldeko mozioa onartu ez izana. Harira!

Prozesu heterokronikoa

Kultura judeokristau, musulmana eta platonismoaren ustez, denbora aurrera... [+]


Makro-onurak, mikro-ondoezak

Hemengo politikariek haien diskurtsotan immigranteen etorreraren alde edo kontra egiten dute. Immigrante ez-zurien etorreraren alde edo kontra, noski. Beste mugimenduak ez dut uste gehiegi inporta zaizkienik, edozein alderditakoak izanik ere. Tronu altu-altu batetik begiratzen... [+]


Eguneraketa berriak daude