'El Mundo Today' hedabide satirikoa auzitara eraman nahi izan zuen euskara munduko hizkuntza zailenetakoa dela dioen epaileak

  • Ana Maria Martinez Navas epaileak ebatzi du Amurrion hizkuntza perfila betetzeko baliabideak jarri arren, zortzi urtean postuak eskatzen zuen maila lortu ez zuelako kontratua eten zioten langilea bueltan berriro hartu behar duela Udalak, euskara ikastea “zaila” delako. Ez da hor geratu epailea, “euskara munduko bosgarren hizkuntzarik zailena” dela adierazi du, ikuspegi linguistiko batetik ez hanka ez buru ez duen argudioan, besteren artean, Kike Amonarriz soziolinguistak berak Arabako Alean azaldu duenez. Bere azken erabaki polemikoa da, baina iraganean nabarmendu izan da Martinez Navas epailea.


2022ko otsailaren 02an - 10:36
Azken eguneraketa: 11:49
Albiste honengatik El Mundo Today hedabideari mehatxu egin zion Ana María Martínez Navas epaileak.

Jarraian Administrazioarekiko Auzien Gasteizko 3. Epaitegiko epaile Martinez Navasen hitzak, azken epaitik atera eta euskaratuta:

“Pertsona honek bere atsedeneko eta aisialdiko 1.295 ordu inbertitu izanaren eta esfortzu horren ostean Lehen Hizkuntz Perfila soilik lortu izanaren aurrean, badirudi Administrazioari ahaztu egin zaiola euskara munduko bosgarren hizkuntzarik zailena dela (zerrenda batzuetan lehena ageri da). Hizkuntza horren zailtasun nagusia da ez duela inongo loturarik beste hizkuntzekin, bilakaera isolatua izan baitu denboran. Horri gehitzen zaio egituraren konplexutasuna: hiztegiari dagokionez, hitzen esanahia aldatzen da ehunka atzizki, aurrizki eta artizki gehitzen direnean. Laudioko Udalak esan du 1.295 orduren ostean SOILIK lehen perfila lortu duela eta kontratua eten ziola. Horrek hizkuntza hau ikasteko ezohiko zailtasunekiko sentsibilitate falta erakusten du eta guztiaren gainetik nabarmendu behar da lehen perfila lortu zuela”.

Epaile horrek ebatzi du Amurrioko Udalak zenbait urtez hizkuntz perfila atera ez duen langile publikoari kontratua eten izana gaizki zegoela, eta berriro kontratatzera behartu du. Berria egunkariak jaso du epaile horrek inongo funtsik ez duen interneten aurkitako edukia kopiatu eta itsatsi zuela epaian, bere argudioaren sostengarri gisa. Laudioko Udalak helegitea jarri dio epaiari, baina hala ere, albisteak zeresan handia eman du, batez ere zirkulu euskaltzaleetan, euskaldunen aurkako beste eraso gisa.

Epaiko zenbait pasarte. Irudia: Arabako Alea.

LAB sindikatuak adibidez, "euskararen kontrako neurria baino gehiago da, euskaraz bizi nahi dugun euskaldunon komunitatearen aurkako erabakia da, udalen autonomiaren aurkako erasoa da, injerentzia da, elkarbizitzaren kontrako sententzia da, komunitate ezberdinen berdintasunaren aurkako erabakia delako", salatu du.

"Udal langileek euskara ikas dezaten aukera guztiak eman zaizkienean, epaile honek esan duena esatea, ezin da ulertu ez bada euskararen aurkako berezko gorrotoa duelako. Administrazioaren betebeharra da koofizialtasuna bermatzea eta langile elebidunak dira bete behar hori bermatzeko gai diren bakarrak. Baina honen atzetik arazo larriagoa eta estrukturalagoa dago. Euskararen normalkuntzarako lege hura onartu zenetik 40 urte pasa dira, eta etsigarria da oraindik ere, 2022an horrelako erasoak jasatea", adierazi du sindikatu abertzaleak.

Erabaki polemiko gehiago iraganean

Epaile bilbotarrak iraganean hedabideen arreta deitu izan du behin baino gehiagotan. Batetik, 2018an El Mundo Today hedabide satirikoko erredakzioa mehatxatu zuen, Espainiako ardien %90 helburu sexualekin hazten dira albisteagatik, artzainei burla egiten ari zirela argudiatuta.

El Correok bere garaian jaso zuenez, epaitegietan ere harriduraz hartu zuten epaile honen ekimena. Streisand efektua eraginez eta albiste horri oihartzun handiagoa eman zion berak.

Horri gehitu behar zaio El Mundo Today-ko kideek ironiaz erantzun ziotela Martinez Navas epailearen gutunaren argazkia jarriz sare sozialetan ondorengo mezuarekin: “Espetxera joaten bagara, mesedez, izan dadila albiste honengatik".

Bestetik, Ana María Martínez Navasek esku hartu zuen Galdakaon metro geltokira zihoan autobusaren aurka. Bizkaiko Aldundiak eskatu bezala, autobus lineak metro-geltokian amaitu behar zuela ebatzi zuen beste epaile batek. Aipagai dugun epaileak, ordea, neurriak bertan behera utzi zituen eta autobusa metro geltokitik 700 metrora geratzera behartu zuen.

Gerora jakin zen, Galdakaoko alkateak ere salatu baitzuen, epaile hau autobusak zirkulatzen zuen kalean bizi zela eta hasieratik aurkako gisa posizionatu zela.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskaldunen aurkako erasoak
2024-02-15 | ARGIA
Helegitea jarri diote 119 administrari-plaza egonkortzeari, hizkuntza eskakizuna dutelako

LABek ohartarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiko behin-behineko 119 langileak egonkortzeko egin den bidea bertan behera gelditu daitekeela, hizkuntza eskakizuna ezarri izanagatik helegitea aurkeztu dutelako. LABek eta ELAk elkarretaratzea deitu dute otsailaren 16rako, Donostian.


Errenteriako tabernari baten jarrera euskarafoboa salatu dute

Errenteria-Oreretako Aurrera tabernako zerbitzariak euskararekiko "mespretxuz" eta oldarkor erantzun zion euskaraz eskatu zuen bezero bati euskalgintzako hainbat kidek salatu dutenez.


Agurne Gaubeka
"Euskararen aurkako estrategia judizial eta politikoari erantzun behar diogu"

Zizurko Udalaren obretako langile lanpostu baten euskarazko profila atzera bota du Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiak. Erabaki horren aurka elkarretaratzera deitu dute hainbat eragilek. Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekaren aburuz,... [+]


2024-02-09 | ARGIA
Epaileen euskarafobia salatu dute Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean elkarretaratzea egin dute Zizur Nagusiko Udalaren aurka eman den azken epaia salatzeko. Udalak langile lanpostu batean ezarritako hizkuntza eskakizuna atzera bota du epaitegiak.


Euskara "gorrotoaren" hizkuntzatzat du Eguesibarko PPk

"Euskara ez da hizkuntza erakargarria askorentzat aspaldian perbertitu dutelako, tresna politiko gisara erabili dutelako eta terrorismoaren garaietara baino ez narama. Gorrotoarekin identifikatzen dugun hizkuntza da", esan du Inma Mujika PPko Eguesibarko zinegotziak... [+]


Eguneraketa berriak daude