“Estatuko hizkuntza gutxituetako ordezkariek harriduraz ikusten dute han PP eta Voxenak diren jarrerak hemen ezkerreko alderdiek dituztela”

  • Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak larunbateko manifestazio jendetsuaren balorazio baikorra egin du igande goizean Euskadi Irratian. Bildutako jendetza herritarren euskararekiko konpromisoaren erakusgarri dela adierazi du, baina PSEren eta Ahal Duguren falta sumatu duela. Manifestazioak itun soziopolitiko baten alde lanean jarraitzeko indar handiagoa eman diela gaineratu du.

Idurre Eskisabel, Kontseiluko idazkari nagusia. Dani Blanco - ARGIA

2023ko azaroaren 06an - 06:52
Azken eguneraketa: 09:58

Larunbateko manifestazioko jende oldea “euskararen normalizazioarekiko dagoen konpromisoaren erakusgarri” dela esanez hasi du elkarrizketa Eskisabelek. Kopuruarekin batera, bildutako herritarren “askotarikotasuna” ere nabarmendu du. Horrek adieraziko luke euskalgintzak adierazten dituen kezkak “oso konpartituak” direla jendartean. “Poza” agertu du Eskisabelek, eta azaldu du “lanean jarraitzeko indarra eta gogoa” handiagoak direla larunbata eta gero.

Itun soziopolitikoaz

Itun soziopolitiko baten beharra aldarrikatu zuen Kontseiluak manifestazioaren amaieran. Euskadi Irratiko elkarrizketan Eskisabelek gogoratu du, edonola ere, itun horren beharra oldarraldiaren aurretik mahaigaineratu duela euskalgintzak, jendartean oro har ematen ari diren aldaketa sakonen aurrean, globalizazioa edo digitalizazioa kasu. Hizkuntzekin dugun harremana eraldatzen ari dela azaldu du, “bereziki gazteen artean”, eta euskara, “hizkuntza gutxitua den heinean, are zaurgarriagoa” dela.

Itun hori erdiesteko tresna nagusia 2021ean aurkeztu zen Batuz Aldatu dinamika dela gogoratu du Eskisabelek, “150 eragileren atxikimendua duena jada”. Mamiaz eta bideaz, adierazi du “adostasunak josten lan handia” egin beharra dagoela. Baina zehaztu du ere justizia sozialaren edo berdintasunaren baloreak erdigunean egon behar dutela, eta Batuz Aldatu bi helburu nagusi adostu direla dagoeneko: “Ezagutzeren unibertsalizazioa eta erabilerarako eremu erosoak”.

Faltan nor

Esatariak galdetu dio Kontseiluko idazkari nagusiari ea inor faltan bota duen manifestazioan, Jaurlaritza aipatuta. Eskisabelek garrantzia kendu dio, Jaurlaritzak “bere arrazoiak” eman dituela esanez. “Hori baino kezkagarriagoa da gure herriko sektore politiko batzuk ordezkatuta ez egotea”, adierazi du, PSE eta Ahal Dugu aipatuta. “Egun hauetan egon dira gurekin galizieraren, asturieraren, katalanaren edo aragoieraren ordezkariak, eta harriduraz ikusten dute beraien lurraldeetan PP eta Voxen eremukoak diren jarrerak hemen ezkerrean kokatzen diren alderdiak dituztela”. Sektore horien “falta” sentitu duela eta horiekin “lasai eta patxadaz egin beharreko lan bat” dagoela azaldu du.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskaldunen aurkako erasoak
2024-02-15 | ARGIA
Helegitea jarri diote 119 administrari-plaza egonkortzeari, hizkuntza eskakizuna dutelako

LABek ohartarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiko behin-behineko 119 langileak egonkortzeko egin den bidea bertan behera gelditu daitekeela, hizkuntza eskakizuna ezarri izanagatik helegitea aurkeztu dutelako. LABek eta ELAk elkarretaratzea deitu dute otsailaren 16rako, Donostian.


Errenteriako tabernari baten jarrera euskarafoboa salatu dute

Errenteria-Oreretako Aurrera tabernako zerbitzariak euskararekiko "mespretxuz" eta oldarkor erantzun zion euskaraz eskatu zuen bezero bati euskalgintzako hainbat kidek salatu dutenez.


Agurne Gaubeka
"Euskararen aurkako estrategia judizial eta politikoari erantzun behar diogu"

Zizurko Udalaren obretako langile lanpostu baten euskarazko profila atzera bota du Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiak. Erabaki horren aurka elkarretaratzera deitu dute hainbat eragilek. Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekaren aburuz,... [+]


2024-02-09 | ARGIA
Epaileen euskarafobia salatu dute Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean elkarretaratzea egin dute Zizur Nagusiko Udalaren aurka eman den azken epaia salatzeko. Udalak langile lanpostu batean ezarritako hizkuntza eskakizuna atzera bota du epaitegiak.


Eguneraketa berriak daude