ARGIA.eus

2021eko azaroaren 30a
IKERKETA | Nor dago Gasteizko etxebizitza turistikoen lobbyaren atzean?

Esku batekin etxebizitzak erosi, bestearekin araudia moldatu

  • Gasteizko Alde Zaharreko etxebizitzen turistifikazio ahaleginaren aurpegi publikoak Arabatur elkartea eta bere presidente Pilar Perosanz dira. Baina bada beste pertsona bat, publikoki horrela agertu ez bada ere: Gustavo Antépara Benito. Berak eta Luxury Rental Apartments bere enpresak, Arabatur eta Perosanzekin lotura zuzenak dituzte. Antépara Gasteizko PPko kide garrantzitsua da: zinegotzi izan zen 2016-2019 artean Gasteizko Udalean; eta 2015etik 21 Zabalgunea sozietate publikoko kontseilu administrazioko kidea da PPren ordezkari bezala. Hor hartzen dituzte hirigintzari loturiko erabaki nagusiak Gasteizen. Auzokideen artean kezka eta kontrakotasun handiak sortu dituzte Arabaturren ekimenek. Alde Zaharreko etxebizitzen turistifikazio saiakeraren atzean dauden zenbait pertsona, enpresa eta interesen inguruan argia egiten saiatu gara.

kutxikotxokotxikitxutik.wordpress.com @Kutxikotxokotik  |  Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1
2021eko ekainaren 01a
Argazkia: Dos por Dos

2020ko otsailera arte, arautu gabe egon da Gasteizko Alde Zaharreko etxebizitza partikularrak turismorako alokatzeko aukera. Orduan onartu zuen udalak Alde Zaharreko Birgaitze Integraleko Plan Bereziaren (BIPB) hamahirugarren modifikazioa, eta horren arabera atari bakoitzeko etxebizitza bakarra bideratu daiteke turismora –lehen solairukoa halabeharrez–.

Arau horri, etxebizitza turistikoen sektoreko enpresarien Arabatur elkarteak alegazioa aurkeztu zion 2020ko maiatzean. Turistifikatzeko aukera edozein etxebizitzari zabaltzea eskatu zuen Arabaturrek, edo, hori onartu ezean, atari osoak turistifikatzeko aukera izatea, etxebizitzen jabe guztiek horrela nahi izanez gero.

2020ko uztailean, udalak partzialki onartu zuen Arabaturren eskaria: ez zuen baimendu edozein etxebizitza turismora bideratu ahal izatea; bai, ordea, atari osoak bideratzeko aukera. Alde Zaharreko elkarte eta auzokide ugarik kezka eta haserrea agertu zituzten, erabakiak auzoaren bizitza nabarmen okertu dezakeela iritzita, eta 136 alegazio aurkeztu zituzten 2020ko urrian. Udalaren erantzuna edozein unetan hel daiteke.

Zer da Arabatur eta nork zuzentzen du?

Arabatur 2017ko abuztuan sortu zuten, “Arabako turismo-ostatuen partikularren, jabe txikien eta kudeatzaileen” elkarte bezala, bere estatutuen arabera. Jaiotzatik etxebizitzen turistifikazioaren aldeko lobby lana egin du: alegazioa aurkeztu, hedabideetan turistifikazioaren aldeko mezua zabaldu, edo Gasteizko Udaleko talde politikoekin batzartu, besteak beste.

"Errealitatea Arabaturreko buru Perosanzek dioenaren bestelakoa dela ziurtatu dezakegu"

2020ko uztailean elkarrizketa egin zion El Correo egunkariak Arabaturreko presidente Perosanzi: “Nortzuk zarete? Zein da Arabaturreko bazkideen profila?”, galdetu zion Jorge Barbó kazetariak; “30 bazkide gara, Gasteizko enpresari txikiak, autonomoak, pisu batekin edo birekin. Elkartearen barruan ez dago enpresa handirik, ez katerik, ez inbertsio-funtsik”, erantzun zion Perosanzek. Ez dakigu 30 diren Arabaturreko bazkideak, ezta, izatekotan, “pisu bat edo bi” dituzten jabeak diren ere. Ez dugu Arabaturreko bazkideen zerrendarik lortu.

Baina hainbat jabetza-erregistro, merkataritza-erregistro, sozietate-erregistro edota webgune ikertu ondoren, errealitatea Arabaturreko buru Perosanzek dioenaren bestelakoa dela ziurtatu dezakegu. Luxury Rental Apartments enpresak “bat edo bi” ez, gutxienez bederatzi etxebizitza kudeatzen ditu hirian, horietariko zazpi Alde Zaharrean –enpresaren, jabearen edo enpresari lotutako beste pertsona batzuen izenean–. Luxury enpresaren jabea Gustavo Antépara Benito da, 2016-2019 tartean PPko zinegotzi izan zen Gasteizko Udalean, eta 2015etik Gasteizko hirigintza politika gidatzen duen 21 Zabalgunea sozietate publikoko administrazio kontseiluko kidea da alderdiak izendatuta. Arabatur eta Luxury enpresa lotzen dituzte hainbat datuk, eta Antépara eta Perosanzen arteko harremana urrutitik dator. Goazen pausoz pauso.

Arabatur elkarteak Antépararen enpresa baten helbidea eman zuen etxebizitza turistikoak baimentzeko alegazioa erregistratu zuenean udalean. Argazkia: Dos por Dos

 

Alde Zaharra erosi eta turistifikatu

Luxury Rental Apartments 2020ko irailean sortu zuten, baina ez hutsetik, beste enpresa baten izen eta estatutuen aldaketaren ondorioz baizik.

2007an Grupo Editorial y Comunicaciones Enea sortu zen (GECE). Ordura arte Grupo Enea Editorial S.C. zuen izena, eta Pilar Perosanz zuzendari komertzial izan zen bertan, infojobs.net atariko bere perfil profesionalean irakur daitekeenez. GECEren administratzaile bakarra Antépara zen, eta enpresaren lan esparrua hedabideen publizitate edizioari loturikoa zen ofizialki. 2016ko azaroan Antépara Gasteizko Udaleko zinegotzi izendatu zuten Javier Marotoren ordezko bezala. Bere ondasunen aitorpenean, GECEren jabe bakarra zela deklaratu zuen. 2019an legegintzaldia amaitzean egindako aitorpen berrian, aldiz, GECEren %50aren jabe zela deklaratu zuen. Iturri juridikoek azaldu digutenez aldaketa hori merkataritza-erregistroan jasota egon beharko litzateke, eta erregistroan ez dago horrelako informaziorik.

2016ko uztailean Eusko Legebiltzarrak Turismoaren Legea onartu zuen, besteren artean erabilera turistikoko etxebizitzen eta erabilera turistikoko logelen erregularizazioa jorratzen duena. Erregularizazio horren zehaztapena araudi espezifiko baten garapenaren esperoan geratu bazen ere, lege horren onarpenarekin negozio mota horretan jardun nahi zuten enpresa eta pertsonen mugimenduek gora egin zuten nabarmen. Baita Antépararen enpresarena ere, nahiz eta, printzipioz, deklaratutako jarduera motak –publizitatea eta edizioa– ez izan zerikusi handirik etxebizitza turistikoekin.

2017ko otsaila eta urria bitartean, GECEk lau etxebizitzari alta eman zien Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza turistikoen erregistroan –horietariko bi Alde Zaharrekoak–: Zerkabarren kalean, San Prudentzio kalean, Arkupeko Pasealekuan, eta Aiztogile kalean. Arkupeko Pasealekuko etxebizitza Pilar Perosanzek erregistratu zuen jabetzan data horien artean, 2017ko ekainean. Eta abuztuan sortu zen Arabatur elkartea, Perosanz zuela presidente.

2018ko maiatzaren eta 2019ko martxoaren artean, GECEk eta Antéparak Alde Zaharrean bost etxebizitza eta hiru trasteleku erosi zituzten: GECEk Pintore kaleko atari bereko lau etxebizitza eta bi ganbara, atari guztiaren jabe eginez; Gustavo Antéparak Aiztogile kaleko atari bereko bigarren solairua eta trasteleku bat (2017ko urrian Jaurlaritzaren erregistroan alta eman zuen etxebizitzaren atarikoak, aldi berean).

Arabaturren eta Antépararen interes gurutzatuak

Mugimendu eta erosketa horien guztien ostean, 2020ko otsailean, Antépararen interesak arriskuan gelditu ziren: Gasteizko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak (Udal Gobernua osatzen duten EAJ eta PSEko ordezkariek osatutakoa) erabaki zuen erabilera turistikorako pisuak lehen solairuetan soilik baimentzea.

"2020ko maiatzean Arabaturrek bere alegazioa erregistratu zuenean, Antépararen enpresaren helbidea eman zuen"

Bi hilabete geroago aurkeztu zuen Arabaturrek erabaki horren aurkako alegazioa, eta bere mamiak Antépararen interesekin bat egiten du guztiz. Bai alegazioaren eskaera nagusiak, hau da edozein etxebizitza turismora bideratzeko baimena ematearena. Baina baita ere hori onartu ezean atari osoak turistifikatzeko aukera emateko eskaerak: Pintore kaleko atari bateko etxebizitza guztien jabe da Antépara, eta Aiztogile kaleko atari baten hiru etxebizitzetatik bakarra falta du. Edo agian hori ere badu: orain gutxi arte ostatu turistikoentzako Gites webgune ospetsuan Aiztogile kaleko atari horretan hiru apartamentu eskaintzen baitziren alokairuan “Luxury Cuchilleria” izenarekin. Horrek adieraziko luke enpresak atari osoa kontrolpean duela.

Arabatur-Perosanz eta GECE-Antépararen arteko loturei dagokienez, hainbat datu daude. Perosanz Grupo Enea Editorial S.C enpresako zuzendari komertziala izan zen enpresak GECE izena hartu aurretik. Luxury enpresak alokairurako eskaintzen dituen etxe turistikoetako bat (Arkupeko Pasealekukoa) Pilar Perosanzen jabetzakoa da 2017ko ekainetik. 2017ko urrian etxebizitza turistiko bat altan eman zuen Eneak Jaurlaritzaren erregistroan: kontakturako eman zuen posta elektronikoa GECErena zen, eta telefono zenbakia, aldiz, Pilar Perosanzena. 2020ko maiatzean Arabaturrek bere alegazioa aurkeztu zuenean, emandako helbidea GECEren egoitzarena da.

Arabaturreko presidente Pilar Perosanzekin jarri gara kontaktuan telefonoz maiatzaren 28ko ostiralean, informazio horien guztien inguruan galdetu eta bere esanak jaso asmoz. “Alde Zaharreko etxebizitza turistikoen araudiaren inguruko erreportaje baterako” galdera batzuk egiteko nahia adieraztean galderak posta elektronikora bidaltzea eskatu du, “hobeto” erantzuteko. “Nik ezagutzen ditudan galderak badira ondo, bestela elkarteko abokatuari galdetu beharko diot”, esan du, aurretik galderen edukiaren inguruko inongo zehaztapenik izan edo eskatu gabe. Erreportajea ixteko orduan Perosanzek ez dio posta elektronikoari erantzun.

Orain dela gutxi arte etxebizitza turistikoen alokairurako Gites webgune ospetsuak Aiztogile kaleko atari bereko hiru etxebizitza eskaintzen zituen "Luxury Cuchilleria" izenarekin. Etxebizitza horietako batzuk ez daude Jaurlaritzaren etxebizitza turistikoen erregistroan alta emanda, eta ez dira lehen solairukoak araudiak exijitzen duen moduan. Etxebizitzek Arabaturren gomendiozko "zigilua" dute.

 

‘Enea’-tik ‘Luxury’-ra

Gustavo Antéparak etxebizitza turistikoen negozioan sakontzen jarraitu du udalak hasiera batean bere interesen aurka egin bazuen ere.

Iazko irailean aldaketa esanguratsuak egin zituen enpresan: batetik, izena aldatu zion, Grupo Editorial y Comunicaciones Eneatik Luxury Rental Apartments-era; bestetik, xede soziala aldatu egin zuen sozietateak: “Ostalaritzako jarduera, turismorako zerbitzuak eta, bereziki, etxebizitza edota apartamentu turistikoen ustiapena eta jarduera osagarriak”. Administratzaile bakarra pertsona berberak jarraitu zuen izaten: Gustavo Antépara Benito.

Are gehiago: Luxuryren webgunean, orain arte aletu ditugun etxebizitzez gain beste bi behintzat agertzen dira, Zapatagile eta Hedagile kaleetan. Etxebizitza horiek zein ataritan dauden ez du zehazten webguneak, eta estekak ez daude aktibo. Erregistroan alta emateko aukerarik ez delako izan, agian, lizentziak eta tramitazioak bertan behera uztea erabaki baitzuen udalak 2020ko otsailean, etxebizitza turistikoentzako araudi berria behin betiko onartu arte. Bere webgunean ez, baina beste batean gutxienez eskaini du erregistratu gabeko pisurik, lehenago aipatutako Gitesekoan kasu. Orain dela gutxi arte Aiztogile kalean atari bereko hiru apartamentu eskaintzen zituen webguneak. Arabaturren gomendiozko “zigiluarekin”, gainera. Ezin dugu ziurtatu Luxuryk etxebizitza gehiago eskaintzen ez duenik beste inon, ezta enpresak edo Antéparak jabetza gehiago ez dutenik ere. Batetik, Gasteizko datuak hainbat jabetza-erregistrotan zatituta daude, eta erreportaje honetarako datuak Alde Zaharra hartzen duen erregistroan bilatzera mugatu gara. Bestetik, normalean horrela egiten bada ere, ez da derrigorrezkoa jabetzen alta ematea jabetza-erregistroan.

Sozietate pribatuak eta erakunde publikoak

Azken urteotan beraz, Alde Zaharrean turismora bideratzeko etxebizitzak pilatu ditu Luxury Rental Apartments enpresak, eta etxebizitza turistikoen araudia moldatzen saiatu da Arabatur, turistifikazioa erraztu nahian.

"Antépara eta Perosanzen mugimenduek Gasteizko Alde Zaharraren etorkizuna baldintza dezakete"

Urte berdinetan Antépara PPko zinegotzi izan da Gasteizko Udalean 2016 eta 2019 artean (2019ko hauteskundeetan alderdiaren zerrendan joan zen baina ez zen hautatua izan). Eta, batez ere, Miguel Garnicarekin batera PPren bi ordezkarietako bat da Gasteizko hirigintza politika zuzentzen duen 21 Zabalgunea sozietate publikoan 2015az geroztik. 21 Zabalguneak, besteak beste, Gasteizko eta Alde Zaharreko lurzoru politikaz, etxebizitzaz eta etxebizitzen zaharberritze politikaz erabakitzen du. Are gehiago. Udalaren Hirigintza Kudeaketako Zuzendaritzak Arabaturren alegazioa partzialki onartzea proposatu zuen hain zuzen ere sozietatearen aldeko iritzian oinarrituta: “Arabaturren alegazioari dagokionez, udaleko hirigintza-sozietatearekin [Zabalgune 21] kontrastatu da (...) eta ondo funtsatutzat eta onargarritzat jotzen da erabilera turistikoko etxebizitzak eraikin osoetan baimentzeko aukera”.

Hemen etxebizitza turistikoei eta bere sustatzaileei loturiko gertaera eta urrats nagusiak laburbiltzen dituen denbora-lerro bat.

Informazio urria eta desitxuratua

Antéparak eta Perosanzek beren interesak defendatzen dituzte. Baina hori egiteko “pisu bat edo bi” dituzten jabeen ordezkari bezala aurkeztu dira, Anteparak gutxienez bederatzi etxe dituenean jabetzan. Hori gutxi balitz, Antépara 21 Zabalgunearen administrazio kontseiluko kide da PPren ordezkari bezala. Kargu hori bereziki nabarmentzekoa da, hirigintza politikak erabakitzeko hiriko marko nagusia baita sozietate publikoa. Alde Zaharreko etxebizitzen zaharberritze politikak erabaki ditu 21 Zabalguneak azken hamarkadetan. Auzoko elkarteek askotan kritikatu dituzte politika horiek, bestek beste zaharberritzerako diru-laguntzak soilik lan horiek ordaintzeko diru nahikoa dutenentzako bideratu dituztelako, eta ez, hain zuzen ere, diru eskasiagatik egoera okerrenean dauden etxeetan bizi diren auzokideentzat. Horrek errazten du auzokide txirotuek auzotik alde egin behar izatea, eta dirua duten pertsonek etxebizitzak merkeago erosi ahal izatea. Adibidez, ondoren turismora bideratzeko, beste hiri batzuetan ikusten denez. Eta PPk –ere– politika horiek babestu ditu 21 Zabalgunean.

Antépara eta Perosanzen mugimenduek Gasteizko Alde Zaharraren etorkizuna baldintza dezakete. Beraiek hartu dute auzoaren turistifikazioaren bandera, eta argudio horiek ontzat emanda onartu zuen udalak partzialki Arabaturren alegazioa. Aldiz, auzoari eragiten dioten erabakietan erakundeek auzokideei ematen dieten erabakimen eskasa hamarkadetan errepikatzen den salaketa da Gasteizko Alde Zaharrean. Etxebizitzen turistifikazioaren aferan ere informazioa eta eztabaida urriak izan dira. Eta gainera, ikusten dugunez, batzuetan desitxuratua egon da.

Horren guztiaren aurrean, etxebizitzen turistifikazioaren aurka azaldu eta antolatu da Alde Zaharrean jende ugari azken hilabeteetan. Zergatik?

Álava-Velasco jauregia. Talde Aleman batek 33 apartamentu turistiko ireki nahi ditu abandonatutako eraikinean, El Correo egunkariak argitaratu zuenez. Argazkia: Dos por Dos

 

Turistifikazioaren ajeak

Esperientziak erakutsi du jada zer gertatzen den etxebizitzen turistifikazioari muga estuak jartzen ez zaizkion lekuetan. Alokairu tradizionalera bideratutako etxebizitzen jabeek turistentzako alokairura pasatzeko joera dute, edo arloko enpresa handiei eta inbertitzaileei saltzekoa, Alde Zaharrean gertatzen ari den bezala. Batzuetan norberaren interesagatik, besteetan presioak tarteko. Transformazio horiek ondorio larriak dituzte Gasteizko Alde Zaharraren moduko auzoetan.

Alde batetik, alokairurako etxebizitzen kopurua murriztu egiten da, eta prezioa igo. Non eta diru-sarrera urriengatik alokairuan bizi behar duen auzokide gehien (% 23) duen hiriko auzoan. Gainera, auzokideen bizileku diren etxebizitza horiek, auzoan geratzen ez diren turistez beteko lirateke, sare komunitarioak eta auzo-dinamikak arrisku larrian jarriz. Turistifikazioaren ondorioei buruzko analisi sakonagoa nahi duenak Etxebizitzak turistifikatu, Alde Zaharrak ez birgaitzeko erreportajera jo dezake (ARGIA, 2698. zenbakia).

"Ez da berandu aldatzeko, erabakiak udalaren esku jarraitzen baitu. Oraindik ez die erantzunik eman atari osoen turistifikazioa baimentzeko erabakiaren aurka auzokideek aurkeztutako 136 alegazioei"

Turistifikazioa arrisku; auzotasuna berme

Etxebizitzen erabilera turistikoaren inguruko politikek eztabaida sakona eskatzen dute: jendarte eta auzo ereduez, turistifikazioaren ondorioez, erabakiak hartzeko moduez, erabakiguneez. Eztabaida hori ezinbestekoa gaur Gasteizko Alde Zaharrean, jakinik nola ari den etxebizitzen turistifikazioa sustatzen. Eta hori Arabatur elkarteaz eta Luxury Rental Apartments enpresaz haratago doa, gehiago ere etorriko dira horien atzetik eta ondotik: El Correo egunkariak azaleko lerroburu nagusia eman zion maiatzaren 15ean albiste honi: “Talde aleman batek 33 apartamentu turistiko proiektatu ditu Álava-Velasco jauregian”. Hamarkadak abandonatuta daramatzan Alde Zaharreko (beste) jauregi bat da, Gasteizko mugimendu feministak 2018ko abenduan okupatu eta Udaltzaingoak hiru hilabete geroago hustu zuena.

Ez da berandu aldatzeko, erabakiak udalaren esku jarraitzen baitu. Oraindik ez die erantzunik eman atari osoen turistifikazioa baimentzeko erabakiaren aurka auzokideek aurkeztutako 136 alegazioei. Eta oraindik ere araudi berria osoko bilkura batean berretsi beharra dago. Denbora eta aukerak badira auzokideen eskaerei erantzuteko; borondate politikorik orain arte ez. Dena dela, udalean bestelako “borondateak” sortzeko bermerik onena, hamarkadetan bezala, auzokideak eta mugimendu herritarrak izaten jarraitzen dute.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Politika  |  Gasteiz  |  Turismoa

Politika kanaletik interesatuko zaizu...
Eskoletako digitalizazioa Microsoften esku utzi du Jaurlaritzak

EAEko eskola publikoetan ikasleek erabiltzen dituzten plataforma digitalak Microsoftekin hitzartu ditu Eusko Jaurlaritzak, bost urtean multinazionalera 3 milioi euro bideratuz. Hala kontatu du Hordago-El Salto agerkariak, hezkuntza publikoa pribatizatzeko modua dela salatuz.


2021-11-30 | ARGIA
Covid ziurtagiria eta osasun larrialdi egoera ezarriko ditu Eusko Jaurlaritzak

Hiru hilabete ere ez dira EAEn osasun larrialdia bertan behera utzi zuela Eusko Jaurlaritzak. Bada, larrialdi egoera berrezarriko duela iragarri du. Egun berean, argi berdea eman dio Auzitegi Gorenak: covid ziurtagiria ezarri ahalko du hainbat jardueratan.


2021-11-30 | ARGIA
Euskal Preso Politikoen Kolektiboak adierazi du ongi-etorriak "hurkoen artean eta era pribatu eta diskretuan" jaso nahi dituztela

Kaleratu duen agirian EPPK-k bere borondatea azaldu du: "Kaleratzean egiten zaizkigun harrerak hurkoen artean eta era pribatu eta diskretuan jaso nahi ditugula aurrerantzean, orokorrean azken hilabeteetan hasia den bidetik jarraituz". Erabaki hori "euskal preso... [+]


2021-11-29 | ARGIA
EAEn COVID ziurtagiria ezartzearen alde egin du Espainiako Auzitegi Goreneko Fiskaltzak

Ziurtagiriaren exijentzia “beharrezkoa eta neurrikoa” da Fiskaltzaren arabera. Epaia aste honetan emango du Gorenak.


Irakurrienak
Azken albisteak
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude