Ertzaintzak 'taser' bat erabili du Gasteizen lehendabizikoz

  • Lehen aldiz erabili du pistola elektriko bat Ertzaintzak, Arabako hiriburuan. Autopsien emaitzen arabera, 2000 eta 2017 bitartean 1.000 pertsona hil ziren ‘taser’ pistolen inpaktuen ondorioz.

Artikulu hau CC BY-SA 4.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2018ko maiatzaren 30an - 14:58

Ertzaintzaren Berehalako Erantzunerako Patruila Zerbitzuak berau erabiltzeko baimena jaso zuenetik, lehen aldiz erabili du Ertzaintzak ‘taser’ pistola bat. El Correo egunkariak jakitera eman duenez, estreinaldia pasa den asteburuan egin zuten, Arabako hiriburuan.

‘Taser’ pistolen erabilera 2017ko martxoan baimendu zen, ez polemikarik gabe, ulergarria den moduan. Izan ere, ‘taser’ edo pistola elektrikoak iragan beltza ezkutatzen du, ehunka pertsonari bizitza kendu dion arma baita. Fabrikatzen duen enpresak ematen dio izena pistolari: Taser International Inc., zeinak onartu duen heriotza eragiteko %0,25 inguruko arriskua duela, halako pistola baten inpaktua jasotzen duten 400 pertsonatik bat, alegia.

Gutxienez 1.000 hildako

Reuters agentziaren arabera, 2000 eta 2017 arteko autopsien emaitzak behatuz gero, ‘taser’ pistolekin lotura daukaten 1.000 heriotza zenbatu ditzakegu. Heriotza horietatik, 153 kasutan pistola elektrikoa heriotzaren eragile edo honen faktore lagungarria izan zela dago zehazturik. Hildako hamar pertsonatik bederatzi desarmaturik zeuden inpaktua jaso zutenean, eta lautik batek arazo psikikoak edo neurologikoak pairatzen zituen.

 AEBetako Bihotzaren Elkarteak pistola hauek eragindako hainbat heriotza ziurtatu ditu. Era berean, Indianako Unibertsitateko (AEB) Douglas Zipes doktorea eta beste zenbait mediku eta irakasle ezagun bat datoz: pistola elektrikoen inpaktuak geldialdi kardiakoa eragin dezake. Bereziki pertsona zaurgarrienei eragiten die: adin txikikoak, zaharrak edota bihotzeko gaixotasunak dituztenak, besteak beste.

Zigor-sententziak

2014an, polizia-agente bulgariarrek egindako ‘taser’ pistolen erabilera desegokiaren ondorioz, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ‘Anzhelo c. Bulgaria’ kasuan Bulgariak Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 3. artikulua (torturaren debekua) urratu zuela ebatzi zuen.

Epaian, Auzitegiak Torturaren Prebentziorako Europako Batzordea aipatzen du, eta honek dio ‘taser’ pistolen erabilerak atea zabal diezaiekeela poliziaren partetik eman daitezkeen neurriz kanpoko erantzunei. Torturaren kontrako Nazio Batuen Batzordeak adierazi du, dagoeneko, Portugaleko polizia-gorpuak pistola hauek erabiltzearen kontra dagoela.

Albiste hau Hala Bedik argitaratu eta Argiak euskaratu du. Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Politika
Heriotzaren merkatarien harrokeria

Moncloa jauregia, martxoak 18: industria militarreko elitea Espainiako presidente Pedro Sánchez eta Defentsa ministro Margarita Roblesekin bilduta. Azken lerroan, euskal ordezkaritza: Juan Ignacio López Gandasegui (Aernnova); Jokin Aperribay (SAPA); Carlos Azola... [+]


Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


EAJk Mundakako bere alkatea presionatzen zuen, udaleko idazkariaren gainetik aritzeko

Mundakako alkatea Mikel Bilbao zen gertaerak deskribatzen diren garaian, 2019 eta 2020an, eta EAJko herriko Uri Buru Batzarrak presioa egin zion aurreko udalak kontratatutako zerbitzu juridikoak berriz kontratatzeko. Udaleko idazkariak kontratazio horren aurkako txostena egin... [+]


Estatuaren edo eskuin muturreko taldeen lehen hamabi biktima onartu ditu Nafarroako Gobernuak

Eskuin muturreko taldeek eta funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen lehen hamabi aitorpenak egin ditu Nafarroako Gobernuak. Beste hirurogei espediente aztertzen ari da.


Eguneraketa berriak daude