Emakumeak poliziekin kolaboratzeko “errezeloa” duen kasuetarako izango litzateke, ulertzen baita erasotzailearekiko “mendekotasun handia” duela eta babes handiagoa behar duela, Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak aurreratu duenez.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehendakariordeak eta Segurtasun sailburuak ostiralean aurreratu zuen Ertzaintza aztertzen ari dela indarkeria matxista jasan duten emakumeen babeserako beste neurri batzuk hartzea, kasu batzuetan emakume horiek “errezeloak” dituztelako Ertzaintzarekin kolaboratzeko, eta erasotzaileari hurbiltzen uzten diotelako. Urruntze agindu judiziala duten erasotzaileak zuzenean kontrolatzea litzateke neurrietako bat. Erkorekak azaldu duenez, erasotzailearekiko mendekotasuna dute zenbait biktimak, eta horregatik ez dute poliziekin kolaboratzen; Ertzaintzak ulertuko du kasu horietan emakumeek babes handiagoa behar dutela.
Legebiltzarrean eman du jakitera informazio hori, Ertzaintzaren jokabideari buruzko azalpenak emateko eskatu baitzioten Laura Garrido PPko eta Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkideek, babespean zeuden bi emakumeren kasuei buruz galdetuta (Gipuzkoako tutoretzapeko egoitza batetik haurrarekin joan zen andrea, eta Gasteizko Maialen Mazónen hilketa matxista). Segurtasun sailburuak Ertzaintzaren “lan itzela” baloratu du, eta gehitu uneoro autokritika egiten duen eta protokoloak hobetzeko lanean ari den “prozesuen talde bat” dagoela Ertzaintzan bertan. Galdegindako bi kasuak ikertzen ari direla ziurtatu du.
“Prozesuen taldea baloratzen ari da bi bidetan lan egitea emakumeak gehiago babesteko: Poliziaren kontrabijilantzia indartzea emakumeari, eta erasotzailean fokua jarri eta horri kontrol zuzena egitea. Neurri garrantzitsuak dira, eraginkorrak izan daitezkeenak, baina baita juridikoki konplexuak ere”. Jakinarazi du Ertzaintza “tentuz” ikertzen ari dela neurriok izan ditzaketen ondorio juridikoak, martxan jartzea erabaki aurretik.
Erkorekak gogorarazi du genero indarkeria eta indarkeria matxista jasan duten 5.588 emakumek Ertzaintzaren babes neurriak dituztela egun, epai bidez hala erabakita. Bizkaian 2.712 dira, Gipuzkoan 2.019 eta Araban 857. Horietatik 297 kasu larritzat dauzkate, “intentsitate handiko babes neurripean”. Erasotzaileen kasuan, epailearen aginduz eskumuturreko telematikoaren bidez kontrolatzen ditu Ertzaintzak 92 tratu txarren emaile, urruntze agindua betetzen ari direla ziurtatzeko. Gipuzkoan 37 dira, Bizkaian 36 eta Araban 19, Jaurlaritzaren arabera.