Erraustegiaren aurkako gose grebaren digestioa

  • Kalean egin dugun aste honetan herritar askorekin hitz egiteko aukera izan dugu. Agintariek lotsagabeki ezkutatzen duten informazioa zabaltzeko baliatu dugu, baita herritarrekin iritziak partekatu eta eztabaidatzeko ere. Eta ikusi dugu, informatua dagoen herritarrak ez duela erraustegirik nahi.

Sei gose grebalariak Donostiako Easo plazan, zazpi eguneko baraualdia egin zutenean.

Jada astebete pasa da sei herritar gipuzkoarrok Donostiako Easo plazan erraustegiaren gezur handiaren aurkako gose grebari bukaera eman genionetik. Gure lanak, familiak eta etxeak utzi eta astebetez egon gara kalean elikagairik hartu gabe, gure gorputzak borrokarako tresnatzat hartuz, aire garbiaren eskubidea eta osasun eskubidea aldarrikatuz. Oraingoan berriz ere plaza publikora azaltzea erabaki dugu, borroka ekimen honek utzi diguna zuekin partekatzeko asmoz.

Lehenenik nabarmen adierazi beharreko sentimendu bat jarri nahi dugu erdi gunean. Poza. Poza sortu baitigu ekimena pentsatzeak, antolatzeak eta egiteak ere. Poz handia. Asebetetzen gaituen borrokaren poza. Gauzak ongi, justu eta bihotzez egitearen poza.

Poza sentitu dugu herriaren bizi nahia hain gertu sumatu dugunean, baita Amara auzoko elkarte sarearen babesa jaso dugunean ere. Hainbat auzotarrek beraien etxeak ireki dizkigute, hainbeste estimatzen genituen dutxa beroak eskainiz. Aipatzekoa ere hainbat tabernen babesa eta laguntzeko prestutasuna. Jendearen sostengua eta babesa izan ditugu aste osoan zehar hutsik egin gabe.

Poza sentitu dugu hainbat eta hainbat herritarrek beraien esker ona adierazi digutenean.  Poza, antolatutako batzar, hitzaldi, dantza eta musika emanaldi, giza kate eta gainontzekoetara jende asko gerturatu delako.

Eta uste dugu poz honetatik abiatuz gelditu  dezakegula behin betiko Zubietako erraustegiaren egitasmoa. Kaletik eta herri mugimenduaren indar, haserre eta pozetik.

Haserrea ez baitugu ekiditen, ez. Gure baitan baitaude biak, poza eta haserrea. Nola ez gara ba haserretuko eskura ditugun datuak ezagututa? Nazioarteko ikerketa zientifikoek diotenez, hainbat osasun arazo eta minbizi motek nabarmen egiten du gora bereziki erraustegitik 10 kilometroren bueltan (Donostia, Astigarraga, Urnieta, Lasarte-Oria, Usurbil, Billabona, Andoain, Hernani, Orio...), eta eragin hori bereziki da kaltegarria haurrentzat. Esaterako garuneko minbiziak bikoiztu egiten dira, hezurretakoak eta malformazio kongenitoak hirukoiztu. Heriotzak %13 inguru gehitu ohi dira. Kaltea lurrari eta gure ondorengoei ere egingo zaie egitasmo zentzugabe honekin jarraituz gero. Onartezina den 35 urterako zorrera kondenatzen gaituzte.

Horretaz gain badakigu bultzatu nahi duten egitasmo hau ekiditeko alternatiba badagoela eta askoz lanpostu gehiago sortzeaz gain, nabarmen merkeagoa eta osasuntsuagoa dela. Horretaz gain, Europatik datozen irizpideekin ere bat dator. Gipuzkoan gainera urrats garrantzitsuak eman dira bide horretan.

Zein politikari klasek agintzen du Foru Aldundian? Datu hauek guztiak eta gehiago esku artean izanda, nola liteke erraustegiaren egitasmoarekin jarraitu? Erraustegia eginez gero diru publiko izugarri jasoko duten gutxi horientzat gobernatzen duten politikariak ote ditugu Foru Aldundian? Ez al lukete guztion onurarako aritu behar? Zertarako behar ditugu bestela?

Kalean egin dugun aste honetan herritar askorekin hitz egiteko aukera izan dugu. Agintariek lotsagabeki ezkutatzen duten informazioa zabaltzeko baliatu dugu, baita herritarrekin iritziak partekatu eta eztabaidatzeko ere.

Eta berriro ere ikusi dugu, informatua dagoen herritarrak ez duela erraustegirik nahi, gutxiago etxe ondoan. Baina hau Foru Aldundiko agintariek ere badakite, horregatik ari dira etenik gabe, informazio ezkutatzen eta aurkako protestak isiltzen. Horretarako, egun hauetan salatu dugun bezala, hainbat komunikabide erabiltzen dituzte, besteak beste guztion diruarekin ordaindutako EITB.

Agintari hauek herritarrek etsi eta borroka uztea bilatzen badute ere, guk esan behar dugu inoiz baino kementsuago eta adoretsuago gaudela, gu herritarron osasun, duintasun eta oinarrizko eskubideen alde ari garelako. Konbentzimendu horrek ematen digu orain arte bezala informatzen eta herritarrak aktibatzeko lanetan aritzeko indarra.

Planteatzen dugun eraldaketa sozialaren alde lan egitea oso duina eta beharrezkoa da. Gure buruei eta gure seme alabei zor diegu etsi gabe bide horretan jarraitzea. Gutako bakoitzak txikitik eraginda, helburu handiak lor ditzakegu. Besarkada eta animo handiak guztientzat. Lurra eta herria bizirik. Zubietako erraustegia behin betiko gelditu!

Sinatzaileak:

Irantzu Jauregi, Iñaki Armendariz, Teresa López de Munain, Kepa Olaiz, Aran Garmendia eta Mila Zabalo. Erraustegiaren Aurkako Easo Plazako Gose Grebalariak

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude