"Eredu energetikoaren inguruko hausnarketa bultzatu nahi dugu, bide okerretik goazela ohartarazteko"

  • Araban, Subillako putzuan hasiriko proiektuari aurre egiteko Berriztu! taldea sortu da. Ingurumenean eta gizartean gasa ateratzeko zulaketek izan ditzaketen ondorioak ezagutaraztea eta proiektu horiek geldiarazteko presio egitea dituzte helburu.


2016ko azaroaren 29an - 12:52

Taldeko kide Estitxu Villamorrek eman digu ekimenaren eta Subillako putzuak eta ondoren iritsi daitezkeenek izan dezaketen eraginen berri.

Nondik dator Berriztu! proiektua?

Urriaren hasieran elkartu ginen Araban gasa erauzteko planen inguruan hitz egiteko. Lehen frackingaren bidez egin nahi zutena orain teknika konbentzionalen bidez egiteko asmoa dute. Horren aurrean arduraturik talde bat gaiaren inguruan aritzeko biltzen hasi ginen. Fracking Ez plataformak gidatuta hasi arren, oso jende desberdina bildu gara eta talde berri bat sortu dugu, Berriztu!

Zeintzuk dira taldearen helburuak?

Hiru helburu nagusi ditugu. Lehena izango litzateke mobilizazioaren bidez Subillako putzua bertan behera geratzea. Bigarrenik, eredu energetikoaren inguruko hausnarketa bultzatu nahi dugu, gizarteari bide okerretik goazela ohartarazteko. Azkena alternatibak bilatzeari dagokiona izango litzateke, hartu daitezkeen bideen inguruko hausnarketara deituz.

Gasa trantsiziozko energia garbi bat dela sinestarazi nahi digute, baina indarra azpiegitura hauetan jartzen bada beste energia eredu batzuetan inbertitzea oztopatzen da, energia berriztagarrietan adibidez. Energia ereduan berehalako aldaketa bat beharrezkotzat jotzen dugu guk.

Fracking Ez plataformari jarraipena ematen dio Berriztu!-k.

Ez nuke hori esango. Nik uste dut beste mugimendu bat dela. Fracking Ez izan zen proiektu honen inguruko kezkak azaleratzen lehena. Orain, ordea, bi talde dira.

Subillako putzuan egin nahi diren zulaketen ondorioz sortu da taldea. Zer da zehazki egin nahi dutena eta zer dira bertan erabiliko dituzten “metodo konbentzionalak”?

Kontuan izan behar da, metodo konbentzionalak erabiliko dituztela dioten arren, formazio geologikoa ez konbentzionala dela. Formazio konbentzionaletan gasa lur azpian egoten da, baina iragazkortasun handia duten arroketan. Ondorioz, leku horietan erraza da zulaketa bakar baten bidez inguruko gas guztia kanporatzea. Kasu honetan bezala, formazioa ez konbentzionala denean, ordea, gasa sakabanaturik dago eta arrokek iragazkortasun eta porotasun txikiak dituzte. Beraz, zulaketa bakarrarekin gasaren proportzio txiki bat kanpora daiteke. Ondorioz ehunka zulo egin beharko lirateke gasa kanporatzeko.

Ez dira orain arte ezagutzen ditugun zulaketak, lehenik bertikalki egiten dira, eta ondoren horizontalki ahalik eta eremu handiena hartzeko.

Zer ondorio izango lituzke?

Orain zulo bakarra planteatzen dute ikerketarako, baina benetan Arabako lur azpian dagoen gasa atera nahiko balute ezinbestekoa izango litzateke ehunka edo milaka putzu egitea. Arabako landa eta baso eremuak eremu industrial bilakatuko lirateke. Eraginak frackingaren antzekoak dira.

Arabako biodibertsitatea eta nekazaritza eremuak arriskuan daude. Lan horiek eragiten dituzten CO2 isurketak handiak dira eta kontuan izan beharrekoa da putzu horietan dagoen metano kopurua. Hainbeste putzurekin ez litzateke arraroa izango metano isurketaren bat egotea. Metanoak CO2ak baino berotegi efektu handiagoa eragiten du.

Nola eragin dezake beste eskualdeetan?

Hau lehen putzua izango litzateke. Eusko Jaurlaritzako Energia eta Meategi zuzendari Aitor Oregik aipatu izan du Arabakoa lehena dela, baina Euskal Herriko beste hainbat lekutan ere proiektuak badaudela, tartean Bizkaia.

Epe labur edo ertainera ekimenik pentsatu al duzue?

Gure lehen asmoa arazoa kalera ateratzea da, herritarrak informatuz. Lehen mobilizazioa azaroaren 27an egin genuen, Arabako Batzar Nagusiak bildu ziren eta bertan gaia eztabaidatu zen. Mozio bat aurkeztu zen, besteak beste, Eusko Jaurlaritzari eskatuz proiektuari uko egin diezaiola. Han geundela jakin genuen mozioa ez zela aurrera atera.

Kalean mobilizatzeaz gain ahalik eta bide gehien jorratu nahi ditugu. Hainbat mozio sortzen saiatuz instituzioetan ere eragina izan dezagun.

Bestalde, jendea animatu nahi dugu, batez ere Gasteiz ingurukoa, ostegunetan arratsaldeko zazpietan Iparralde gizartetxean egiten ditugun bileretan parte hartzera.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hidrokarburoak
Repsolek 2.500 milioi euro baino gehiago irabazi du, aurreko urtean irabazitakoaren bikoitza

Krisi energetiko betean, Repsolek 2.539 milioi euro irabazi du lehen seihilekoan. Aurreko urtean, epe berdinean, 1.235 milioi euro irabazi zituen, aurten irabazitakoaren erdia baino gutxiago. Hidrokarburoen prezioaren igoerak bultzatu du besteak beste irabazien puztea.


Armentia-2 putzuaren amaiera ospatu eta trantsizio energetikoaren alde mobilizatzera deitu du Berriztu!-k

EAJk eta PSEk Araban azken unera arte proiektua babestu dutela salatu du mugimenduak, eta Madrilen onartutako legeak behartu dituela atzera egitera, baina bestelako “proiektu suntsitzaileak” bultzatzen jarraitzen dutela bi alderdiek. Arabako jendartea lorpenagatik... [+]


Mikel Otero
"EAJk ez du astirik lurrazpiko gasaren esplotazioa garaiz hasteko"

Mikel Otero Gabirondo Arabako EH Bilduko legebiltzarkide da 2016. urtetik, eta koalizioaren Ingurumen eta Energia idazkaria. Politika energetikoari dagozkion gaiak hurbiletik jarraitzen ditu, eta horien artean dago Arabako Sunbillako Armentia-2 putzuarena, Gasteizko Udalerrian... [+]


2020-11-18 | ARGIA
Dieselari zergarik ez igotzea eskatu du EAJk Espainiako aurrekontuak onartzearen truke

EAJk 85 zuzenketa jarri dizkio Espainiako Gobernuak aurkeztutako aurrekontuei eta dieselaren zergaren gaia jarri du erdigunean, PSOE-UP koalizio-gobernuak jeltzaleen babesa jasotzeko.


2020-08-18 | Mikel Eizagirre
AEBetako Gobernuak Artikoko erreserba naturala petrolio ustiapenera bideratuko du

Alaskako Artikoko Baso Bizitzaren Babesleku Nazionala petrolio-ustiapenarentzat irekitzeko plan bat onartu du, eta litekeena da urtea amaitu baino lehen kontzesioak esleitzea. Neurri horrek ingurumen taldeen gaitzespena eragin du, eskualdeko biztanleria indigena, animaliak eta... [+]


Eguneraketa berriak daude