ARGIA.eus

2021eko martxoaren 05a

Subilla Gasteizen ireki nahi duten gas putzua dela-eta kezka agertu du Fracking Ez plataformak

  • Fracking Ez plataformak kezka agertu du Euskadiko Hidrokarburoak (SHESA), Eusko Jaurlaritzaren menpeko sozietate publikoa, Armentia-2 izeneko gas putzu baterako baimena tramitatzen ari delako. Subilla Gasteizen dago putzu hori, azken urteetan SHESAk fracking teknika erabiltzeko asmoa izan duen leku berean.

Unai Brea @unaibrea
2016ko urriaren 05a
Inguru honetan zulatu nahi dute putzua.

“Oraingoan, enpresak dio teknika konbentzionalak erabiliko dituztela, alegia, frackingik ez”, adierazi dute plataformako ordezkariek Gasteizen emandako prentsaurrekoan. Azaldu dutenez, SHESAk ekainean aurkeztu zuen proiektuaren ingurumen-memoria Espainiako Nekazaritza eta Ingurumen Ministerioan.

“Proiektuaren berritasun bakarra ‘fracking’ hitza desagertzea da”, nabarmendu dute Estitxu Villamor eta Luis Casado plataformako kideek, eta azken bost urteotan teknika horren aurka egindako borrokaren fruitutzat jo dute hori: “Borroka horren ondorioz ez SHESAk ez Jaurlaritzak ez inork ez dute frackinga erabili gure lurraldean. Teknika horri emandako arbuio zabal eta erabatekoak Jaurlaritza behartu du bere planak albo batera utzi eta fracking hitza bere hiztegitik kentzera”.

Hala ere, hainbat zalantza agertu dute SHESA tramitatzen ari den baimen berria dela eta. Batetik, Fracking Ez-en ustez ez da sinesgarria hidrokarburoak erauzteko teknika konbentzionalek funtziona dezaketenik, “duela hogei urte porrot egin bazuten”. Plataformako kideek azpimarratu dute hamar urtez frackinga erabiltzera bideratutako lanak egin dituela SHESAk Subillako inguruan, teknika arrunten bidez lortu ez zena frackinga erabilita lortuko zela esanez. “Zenbat diru gastatu dute fracking bideko putzuak planifikatzen, gasa eskuratzeko alternatiba konbentzional bat baldin bazegoen?”, galdetu dute.   

Bestetik, gogoratu dute zulatu nahi den putzurako ingurumen-memorian SHESAk dioela frackinga teknika arrakastatsua dela baina EAEn gaur-gaurkoz aplika ezin daitekeena. Ildo beretik mintzatu zen Arantza Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta lehiakortasun sailburua, 2030ra arteko energia-estrategia aurkeztu zuenean. Frackingak oraingoz ez duela ingurumen aldetik segurtasunik nahikorik esan zuen Tapiak.

“Frackinga erabat baztertu dute arriskutsua izateagatik, edo putzu konbentzional hau irekitzea lehen urratsa da geroago, erantzun soziala apalagoa denean, frackinga erabiltzen hasteko?”, galdetu dute Villamorrek eta Casadok.           

Energi eredu osoa ezbaian

Nolanahi den ere, frackinga geldiarazteko bost urteko borrokaren ostean eztabaida harago joan da plataformaren ustez: “Jendartea energi eredu osoaz eztabaidatzen ari da dagoeneko”. Hala, zilegitasun sozialik gabekotzat jo dute diru publikoa inbertitzea, frackinga sustatzeko ez ezik, erregai fosilak eskuratzeko edozein proiektu berri abiatzeko, bestek beste klima aldaketan duten eraginagatik.

“Zulatzaileen hiztegitik ‘fracking’ hitza desagertuta, baliteke Fracking Ez plataforma ez izatea Subillako proiektu berri honen aurkako oposizioa dinamizatuko duen tresna”, esan dute azkenik. Iragarri dutenez, datozen egunotan plataforma harremanean jarriko da urteotan frackingaren aurkako borrokan jardun duten hainbat eragilerekin, SHESAren egitasmo berriei aurre egiteko mugimendu berri bat antolatze aldera. Besteak beste, “planetaren mugak aintzat hartuko duten energi eredu baten alde lan egitera bultzatu nahi ditugu erakunde publikoak”.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Hidrokarburoak kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude