Dieselari zergarik ez igotzea eskatu du EAJk Espainiako aurrekontuak onartzearen truke

  • EAJk 85 zuzenketa jarri dizkio Espainiako Gobernuak aurkeztutako aurrekontuei eta dieselaren zergaren gaia jarri du erdigunean, PSOE-UP koalizio-gobernuak jeltzaleen babesa jasotzeko.


2020ko azaroaren 18an - 10:30
Aitor Esteban diputatu jeltzalea Espainiako kongresuan (argazkia: EAJ).

Proiektu ekonomikoak, azpiegiturak eta garraioak: horiek dira EAJk Pedro Sanchezen gobernuak aurkeztutako aurrekontuei egin dizkien zuzenketetan gehien nabarmentzen diren gaiak. Eta batez ere, kontu batek arduratzen ditu jeltzaleak, Noticias de Gipuzkoa egunkariak asteazken honetan argitaratu duenez: Espainiako Gobernuak dieselari zergak igotzeko asmoak.

Sabin Etxean ez dute nahi bereziki kutsagarria den erregai horri zerga gehigarririk jartzea eta puntu horren arabera eman diezaiokete baiezkoa ala abstentzioa aurrekontuei. EAJren ustez dieselari zerga handiagoa jartzeak “inpaktu ekonomiko negatiboa izango luke eta arriskuan jar litzake bi milioi lanpostu”.

Egiazki, Europar Batasuna aspaldidanik ari zaio Espainiako Estatuari eskatzen dieselaren eta gasolinaren zergak maila berean jar ditzala, izan ere, Batasuneko herrialdeen artean Espainiako Estatua da bi erregaien arteko zergetan alde nabarmenena daukana dieselaren alde eta karga fiskal apal horren erruz, baita Europar Batasuneko estatuen artean diesel litro bakoitzeko zorro publikorako diru gutxien biltzen duena ere.

Jeltzaleek azpiegituretan ere jarri dute fokua: besteak beste, Forondako aireportuarentzat 2,3 milioi euro eskatu dituzte eta Bilbo eta Pasaiako portuentzat 23 milioi. Energiaren alorrean ikerketa eta garapena sustatzeko neurri-sorta ere sartu du EAJk zuzenketen artean eta, lehenagotik ere egin izan dituzten eskaeren artean, Loiolako kuarteleko lurrak Donostiako Udalaren esku uztea ere eskatu dute.

PSOEk Unidas Podemosekin batera osatutako gobernuak kongresuko talde txikien premia gorria du aurrekontuak aurrera ateratzeko eta horregatik, EAJren zuzenketen ondoren, “negoziatzeko prest” agertu da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Diesela
Eguneraketa berriak daude