Klimaren lehia Parisen: kalean soluzio eske, gailurrean geroa kolokan jartzen

  • Halakoetan ohi denez, bata bestearen ondoren iragarritako epeak behin betiko akordiorik gabe agortuz doaz Parisko klimaren goi-bileran. Ostiralerako behar zuena larunbat goizerako hitzeman du Laurent Fabius Frantziako Kanpo ministroak. Aldi berean mobilizazio erraldoiak espero dira Parisen, COP21eko akordio globalak emango ez duenaren eske: klima aldaketari aurre egiteko neurri zehatz eta ausartak.


2015eko abenduaren 11n - 14:16
Larunbat goiz osoan mobilizazioak izango dira Parisen (Arg.: Light Brigading-CC BY NC).

“AEBen garaipena” genioen aurreko kronika batean. Baina Saudi Arabia ere esan genezakeen, edo Argentina, edo Polonia, edo Kanada… Erregai fosilen ustiakuntzan interes ekonomikoak dituzten estatuak, den-denak. Haien presioagatik desagertu da “deskarbonizazio” hitza Parisko hitzarmenaren zirriborrotik.   

Elkarte ekologista gehienek aldarrikatzen dute zientzialariek diotenarekiko politika koherenteena litzatekeela 2050. urtea ezartzea ekonomia erabat deskarbonizatzeko epemugatzat. Europar Batasunako ordezkariak ere irizpide horrekin iritsi ziren gailurrera, baina askoz tarte zabalagoa emanez: 2100. Ez bata eta ez bestea. Azkenik, terminoa bera geratu da testutik kanpo.   

Muga: 2 ºC

Azken orduko ustekaberik ezean, COP21etik aterako den hitzarmenak –hori bai, lehen aldiz hitzarmen globala– bi gradu zentigradoan ipiniko du mende honen amaierarako gainditu ezinezko beroketa globalaren langa. Zirriborroaren azken bertsioak aipatzen du desiragarria litzatekeela gradu eta erdiko mugatik harago ez joatea, baina ez du helburutzat hartuko. Akordioa 2023an berraztertuko da.

Gailurra hasi zenetik zirriborroa argalduz joan da, eta bidean artikulu garrantzitsuak galdu ditu, deskarbonizazioari buruzko aipamena kasu. “Legalki lotesle” esamoldea ere desagertu egin da: besterik gabe, emisio murrizketak derrigorrezkoak izatea jasotzen zuen 17. artikulua kendu dute.

Parisko kaleak beteko dituzten ekologisten eta altermundialisten kezka da ea nola betearaziko duen NBEk, edo nazioarteko beste edozein erakundek, neurri betearazlerik gabeko ituna. Eta gogorarazten dute estatuek orain arte emandako murrizketa asmoek hiru gradu inguruko beroketara garamatzatela.

Emisioen kontabilitatean lehengo gabeziak

Hitzarmenaren behin-behineko bertsioaren beste gabezia bat da ez duela zehazki finkatzen gas igorpenen zenbaketa egiteko sistema. Klimaren gailurrak egiten direnetik, abiazioak eta nazioarteko nabigazioak eragindako igorpenak ez zaizkio estatu jakin bati egotzi izan, eta ondorioz linbo moduko batean izan dira, inork kontabilitatean jaso gabe, milaka tona CO2 eta bestelako gas batzuk atmosferara iristearen erantzuleak izan arren.

Azken hogei urteetan ontzi bidezko garraioa %400 handitu da, eta neurririk hartu ezean datozen hamarkadetan gorakada neurri bertsukoa izan daiteke, merkataritzaren globalizazioa sustatu duten nazioarteko itunen ondorioz. Alde batetik klimari buruz negoziatzen ari diren estatuek, ezinbestean emisioak handitzea eragingo duten hitzarmenak –TTIP, esaterako– egosten dute beste alde batetik. Ostegunean honela esan zion Naomi Kleinek Parisko kaleetan bildutako jendetzari: “Arazo nagusia orain hogei arte adostutako klausula da: merkataritza lehenetsi behar da, klimaren aurretik”.

Merkataritzaren globalizazioak eragin du, besteak beste, Kyotoko Protokoloaren porrota. Haren arabera emisioak gutxitzeko beharra zeukaten 40 inguru herrialdeek bete egin dituzte, gutxi gorabehera, hartutako konpromisoak, baina bitartean karbono isurketak izugarri handitu dira Protokoloa betetzeaz salbuetsita zeuden herrialde askotan… besteak beste garatuetan kontsumituko diren gaiak fabrikatzeko.

Horregatik, ekologista askok proposatzen dute estatu bakoitzaren emisio kontabilitatea kontsumoaren araberakoa izan dadila, eta ez in situ erretzen den erregai fosil kopuruaren araberakoa. Esan gabe doa Parisko hitzarmenak ez duela proposamen hori jasoko.

Erregai fosilak alboratu, mugikortasuna gutxitu, berriztagarriak sustatu…

Naomi Kleini adi-adi entzuten zion jendetza horrek benetako irtenbideak eskatuko ditu abenduaren 12ko mobilizazioetan, ikusteko dago nola, manifestazioak egiteko debekuak indarrean dirau eta.

COP21 hurbiletik jarraitzen ari den Ekologistak Martxaneko Javier Andaluzen berbetan, hartu beharreko bideak ezagunak dira: erregai fosiletan egindako inbertsioak gutxituz joatea, energia berriztagarriak eta autokontsumoa indartzea, nekazaritza eredu agro-ekologikoaren alde apustu egitea, mugikortasunean ohitura aldaketak sustatzea…

“Horrek guztiak bagaramatza gaur egun kontsumitzeko dugun moduaz hausnartzera, bada, hausnartu egin beharko dugu, baina ezer egiten ez badugu berdin-berdin aldatu beharko dugu gure bizimodua etorkizunean. Hori bai, planifikatu gabe eta egoerak behartuta. Zartakoa ikaragarria izan daiteke”, diosku Andaluzek. “Dena den, posible da askoz gutxiago kontsumitzea kalitatezko bizimodu bati eutsiz”.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Parisko Hitzarmena
2023-03-21 | ARGIA
"Etorkizun bizigarria" lor dezakegula diote klima larrialdian adituek, baina neurri zorrotzagoak eta berehalakoak hartuz gero

Klima larrialdiak dagoeneko saihestu ezin daitezkeen ondorioak ekarriko dituen arren, berehala neurri eraginkorragoak hartuz gero bada esperantzarik, planeta 1,5 gradu zentigradu baino gehiago ez berotzeko eta “denontzako etorkizun bizigarria ziurtatzeko”. Hala dio... [+]


Orain arteko neurriek ez dute balio klima larrialdia gelditzeko

IPCC Klima Aldaketari buruzko Gobernu Arteko Taldeak astelehenean kaleratutako txostenean azaldu du egoeraren larritasuna. Tenperatura 1,5 gradu igoz gero, atzeraeragin ezinezko kalteak egongo dira ingurugiroan: lehorteak, bero boladak eta euriteak. Egungo bidea jarraitzen bada,... [+]


Larrialdi klimatikoa gelditzeko neurriak baztertu dituzte Suitzan erreferendumean

Karbono emisioak gutxitzeko legea onartu ala ez bozkatu dute igandean. %51,6k ezezkoa eman du.


Klima aldaketa eragiten duten gasek berriro markak hautsi dituztela ohartarazi du NBEk

NBEren Munduko Metereologia Erakundeak 2018an egindako azterketak txosten batean bildu ditu, eta CO2aren gorakada nabarmendu du.


2017-11-20 | Unai Brea
COP23 klimaren goi-bilera: nagiaren gailurra

Fidji Uharteen presidentziapean, 25.000 lagun inguruk bi aste eman dituzte Bonnen, klima aldaketari aurre egiteko bideez jarduteko urteroko hitzorduan. Eta urtero bezala, edo ia, egin zitekeena baino gutxiago egin da, arazoaren larritasunari buruzko diagnostikoa kasik ahobatekoa... [+]


Eguneraketa berriak daude