Enegarrenez eraso diote German Rodriguezen plakari

  • Asteburuan hautsi dute hilarriaren ondoko xafla, itxura guztien arabera palanka baten bitartez, Iruñeko SF78 Gogoan plataformak salatu duenez

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2023ko martxoaren 23an - 08:20
German Rodriguezen hilarriak 2016an jaso zuen erasoa.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Enegarrenez egin diote eraso German Rodriguezen omenezko xaflari. Asteburuan izan da. Itxura guztien arabera, identifikatu gabeko erasotzaileek palanka baten bitartez xafla kentzen saiatu dira. Ez dute lortu, baina ahaleginean izkinetako bat apurtu dute. Sanferminak 78 Gogoan plataformak salatu du gertaturikoa, ohar baten bitartez.

1978ko Sanferminetan Espainiako Polizia Nazionalak hildako LKIko militante iruindar gaztearen omenezko hilarria eta plaka Orreaga karrikan daude. Xaflak honako testu hau dauka izkiriaturik, euskaraz zein gaztelaniaz: “German Rodriguez Saizen oroimenez. Poliziak tiroz hil zuen 1978ko uztailaren 8an”.

Ez da monumentuari eraso egiten dioten lehen aldia. SF78 Gogoan plataformak oroitarazi duenez, lehendabizikoz mailu kolpeka txikitu zuten. Horren ondotik, lehergailu bat jarri zioten. 2005ean, Yolanda Barcina alkate zelarik, obra batzuen aitzakiatan kendu egin zuten, “eta herritarren presioa ezinbestekoa izan zen berreskuratu eta birkokatu ahal izateko”. Gogoan taldearen eskulturak ere jaso izan ditu erasoak. Hark daukan plakak hala dio: “1978ko Sanferminetan pairatutako polizia erasoaren biktimen oroimenean”.

German Rodriguezen omenezko hilarria zein Gogoan estatua Memoria Gune izendatu zituen Nafarroako Gobernuak, 2019ko ekainaren 18ko akordio baten bitartez. 2018ko Nafarroako Memoria Historikoaren Guneen Foru Legearen arabera, “Nafarroako Foru Administrazioari dagokio memoria guneen kontserbazioa eta babesa bermatzea”. Germanen hilarria eta plaka Iruñeko Udalaren akordio baten bitartez ezarri zirenez, jabetza udalarena berarena da.


Oroimen historikoa kanalean gehiago
2026ko otsailaren 25
Bost emakumeren testigantzak
M3ko sarraskia eliza barrutik

2026ko otsailaren 11
1981, Zizurkil
Oso latza izan da

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.