Ene bioleta maitea

  • "Dantzan egizu martxea" datorkit bihotzeko fonotekatik bide bazter itzaltsu eta hezeetan Viola odorata loratzen ikusitakoan. Ez dakit Oskorrik Violetaren martxa kantan kantatu bezala berdin apurtuko ote dituen euskaldun jendeak katea eta zapata parea, ez dirudi samurra dagoenik. Hori bai, katea apurtzea egokitzen zaigunerako burdinak eragindako azaleko zauri errea eta zapata parea apurtzeak sortutako oinetako mina baretzeko eta sendatzeko loretxo txiki leun hau erabil dezakegula, hori bai, hori esan dezaket.


2023ko apirilaren 17an - 06:56
Argazkia: Dani Blanco.

Biola-lorea, brioleta edo sagu-belarra ere badu izena nahiz gehienok izen botanikoaren odorata-ri erreparatzen diogun. Izan ere, usaintsua da, usain hauskor bezain iheskor eta preziatu horren bila ibili ohi gara bai edari hartzitua egiterakoan, bai ukendua edo goxokiak egiterakoan. Lurringintzan eta gozogintzan estimatua da Europa guztian eta horregatik sendabelar gisa duen balioa atzean gelditu dela dirudi; adierazgarria da sendabelar modura ez dela merkaturatzen. Zuetako askoren etxean amonak Lourdeserako peregrinaziotik ekarritako lore erako karamelu more haien bidez ezagutu zenuten lorea, ziur naiz. Hala, bihotzeko aromatekan amonaren karamelua izango da beti gutako askorentzat.

Loreak erabili izan ditugu, nahiz hostoekin eta sustraiekin ere badiren hainbat erabilera. Segurtasunari eta eraginkortasunari erreparatuz gero loreak dira gomendagarriak, printzipio aktiboetan aberatsenak ere loreak direlarik. Bioleta zuriak eta horiak ere badira baina gure artean era basatian jaiotzen dena morea izan ohi da, more oso iluna askotan. Garai honetan kolorea ahultzen hasiak eta bakantzen hasiak izango ditugu, berez udaberri hasierakoak izanda ere negu erdi alderako loratzen direla ari garelako ikusten. 

Kanpo aldean azala eta barruan mintzak baretuko dizkigu beti. Berdin dio infusiotan, tintura eginda edo oleato zein ukendutan darabilgun, hori du muzilagotan aberatsa izateak, narritadura oro baretzeko gaitasuna baduela. Gurinarekin nahastuta gosaltzeko edo entsaladan janda urdailerako baregarri suertatzen da, probatu duenak badaki ondo. Oraindik ere loretan ikusten badituzu eta eskukada pare bat lore biltzen baduzu, lehortu eta eduki eztarria urratzen zaizunerako. Halakoetan, ondo ezkontzen da plantainarekin (Plantago lanceolata) eta malbarekin (Malva sylvestris), infusiotan.

Bitxikeriei eta kondairei buruz sekulako dokumentazioa daukagu, dozena bat artikulutarako eta, are, tesi baterako ere emango luke. Izaera erlijiosoa duten bi daturekin amaituko dut, Aste Santua eta Ramadana apirilean ditugularik: Mahomaren lore kuttunenetakoa zela dago jasoa eta Kristoren gurutzeak egin zuen itzalean bioleta landareak zeudela ere badio kondairak. Hain zuzen ere, Kristoren oinazearen lekuko fidel izanik makurtu egin omen ziren loreak. Aukeran, Oskorriren Violetaren martxa kantuaren alaitasunarekin agurtuko zaituztet.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Landareak
Itzaltzen ari zaigun argia

Urte batzuk ditugunok (nire kasuan, mordoska) sarritan entzun izan diegu gure guraso eta senitarteko helduenei garai bateko ikuskizun harrigarri baten berri. Ipuin baten gertatuko balitz bezala, larreak “argi txikiz” apaintzen zirela maiatza inguruko gau garbietan... [+]


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


2024-05-06 | Nagore Zaldua
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-04-29 | Jakoba Errekondo
Pagoaren kontuak

Geroxeago baina hemen da. Inguruan dituzten gainontzeko zuhaitzak baino beranduago janzten dira pagoak (Fagus sylvatica). Bizitzeko baldintza “gogorragoak” nahi izaten ditu: toki hezeak eta freskoak. Baina izotzari beldurrak bizi da.


Eguneraketa berriak daude