Emakumeen Mundu Martxa irailaren 28an iritsiko da Euskal Herrira

  • Emakumeen askapena helburu duen Mundu Martxa martxoaren 8an abiatu zen Kurdistandik eta urriaren 17an iritsiko da Lisboara. Irailaren 28tik urriaren 4a bitartean Euskal Herriko hainbat herritatik igaroko da.


2015eko irailaren 11n - 09:26
Hazparnen ibilaldi botanikoa egin zuten Emakumeen Mundu Martxa dela-eta. Argazkia: EMM.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Martxoaren 8an Kurdistanen izan zen Joana Aurrekoetxea Euskal Herriko Bilgune Feministako kidea. Honela dio Mundu Martxari buruz: “Mundu hau eraldatzeko grinak batzen gaitu, finean. Justizia soziala da gure aldarrikapenen muina, eta ikusten dugu afera horretan emakumeok eta orokorrean subjektu feministak gako nagusi bat garela”. Aurrekoetxearen ustez, ez da erraza mundu guztiko emakumea-sareak lotzea eta elkarlanean aritzea; sinesmen, ohitura, historia eta bestelako oso desberdinetako jendea elkartzen baita. Hala ere, bereizten duen horrek aberasten dituela uste du.

Emakumeen Mundu Martxa 163 herrialdetan banatuko da eta 5.000 talde baino gehiagok hartuko dute parte. Lehenengo karabana 1995ean egin zen Kanadako Quebec-en Ogiaren eta Larrosaren martxa izenburupean eta 15.000 lagunek hartu zuten parte. Emakumeen Mundu Martxa handik bost urtera egin zen, eta orduz geroztik bost urtero antolatu da Martxa. Aurtengoa beraz, laugarren edizioa da.

Irailaren 28an Tafallara iritsiko da Mundu Martxa. Baionara joko du, gero Gipuzkoa zeharkatuko du, eta Arabatik barrena Bilboraino helduko da. Martxa Portugalgo Lisboan geratuko da urriaren 17an eta festa handia egingo da. Europa osoko emakumeak bilduko dira Portugalgo hiriburuan, baita Euskal Herrikoak ere.


Eguneraketa berriak daude