Emakumeak euskal dantzan: nondik gatoz eta nora goaz?

  • "Guri bizitza joan zaigu espaloitik begira". 80 urteko emakumearen arrangura iltzatuta geratu zitzaion Josune Zubeldiari. Hainbat belaunalditako bost emakumek hartu dute hitza emakumeek dantzetan, herriko taldeetan eta errituetan izan dituzten borroka, aldaketa eta bilakaeraz hitz egiteko. Elurre Iriarte, Josune Zubeldia , Izaskun Beraza eta Saioa Zabala dantzariek beren esperientziak partekatu dituzte Amaiur Aristik gidatuta. Hizlari bakoitzari lau bost argazki eskatu dizkie Aristik, euren herriko dantzaren ibilbidea genero ikuspegitik errepasatzeko asmoz. Testuinguruan kokatuta norbere bizipenak azaleratu dira, nondik gatoz eta nora goaz?

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2024ko maiatzaren 30an - 08:10
Dantzan Ikasi Topaketak, Dantza genero ikuspegitik mahai-ingurua, Eibar, 2024-05-11. Argazkia: Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

Ekaitzaren ostean argia

“Nik Arizkunen egun osoa plazan pasatzen nuen dantzan, baina mutil-dantzetan ezin sartu, eta hori ezin nuen ulertu. Baina ordutik aldatu dira gauzak, egun gozatzeko momentua ailegatu da eta merezi du". Helburuak lortu dituztela dio, "patriarkatutik heldu zen ohitura bat bihurtu dugu berdintasunaren erritual eta hori da normaltasuna". Umetatik ari da dantzan Elurre Iriarte (Arizkun, 1972), azken urteetan mutil-dantzetan buru-belarri Plazara Dantzara taldean, "borroka eta aldarrikapen batetik". Urte gogorrenak pasata, azken urteetan gozatzen ari dela dio.

Elurre Iriarte, Saioa Zabala eta Josune Zubeldia. Dantzan Ikasi Topaketak, Dantza genero ikuspegitik mahai-ingurua, Eibar, 2024-05-11. Argazkia: Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA
Mutil-dantzak, Baztandarren Biltzarra, Elizondo.

“Emakumeek dantzatzen ez zutenean ezinegona sentitzen nuen. Etxean genuen irakaslea eta dantzen inguruko kontu asko jasotzen genituen, baina gero ezin dantzatu”, Lizartzako Otsalar dantza taldeko ordezkari gisa etorri da Josune Zubeldia (Lizartza, 1968). 2004an dantzatu zuen lehen aldiz herriko inauteri dantzetan, “bi talde misto atera genituen inauterietan eta gaur egun emakumeak gehiago gara”.

Lizartza, 2024.
Josune Zubeldia. Dantzan Ikasi Topaketak, Dantza genero ikuspegitik mahai-ingurua, Eibar, 2024-05-11. Argazkia: Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

"Halako zorte egun batez gonbidatu ninduten axeri-dantzara" dio Izaskun Berazak (Andoain, 1984). Ordutik Axeri-dantza taldeko kide da, azken urteetan talde eragilean eta buruzagi lanetan dabil. Berazak dio axeri-dantzara iritsi zenean oso errotua zegoela nesken parte-hartzea, “eta hala segitzen du, orain 16 urteko gazteak, neska zein mutil, ikaragarrizko gogo eta ardurarekin batzen zaizkigu”.

Izaskun Beraza eta Elurre Iriarte. Dantzan Ikasi Topaketak, Dantza genero ikuspegitik mahai-ingurua, Eibar, 2024-05-11. Argazkia: Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

"Alardearen kontua lasaitzen joan da, feminismoa indartzen eta hori islatu da dantzan ere bai", dio Saioa Zabalak (Hondarribia, 2000). Familiatik datorkio dantza zaletasuna eta Kemenenen harrobia den Adaxka dantza taldean hasi zen. Egun, Kemenen dabil dantzan eta zuzendaritza taldean. Kostata eta desgaste handiarekin, baina lortu dute neska-mutilak elkarrekin eta genero bereizketarik gabe plazaratzea.

Elurre Iriarte, Saioa Zabala eta Josune Zubeldia. Dantzan Ikasi Topaketak, Dantza genero ikuspegitik mahai-ingurua, Eibar, 2024-05-11. Argazkia: Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

Bigarren planotik lehenera

Duela gutxi bazkari batean orain 80 urte izango dituen emakume batek esandakoa ez duela inoiz ahaztuko dio Zubeldiak: "guri bizitza joan zaigu espalotik begira". Egun 60 urte dituzten lau emakume dantzak ikasten omen dabiltza, "bere garaian ezin ikasi eta badirudi gelditu zitzaiela barruan min hori". Zubeldiak berak ere badu arantzatxo bat.

Lizartza, 2004.

2004tik neska-mutilak elkarrekin dantzatzen ziren, baina hamar urteren ondoren, 2014an, Donostiako Aste Nagusia gonbidatu zituzten Konstituzio plazara dantzara eta "hor agerian geratu zen neskak aritzen ginela zuloak betetzeko, ze Donostiara joateko mutilek behar zuten. Bazirudien gerra garaian denak behar izaten direla, baina luzitu behar denean ez. Orduan gure artean gorabeherak izan genituen eta, behintzat, lortu genuen bi neska sartzea". Ordutik beste hamar urte pasa dira eta azken inauterietan lau talde misto atera dituzte.

Saioa Zabala eta Josune Zubeldia. Dantzan Ikasi Topaketak, Dantza genero ikuspegitik mahai-ingurua, Eibar, 2024-05-11. Argazkia: Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

Zabala helduen taldera 2016an sartu zen, eta ordurako generoaren inguruko hausnarketa prozesuarekin hasiak ziren. Ikusi zen jendea iritzia aldatzen hasi zela eta 2021eko batzar orokorrean generoari lotutako hiru kontu bozkatu ziren: tokian tokiko dantzen inguruko hasierako erabakiarekin jarraitzea, hau da dagokien herrian neskek dantzatzen badute eurek ere hala egitea, eta brokel zikloa eta Irungo San Joan bezperako soka-dantza modu mistoan plazaratzea. Jakinarazi zen, baita ere, asmoa zegoela ezpata-dantza berreskuratzekoa eta hartutako erabakien ondorioz, automatikoki mistoa izango zen, "genero markarik gabeko arropek egin genituen. Entsegu mistoak egiten hasi gara eta horrek eragin ditu beste dinamika batzuk talde barruan".

Soka-dantza, Kemen.

"2000. urtean atera ziren Andoainen emakumeak axeri-dantzan, baina urte pare bat lehenago hasi zen egosketa. Neska gazte batzuk entsegura agertu ziren. Printzipioz entsegu irekiak, baina gizonezkoentzat bakarrik. Adostu zen patxada gehiagorekin egin behar zela eta hurrengo urtean itzultzeko esan zitzaien". Berazak uste du gizonek pentsatzen zutela emakume feministen kasketaldi bat izango zela, baina hurrengo urtean berriz azaldu ziren eta azkenean behar bezala prestatu eta atera ziren plazara.

Amaiur Aristi eta Izaskun Beraza. Dantzan Ikasi Topaketak, Dantza genero ikuspegitik mahai-ingurua, Eibar, 2024-05-11. Argazkia: Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

2011n Baztango Udalean alkatetzan bost pertsona berri sartu ziren, lau dantzariak, bi emakumeak eta horietako bat, gainera, alkatea. Beraz, zinpeko alkateak udalbatza gonbidatzean plaza guztietan emakumeen parte hartzea bermatua zegoen. Gainera, udal talde hark esan zuen txistulari baztertzaileak ez zituztela diruz lagunduko.

Sasi guztien gainetik

"Niretzat oso modu naturalean gertatutako zerbait izan da, baina badakit hasieran izan zirela gorabeherak. Andoainen seguruena egon dira min pertsonalak min publikoak baino”, Berazak esaten du plazan ez zela gatazka lehertu, baina badaki tentsioak bizi izan zirela hasieran. Gaztetxoa zen eta hasierako urte haiek distantziatik bizi izan zituen, baina askotan entzun ditu zaharragoengandik orduko bizipenak.

Baztanen, berriz, plazaraino iritsi zen afera. Emakume batzuk bakoitza bere herrietan dantzan sartzen hasi zirela kontatu du Iriartek eta bakoitzak erantzun ezberdinak bizi izan zituen: "batzuek irainak eta erasoak, baina beste batzuek naturaltasunez dantzatu izan dituzte". 2009an, bakoitza modu indibidualean eta bere herrian, plaza guztietan sartu zirela dio. Orduan erasoetako bat zen txistulariak gelditzea, "ez ginen dantzatzen, baina gure presentzia hor zen".

Mutil-dantzak, Elbete.

Iriartek kontatu du 2011ko Udal taldearekin afera bukatzeko aukera izan zela, baina ez zen hala izan, "bazterketa gauzatzen zuten gizonezkoek erabaki zuten antolatzea eta dantza pribatizatzen saiatzea. Baztango mutil-dantzari taldea sortu zuten horretarako eta guk horren aurrean Plazara Dantzara taldea". Kanpainak egiten, informatzen, diagnosiak egiten... hasi ziren. Dantza talde baten ikuskizun gisa aurkezten zituzten mutil-dantzak baztertzailek, baina Plazara Dantzakoen diskurtsoa argi zuten: "Eremu publiko batean ez dugu onartuko bazterketarik". Orduan, eskola, jardin pribatu edota eliza ataria dantzatzen hasi ziren. "Urte batzuetan ez ginen sartu elizara pribatua delako, baina gero ikusi genuen ezin genuela onartu ze tradizioak horrela sortzen dira".

Mutil-dantza baztertzaileak Elizondoko eliza atarian.

Bidasoa ibaiaren urak itsasoratzen diren eremuan ere aztoramendu handiaren bizi dute emakumeen parte hartzea festetan. Zabalak beharrezkoa Zabalak beharrezkoa jo du Kemen bere lurraldean kokatzea, "Hondarribia eta Irungo dantza taldea da eta eremu horretan tradizioa eta generoaren gatazka irekia dugu azken 30 urteetan". Alardearen inguruko gatazka islatu da dantza taldean, taldearen barruan ere iritzi ezberdinak baitzeuden emakumeak alardearen parte hartzearen inguruan, "ez gara izan gai alardeko gatazka dantza eta generoaren auzitik bereizteko". Beraz, 2021ean hartutako erabakiekin ez zuten guztiek bat egin, "taldean izan dugun ondorio bat da jendeak taldea utzi duela. Beste batzuk ez dira dantzatzen arropa berriekin, baina tarteka etortzen dira. Gu oso ohituta gaude alardeagatik eta horrelako jarrerekin, baina mahai-ingurua prestatzen hasi nintzenean hasi nintzen berbalizatzen taldeko lagunek nahiago dutela ikusle izan guri eskua edo ezpata emanda dantzatzea baino".

Ezpata-dantza, Kemen.

Gogorra da egoera, baina argi zuten aldaketa egindakoan batzuk utzi egingo zutela taldea. Alardea eta dantza taldeko dinamikak bereiztea zaila egin zaie, baina herriari begira ez da egon arazorik: "Plazaratu ditugunean ezpata-dantza eta soka-dantza ez dute planteatu aldaketa egin dugunik. Ikusi dute beste arropa batekin atera ginela, justu pandemia ondoren bi urteko geldialdia eta gero, neska-mutilak elkarrekin eta ez zen erreakziorik egon". Talde barruan gatazka eta hausnarketa prozesu luzea izan dute, baina emaitza oso positiboa izan dela dio, "ematen du ezpata-dantza errotzen ari dela. Ez dute kuestionatu eta onartu dute konturatu gabe herrian dugula beste gatazka antzeko bat".

Soka-dantza, Kemen.

Aiora Fagoaga ere Kemeneko kidea da eta publikotik hartu du hitza: “Gure herrian gizarteko beste edozein gatazka ezin da alardearekin alderatu, orduan dantza ere ez. Horregatik uste dut bereizi dutela herritarrek”. Eta gaineratu du belaunaldi berriak aspalditik datozen gatazketatik apartatu direla eta horrek betetzen duela, “sei urteko haurrei dantza ematen diet eta haur bat badaukat oso ilusionatua ezpata-dantza egiteko. Bera ez da oroitzen pandemia aurreko jaiez. Berarentzat beti egon da ezpata-dantza eta soka-dantzan neskek betidanik hartu dute parte”.

Garazi Fagoaga. Dantzan Ikasi Topaketak, Dantza genero ikuspegitik mahai-ingurua, Eibar, 2024-05-11. Argazkia: Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

Guztion ondareaz ari gara

Dantzak, festak, errituak... herriarenak dira, beraz nola utzi gizartearen parte handi bat horietatik kanpo? Hizlariek herriko ondare gisa ulertzen dituzte dantzak eta oso bere sentitzen dituzte.

Nik gure aitarengandik jaso dugun ondare bezala hartzen ditut Lizartzako dantzak eta dantza taldea sortu zen dantzei gorputza emateko". Lizartzak hamar dantza propio ditu eta baita dantza-soka ere, "badakigu adibidez gure birraitonak, 1867an jaiotakoak, dantzatu zituela inauteri dantzak. Gure aitonak, aitak, osabak... gizonezkoek dantzatu izan dute". 1985eko argazkian ageri den taldea 1956. urtean hasi zela dio, "gure aitonak eta gerra garaian etenda egon ziren dantzak berreskuratze aldera hauei erakutsi zizkieten. Gero jende honek eta batez ere gure aitak ondorengoei erakutsi die".

Lizartza, 1985.

Mutil-dantzak presentzia eta prestigio handia izan dutela Baztango jaietan azaldu du Iriartek Maiatzetik urrira izaten dira mutil-dantzen emanaldiak, guztira 40 bat saio. Ilunabarrean eta festetako egun handietako eguerdietan dantzatzen dira. Egun handian zinpeko alkateak gonbidatzen du udalbatza. Udalbatzaren aurrean, meza ondorenean, herritar guztien aurrean herriko plazan dantzatzen da. Gure kulturan eta tradizio guztietan bezala, salbuespenak salbuespen, gizonezkoek dantzatu izan dituztela dio, "solemnitate, botere, protagonismo, prestigioa gizonek eraman dute eta egoera horretan hasi gara gu plazan sartzen". Hainbat urte gorabeheratsuren ondoren 2023an ez da Baztan osoan bazterketarik izan, baina oraindik badago zeregina, "orain erreparazioa eta memoria historikoa egin behar dugu eta eman tokia mutil-dantzei. Ondasun ez material izendatu eta sortu eskola bat. Eskoletan irakatsi beharko lirateke mutil-dantzak".

Mutil-dantzak, Arizkun.

Ondare biziaz ari gara eta bilakaera izan ohi da bizitasunaren seinale. Generoaz aparte beste aldaketa batzuk ere izan dituela dantzak azaldu digu Berazak: "soka-dantza moldatu, janzkera... batzuetan asmatuko dugu eta besteetan ez, baina asmatzen ari gara jendea erakartzen. Neska-mutilak parez pare eta plaza bete-betea". Asko parrandaren aitzakian hurbiltzen direla argi dute, "baina aprobetxatzen dugu gure ondarearen berri emateko, dantzak ikasten jartzen ditugu eta gero denak plazara". Ez dira dantza talde ofiziala, “baina bizi dugu tradizioa belaunaldiz belaunaldi pasatzeko eskola gisa. Lan bat ari gara egiten maite dugulako axeri-dantza eta inoiz plazara atera ez diren gazteek ere ahalegin ikaragarria egiten dute".

Axeri-dantza, Andoain.

Etxeko emakumeen bultzada

"Lizartzan etxe guztietako semeak dantza ikastera joaten ziren, horrela transmititu da urtez urte, generazioz generazio". 1993an inauteri dantzak berreskuratu behar zirela erabaki zuten, ze dantzak gorde zituzten, baina ez inauterien testuinguruan. Horrela, 1994an berreskuratu ziren, baina gizonezkoak bakarrik dantzatzen ziren. Zubeldiatarrak etxean lau alaba izan eta ezin familiako tradizioari segi, "guk beti galdetzen genion aitari ea noiz ikasi behar genituen. Gurea aitak beti bai, baina... beldur zen, uste zuen bera hasten bazen horretan herrian pentsatuko zutela interes propioagatik zela". Aita oso berezia eta irekia zela dio eta emakumeei parte hartzea mugatzea ez zuela gogoko, baina zeresanak asko kezkatzen zuela.

Lizartza, 1995.

Berazak aurrez ere aipatu du liskarra ez zela plazara atera, baina batzuk erabaki zuten ez dantzatzea, "ez diegu ukatuko, baina guk parte hartzeari utziko diogu". Juantxo Arregik, orduko buruzagiak, erabaki zuen jarraitu egingo zuela, "berak ere etxean emaztea eta alaba zituen eta haiek ere zeresana izango zuten".

Axeri-dantza, Andoain.

Entzuleen parte hartzean gogoeta orokorrak eta bizipen pertsonalak tartekatu dira, tartean, Baztango mutil-dantzetan genero gatazka gertutik bizi izan zuen Julen Fagoagarena, "nik ez nuen ulertzen hasieran, baina hausnarketa aunitz, eztabaidak, tertuliak.... eta gero, konturatzen nintzen kideak ari zirela borrokan ni gizona izateagatik neukan eskubide bat izate arren”.

Julen Fagoaga. Dantzan Ikasi Topaketak, Dantza genero ikuspegitik mahai-ingurua, Eibar, 2024-05-11. Argazkia: Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

Non dira gizonak?

Baztertzaile batzuk beti hor egongo direla ikusten du Iriartek, baina alde positiboari begiratu nahi dio. "Egun ez da bazterketarik eta hori hartuko dute eredutzat egungo umeek. Egun, emakumezkoak gehiago dantzetan dira gizonezkoak baino eta horrek baditu bere ondorioak, "prestigioa galtzen du emakumezkoek botere guneak hartzen ditugunean, mutil-dantzak orain ez dira horren inportanteak. Batzuk erabakitzen dute ez dantzatzea, ez agertzea plazara, ez ikastea...". Momentu honetan ez du uste norbait mutil-dantzak irakasten eta ikasten ari denik, eta egoera larria dela uste du; argi baitu ze garrantzitsuak diren festak, kodeak... komunitatearentzat.

Dantzan Ikasi Topaketak, Dantza genero ikuspegitik mahai-ingurua, Eibar, 2024-05-11. Argazkia: Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA
Axeri-dantza, Andoain.

Andoainen emakumeek beren parte hartzea eskatu zuten garaian mutilak juntatzea kosta egiten zen, "Juantxo gogoratzen da azken urteetan gizonei telefonoz hots egiten ibiltzen zela dantzarako". Neskak dantzan hasi eta pixkanaka talde eragilea sortu zen, hasieratik egon ziren elkarlanean gizon-emakumeak.

Gaur egun Lizartzan herriko gazte gehienek dakizkite dantzak eta belaunaldi berriak gogotsu datozela dio Zubeldiak. Dantza mundua benetan interesgarria dela uste du, izan ere, emakumeak plazaratu direnean gizonekin batera dabiltza, eta hori beste esparruetan ez da gertatzen, "futbolean, pelotan banatuta aritzen dira. Dantzan denak elkarrekin ibiltzen dira eta hori oso ona da, orain da gakoa nola egin hori erakargarri mutilentzat; orain mugatuta daudenak mutilak baitira".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Dantza
2024-06-17 | dantzan.eus
Ba al datoz gazteak euskal dantzara?

Transmisioa eta dantza taldeetako erreleboa aztertu nahi izan dugu Dantzan Ikasi topaketetan, eta gazte belaunaldiek lan egiteko ereduak ezagutu nahi izan ditugu “Gazteen parte-hartzea euskal dantzan” mahai inguruan: Eder Niño Barakaldoko... [+]


2024-06-12 | dantzan.eus
Dugunak botako du Iruñeko Sanferminetako txupinazoa

Iruñeko alkate Joseba Asironek prentsaurrekoan iragarri duenez, Duguna dantza taldeak jaurtiko du 2024ko Sanferminetako txupinazoa. Duguna izan da Iruñeko herritarren boto gehien jaso duen hautagaitza. Hain zuzen dantza taldearen sorreraren 75. urteurrena ospatzen... [+]


2024-04-17 | dantzan.eus
Dantzan babestu ziren Garaziko errefuxiatuen kolonian

Gerratik ihesi 1937ko ekainean Donibane Garazin Bilbo eta inguruetako 600 haur jaso zituzten. Hiriburuko Ziudadelan Eusko Jaurlaritzaren menpeko eskola kolonia bihurtu zuten, eta bi urtean 8-14 urteko 800 bat haur igaro ziren bertatik. Haurrekin 80 bat heldu ere iritsi ziren:... [+]


Eguneraketa berriak daude