Emakume Migratu Feminista Zaintzaile Soziosanitario Elkarteak elkartasun deia luzatu du, etxebizitza eskubidearen alde

  • Prentsaurrekoa egin dute Bizkaiko Emakumeen Asanbladaren egoitzan jasaten duten egoera bortitzaren berri emateko. Zapalkuntza esparruak anitzak izan arren, etxebizitzaren alorrean zentratu dute aldi honetan irakurketa: "Arrazakeria dela, klasismoa, pobrezia, etxebizitzaren espekulazio bortitzagatik, sabai bat izateko oinarrizko eskubidea arautuko duen legeen faltagatik, eta guzti hau gutxi bazen ere, funts, banku, higiezinen agentzi putreak tartean, pertsona migratuak beti baztertuta geratzen gara".


2023ko martxoaren 03an - 11:11
2020ko Martxoaren 8ari begira, Euskal Herriko Emakume Migratu eta Arrazializatuen Sareak agerraldia egin zuen Martxoaren 8 dekolonial baten alde. Argazkia: Ecuador Etxea.

Lanaren esparruan pairaturiko esplotazio eta eskubide urraketak hamaika motatakoak dituzte emakume zaintzaile etorkinek. Baina horrez gain, lanean oren gehiegi eman ondoren –"gutxieneko kudeaketa egiteko denborarik gabe, 13-15 ordu bitarteko lanaldi amaigabeak 24 ordu ez direnean, kontziliatzeko egun libreen gabeziarekin"– bizitokian ere dute bazterketa eta indarkeria pairatzen. Hori salatzeko atera dira komunikabideen aitzinera Emakume Migratu Feministak-Sociosanitarias (EMFS) elkarteko kideak.

Ondokoa zabaldu dute martxoaren 3 honetan egindako prentsaurrekoan: "Etxebizitza eskuratzean ere, nola ez, baztertuta geratzen gara. Logelak edo pisuak alokatzea oso zaila denez, behin alokairuak lortuz gero erroldatzea debekatu egiten digute; tiraniak kontratu gabeziarekin jarraitzen du, erroldaren salmenta, egonkortasunik eza, intimitaterik eza, segurtasunik eza, eta abar luze bat. Horrek guztiak izugarri hondatzen du gutako askoren bizitza, emakume migratu eta arrazializatuena".

Elkartasunerako deia

"Egoera itogarria" ezin jasanik, espazio "seguru" eta "bizigarriak" eskatu dituzte prentsaurrekotik. Hori lortzeko bidean, elkartasunerako deia luzatu diete herritarrei, eta zehazkiago "talde feministei, arrazakeriaren aurkako taldeei, sindikatuei, ezkertiarrei, gizarte-eraldaketan diharduzuen taldeei, alderdi politikoei, auzo-elkarteei, emakumeei eta langileei". Erresistentzia kutxan parte hartzeko aukera zabaldu dute, alokairu sarreren fidantzei aurre egiten laguntzeko zein bestelako gastuei aurre egin ahal izateko; eta horrez gain, etxerik edota pisurik izanez gero beraiekin harremanetan sartzeko deia ere egin dute.

Kolektiboko asko lan-kontratu beharretan izanik, zaintzaile bat behar izanez gero beraiei lotzeko deia luzatu dute: "Gutako askok lan-kontratu bat eskatzen dugu gizarte-errotzea kudeatzeko".

2020an osatu zuten Emakume Migratu Feministak-Sociosanitarias (EMFS) elkartea, eta gaur egun 250 bat emakumek osatzen dute kolektiboa. Batzuk Euskal Herrira iritsi berriak, beste batzuk urteak hemen daramatzatela, ia guztiek dute ordea etxebizitzaren arloan zapalkuntza eta bazterketa pairatzen.

2021ean egin zion ARGIAk elkarrizketa EMFSren bozeramaileetariko Maria Juncay (Loja, Ekuador, 1970) langile feministari: "Emakume migratu eta arrazializatuok gure gorputzekin ari gara sustengatzen publikoa beharko lukeen zaintza-sistema" zioen elkarrizketa horretan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Adinekoen zaintza
Irati Mogollon
“Aurreikuspen onenetan, gazteen kopurua bikoiztuko dute nagusiek eta kasurik okerrenean boskoiztu. Zaintzari buruz hausnartu behar dugu”

Irati Mogollon soziologoak (Lezo, 1991) hausnarketa saioa bideratu du asteazkenean Laudioko Lezeaga Aretoan. Zaintzaren antolakuntzari buruz hausnartu eta etorkizunera begira jartzea proposatu du, bai jendarte moduan zein banaka.


Aukeratu gabeko bakardadea prebenitzeko proiektu bat martxan jarri du Nafarroako Gobernuak Sakanan

Sakanako pertsona zaharrei babesa emateko proiektu pilotua da Teknoadineko Landab. Bizilagunen parte hartzea “funtsezkoa” dela nabarmendu du Nafarroako Gobernuak.


Proposamen bat zaintza eredua aldatzen hasteko

Bizitza Zaintzeko izenpean, ekonomia soziala ardatz duen irabazi asmorik gabeko elkarte bat sortu dute etxez etxeko sei langilek, Urola Kostan (Gipuzkoan). Ideia sinplea da: enpresen irabaziak langileen esku uztea. Merkatuaren prezioak mantenduko dituzte; hau da, erabiltzaileek... [+]


Eguneraketa berriak daude