"Emakume migratu eta arrazializatuok gure gorputzekin ari gara sustengatzen publikoa beharko lukeen zaintza-sistema"

  • Emakume Migratu Feministak-Sociosanitarias (EMFS) elkarteak lehenbiziko urteurrena bete du.  Mendekotasuna duten pertsonak etxean zaintzen dituzten langileak batzen ditu eta, orain arte Euskal Autonomia Erkidegoan mugitu diren arren, bidean aurrera egin ahala eragin-esparrua zabaltzeko gogoa dute. Helburua: arreta soziosanitarioa profesionalizatzea, etxeko enplegutik bereiztea eta lan-baldintza duinak bermatuko dituen berezko hitzarmen kolektiboa lortzea.  Maria Juncay (Loja, Ekuador, 1970) duela 22 urte iritsi zen Euskal Herrira, eta alzheimerra duten adineko gaixoak zaintzen dihardu orduz geroztik. EMFS elkarteko bozeramaileetako bat da, eta hamabi hilabete hauen gaineko balorazioa du esku artean.

Argazkia: Irantzu Pastor
Argazkia: Irantzu Pastor

Iaz, data hauen bueltan, hamar bat emakumek hasi zenuten saretze-lana. Orain ehundik gora langile soziosanitario ari zarete zeuen eskubideak aldarrikatzen.
Hein handi batean, COVID-19ari zor diogu gure borrokaren hasiera eta suspertzea. Ezkutuko ekonomian aritzeak eta aldi baterakotasunak elkarrengandik isolatuta eduki gaituzte, baina orain arte gure baitan murtxikatzen genituen kezkak partekatzeko abagunea suertatu da, eta probestera goaz!

Zein izan da pizgarria?
Ziurrenik, itxialdia. 2020ko martxoaren 29ko Errege Lege Dekretuak ezinbesteko jardueren zerrendan jaso zituen adineko nahiz adin txikikoen zaintza baita desgaitasun edota menpekotasun mailaren bat duten pertsonen zaintza ere. Ez, ordea, etxeetan garbiketa-lanak soilik egiten dituztenen jarduna. Azken hauentzat, gainera, ezohiko subsidioa onartu zuen Madrilgo Gobernuak. Ustekabean, Alarma Egoerak bideratuta, guk aspaldidanik aldarrikatzen genuen diferentziazioa azaleratu zen: arreta soziosanitarioa eta etxeko lanak ez dira gauza bera. Hori agerian geratu izana gure sektorearen errekonozimendu sozial, legal eta profesionaleranzko lehen-lehen pausoa izan zen. Hortik abiatuta, menpekotasuna duten pertsonen zaintzak etxeko lanen zakutik ateratzea lortu behar dugu, berezko lan-hitzarmen bat. Langile kualifikatuak gara, balora gaitzaten nahi dugu.

‘Sociosanitarias’, baina, elkartearen azken izena da. Horren aurretik, Emakume Migratu Feministak zarete.
Zoritxarrez, oraindik ez daukagu baliabide estatistikorik, gainera instituzio publikoei dagokie hori, baina gure esperientziatik eta ezagutzatik baiezta dezakegu EAEn menpekotasuna duten pertsonak zaintzen dituzten gehien-gehienak emakume migratuak garela, eta %100ek etxeko zereginak ere beren gain hartu behar izaten dituztela enplegu berean; kontratatuta nahiz modu irregularrean jardunda ere. Horrek semiesklabutza edota esklabutza beteko egoerak ahalbidetzen ditu, batez ere barneko langile modura aritzen direnen kasuan. Feministatzat dugu gure burua, jakina, eta EMFS eratu aurretik ahalduntze espazio ezberdinetan ibiliak gara; Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxan, Torre de Babel programan, Grupo de Acción Política de Trabajadoras de Hogar (GAP) taldeko lagunekin ere badugu harremana noski… eta horrexegatik uste dugu bertako emakume zurien feminismoek eta guk ez dugula berdintasunaren defentsa era berean pentsatzen.

Argazkia: Irantzu Pastor

Zergatik ez?
Bizitzak eta, horrekin batera, zaintzak erdigunera ekartzeko aldarria askoren ahotan bolo-bolo dabil azken urteotan, bereziki aurreko bi M8etan. Politikari zenbaiten diskurtso hutsaletan, eta kaleko jendearen artean ere bai. Historikoki sistema patriarkalarentzat doakoak izan diren lanak ikusarazteko borrokan ari da mugimendu feminista; erreprodukzioarekin, etxearekin eta zaintzarekin loturiko lanak halakotzat, lan gisa, balioetsi ditzan sistemak. Asmo horrekin bat gatoz, baina ez da nahikoa. Begira, iazko uztailean etxeko langileentzako ezohiko subsidioa eskuratzeko epea itxi zutenean, 52.000 eskaera besterik ez zeuden erregistratuta Espainiako Estatuan. Esan bezala, tamalez datuak falta zaizkigu, baina jakin badakigu milaka emakume gehiagok dihardutela horretan. Kontraturik gabe egiten dutenak, bertakoak ere bai, horregatik geratu dira babesgabe. Baina subsidioa eskatu ez duten beste asko emakume migratuak dira. Azken hauek garbiketaz, otorduak prestatzeaz, arropak plantxatzeaz ez ezik, menpekotasuna duen pertsona baten zaintzaz ere arduratzen dira; aldi berean eta lanpostu berean. Konfinamendu zorrotzenean ere, onuradunen etxeetan geratu ziren, haien bizitzak babesten, harresi lana egiten. Internak inoiz baino internago. Eta kontraturik gabe aritzen direnak ere interna bilakatu ziren, baimenik gabeko joan-etorriak saihesteko.

Urtebete honetan, pandemiak gure jendartearen, instituzioen eta sistemaren beraren askotariko ahulguneak nabarmendu ditu. Zuei dagokionez edo zuei eragiten dizuen heinean, zein azpimarratuko zenuke?
Pertsonak interdependenteak garela ulertu dugu eta, zentzu horretan, ‘Nork behar du nor?’ galdera birplanteatu beharko genuke. Migratzaile ekonomikook gure askotariko gabeziek bultzatuta iritsi gara hona. Baina gizarte honek ere badu gure beharra, handia gainera. Hilabete hauetan emakume askorengana iristen ari gara, eta gehienek esaten digute “Tira, behintzat lana dut eta nire herrialdean baino gehiago irabazten dut”. Bide luzea egin beharko dugu beldurren gainetik guk geuk geure burua baloratu arte. Baina arrazoiak soberan ditugu, emakume migratu eta arrazializatuok gure gorputzekin ari baikara sustengatzen publikoa beharko lukeen zaintza-sistema.

Publikoa ez ezik, nolakoa beharko luke zaintza-sistema horrek?
Integrala. Onuradunen behar guztiak, fisikoak, psikologikoak eta emozionalak, asetuko dituena, batetik. Eta horretan jardungo duten langileen formakuntza profesionala eta lan baldintza duinak bermatuko dituena, bestetik. Bigarren edo hirugarren graduko menpekotasuna duen pertsona bat ohetik aulkira mugitzeko adibidez, ezinbestekoa da mobilizazio-teknikak ezagutzea, onuradunaren nahiz zaintzailearen gorputzak ez kaltetzeko. Era berean, ordutegi eta atsedenaldi definiturik gabe lanean dabilen zaintzaileak nekez erreparatuko die, esate baterako, gaixoaren behar afektiboei, ezinezkoa da! Honetan ere zifrak falta zaizkigu, ez dutelako mediku eta psikologoengana jotzen… baina depresio eta antsietate kasuak ugariak dira langile soziosanitarioen artean. Horregatik, menpekotasuna duten senideen familiei egin nahi diegu dei, gurekin enpatizatu dezaten eta borroka honetara batu daitezen, guztiok irabaziko dugu eta! Gure eskubideak babestuz euren senideen eskubideak babesten ariko dira. Aldiz, prekarietateak zaurgarriago egiten gaitu gure gorputzak zeharkatzen dituzten indarkeria guztien aurrean, eta horrek ondorio negatiboak ditu zaintzen ditugun pertsonengan.

"Emakume zurien feminismoek eta guk ez dugu berdintasunaren defentsa berdin pentsatzen”

Zeintzuk dira indarkeria horiek?
Ba, emakume, migratu eta arrazializatuak izateagatik sufritzen ditugunak. Arrazismoak forma asko har ditzake: etxean lapurretan egingo dugunaren mesfidantza, gure jateko eta kozinatzeko ohiturak gaitzestea, ezizen paternalistak… Eta gero, gutako asko, gehienak, Latinamerikako herrialdetatik etorritakoak gara, eta Mendebaldean emakume latinoen inguruan eraiki diren estereotipoek gehiegikeria askori zabaldu diote bidea. Emakume sutsuaren ideia hori… Zoritxarrez, indarkeria sexuala, berbala nahiz fisikoa, jasan duten emakumeen testigantza zenbait entzun ditugu; gehienetan zaintzen duten pertsonaren senideren batengandik heltzen da. Izaera sexualeko proposizioak, ukitzeak eta, kasurik larrienetan, bortxaketa, beti kaleratzeko mehatxupean.

Argazkia: Irantzu Pastor

Ez dituzue nolanahiko erronkak begi aurrean. Nondik hasi zarete? Zeri heldu diozue lehenik?
Batez ere migrazio prozesuei eta gizarte nahiz lan esparruko integrazio prozesuei aplika dakiekeen legislazioari buruzko informazioa biltzen eta partekatzen ari gara; batzuek ez baitakite zein oinarrizko eskubide dagozkien ere. Gehienek jatorrizko herrialdetik etorri orduko lehenengo ‘etxea’ lotuta izaten dute; batzuk zorpetu egiten dira hegazkin txartela ordaintzeko, eta iritsi ondoko egunean hasten dira lanean, kasu askotan etxe barneko langile bezala. Hasierako hilabeteetan batez ere, isolamendua erabatekoa izaten da, osasun larrialdiak eten digitala areagotu du gainera. Beste batzuk erizainak edota fisioterapeutak dira, baina bere burua etxeko enpleguaren nitxo horretara kondenatuta ikusten dute hemen. Batzen zaigun kide bakoitzarengandik esperientzia ezberdinen berri jaso eta arazo edo oztopo nagusiak identifikatzen gabiltza. Batzuk izaera orokorrekoak dira; atzerritarrentzako gestio instituzionaletan galduta eta itota sentitzen direla diote gehienek. Eta beste kontu batzuk oso espezifikoak dira, baina etengabe errepikatzen dira. 

Adibidez?
Esate baterako, etxeko enpleguetarako kolokazio enpresak gaitasun soziosanitarioa frogatzen duen ziurtagiria eskatzen hasi dira, logikoa denez, familiek langile gaituak nahi dituztelako. Baina gaur egun eskaintzen zaizkien ikastaroen ordutegiak ez dira bateragarriak emakume hauen lanaldiekin. Oso zabaldua den beste kasuistika bat: demagun familia batek egoera irregularrean dagoen emakume bati ordaintzen diola bere senidea zaindu dezan, kontraturik gabe, nahiz eta horretarako beharrezko formakuntza eduki. Bada, Eusko Jaurlaritzako gizarte zerbitzuek senide horri menpekotasuna eta dagokion diru-laguntza aitortuta, familiak emakume berberarekin jarraitu nahi badu eta oraingoan bai lan kontratu bat eginda… ezin du, ez behintzat bi urteko lan-errotzea edo hiru urteko gizarte-finkatzea frogatu arte. Kontrako kasuak ere badaude; alegia, hiru urtero emakume iritsi berri bat ekartzen dutenak, kotizazioa saihesteko. Une honetan, Espainiako Atzerritar Legea da gure prekarietatearen konplize nagusia. Zaintzen ditugun pertsonen ongizatearen mesederako, emakume migratu soziosanitarioon erregularizaziorako baldintzak berrikusi eta prozesuak azkartu ditzaten eskatzen dugu.

Eta menpekotasuna arautzen duten lege eta dekretuek behar bezainbeste babesten al zaituztete zaintzaileak?
Ba, tamalez, bada honetan ere tranparako aukera ikusten duenik. Zaintzaile diren senideak gizarte zerbitzuen sisteman agente gisa integratzeko eta hauen estatutua erregulatzeko foru dekretuetan bilatzen dute zirrikitua. Esate baterako, Bizkaiko lurralde historikoaren kasuan, 192/2018 dekretuak dio, besteak beste, hirugarren gradura arteko odolkidetasuna duen senidea izan daitekeela zaintzaile, baldin eta onuradunaren etxe berean erroldatuta badago. Kasu askotan, halaxe ageri dira dokumentu ofizialetan, prestazioa jasotzen dute, baina errealitatean ez dira menpekotasuna duten pertsonekin bizi, eta paperik gabeko emakume bat ekartzen dute, gastuak merketzeko. Orain, txertoa jartzeko hitzorduen kudeaketarekin ere gertatzen ari da: menpekotasuna duten pertsonak zitatu dituzte lehenik, eta hauen zaintzaile gisa ageri direnak ondoren. Horrenbestez, baliteke senideren batek jasotzea txertoa eta, ondorioz, benetan pertsona dependientearekin bizi eta hau zaintzen duen emakumea babesgabe geratzea. Eta oso kontuan hartu beharreko beste aspektu bat da auzo eta etxe guztiak ez direla berdinak. Azpiegitura eta erosotasun aldetik, ez da berdina alzheimerrak jotako agure bat zaintzea Neguriko txalet batean edo Otxarkoagako zazpigarren solairu bateko apartamentu itxi batean. Kalitate humanoak, baina, ez du zerikusirik klasearekin, eta diru gehien duten familien baitan ere izan dira iruzur esperientzia itsusiak.

Helburuak erdietsi bitartean, nola egingo duzue bidea?
Saretzen segituko dugu, eta kooperatibak sortzea ikusten dugu behin behineko formula egoki gisa. 2018an, adibidez, SINA eratu genuen Bilbon. Kolokazio enpresek ez bezala, bidezko lan baldintzak bermatzen ditugu. Lan kontratuetan soldatak, lan orduak, zereginak… zehazten ditugu; atseden eta lo orduak ere bai, etxe barneko langileen kasuan. Kalitatezko zaintza integralak eskaintzeko kualifikatuta gaude, elkar babesten dugu, eta horrela babesten dugu, baita ere, zaintzen ditugun horien ongizatea.
 

AMANDA ALFARO

EMFS elkarteko kidea
Jinotega, Nikaragua, 1972

Argazkia: Irantzu Pastor

“49 urte ditut, 35 nituenean etorri nintzen. Han negozio bat neukan, jatetxe txiki bat, autobus geltoki handi batean. Baina supermerkatu bat zabaldu zuten eta bezerorik gabe geratu nintzen. Nire seme-alabek 12, 10 eta urte bat zituzten orduan, bakarrik nengoen, eta ez nuen etorkizun zantzurik ikusten eurentzat. Euskal Herrian, lehenengo hamar urteak ‘7x24’ eran lanean pasatu nituen; ustez dependentzia zuten pertsonak zaintzen, baina errealitatean, etxeko zeregin guztiak ere nire gain hartzen. Eta beti etxe barneko erregimenean; ‘beltzean’ aurreneko urteetan eta gerora ere askotan. Kasurik onenean, etxeko enplegurako kontratu batekin.

Nikaraguatik honanzko bidaia ordaintzeko nire etxea hipotekatu nuen, eta jatetxe hura zabaltzeko eskatua nuen prestamoa ere zor nuen oraindik. Umeak nire ahizparekin eta honen senarrarekin utzi nituen, eta turista bisatu batekin etorri nintzen. Urtebeteren buruan zor guztiak kitatzeko helburua ezarri nion neure buruari, eta txikien ikasketak ordaintzearekin amesten nuen. Bidaia agentzia hark Paristik pasatzen zen tour batean sartu ninduen, geldialdia Madrilen egitea baino seguruagoa omen zelako. Azaroaren 12an atera nintzen Nikaraguatik, hilaren 18an heldu nintzen Donostiara, eta hurrengo egunean hasi nintzen lanean Bilbon. Ezagun batzuen bitartez lotua nuen lehenengo lana; alzheimerra zuen adineko emakume bat zen. Nik orduan oraindik ez neukan gaitz honen berri, egoerarekin izututa nengoen, oso bakarrik eta babesgabe ikusi nuen neure burua, eta ez nekien etxe hartan gertatzen ziren gauza asko gaixotasunak esplikatzen ote zituen, onartezinak ote ziren ala burua galdu ote nuen. Mugitzeko laguntza behar zuen, ahula zen, baina oso autoritarioa: uneoro aginduak, uneoro oihuak, itsusia nintzela, ez nuela ezertarako balio, ez ateratzeko kalera bera gabe, ez hitz egiteko inorekin… Emakume hari otorduak prestatu behar nizkion, jaten eman, garbitu, arropak atondu, etxea jaso, erosketak egin… dena. Gauez ere ez nuen ganoraz atseden hartzeko aukerarik berak ere ez zuelako lorik egiten… Bi hilabete eskasera antsietateak eta takikardiek jota, indarrik gabe, emakumearen senitartekoek eraman ninduten hospitalera, eta ez itzultzeko esan zidaten. 1.000 euro ordaindu zizkidaten.

Gela bat topatu nuen partekatutako etxebizitza batean, Boliviako hiru neskarekin batera bizi izan nintzen pare bat astez, eta haien bitartez lortu nuen bigarren lana. Hura ere emakume zaharra zen, baina burua bere lekuan zuen. Izugarri diruduna zen, lau emakume gintuen etxean, bere zerbitzura. Oso arrazista eta kontrolatzailea zen, baina nire lankideen konplizitateari esker lortu nuen arreta soziosanitariorako formakuntza osatzea. Erosketak egitera atera nintzela esaten zioten, eskolara joaten nintzen bakoitzean. Etxe hartan hiru urte pasatxo egin nituen, larunbatak eta igandeak barne, uste dut hainbeste iraun zion bakarra izan nintzela! Andrea gaixotu egin zen, eta azkeneraino zaindu nuen. Tira, nireganako tratua ez zen inoiz guztiz zuzena izan, baina nire besoetan hil zen, eta une horretan ikasi nuen gure lan honek asko duela afektibitatetik, fisikoak ez diren behar eta gabezia asko asetzen ditugula. Bakardadea nire baitan ez ezik, zaindu izan ditudan horien baitan ere ikusi dut sarritan.

Argazkia: Irantzu Pastor

Azken hilabeteetan lan kontratu batekin aritu nintzen arren, emakume hura hil zenean berriro ere zerotik hasi beharrean ikusi nuen neuren burua, prestaziorik eta aterperik gabe… beste zerbait bilatu arte. Eta hori da gutako askoren dinamika. Etxe batetik bestera; zaintzen ditugunak joaten diren arte, edo guk eutsi bitartean. Bitan gertatu zait hori, nik neuk uko egitea alegia. Kasu batean, gosea pasatzen nuelako izan zen. Zaintzen nuen emakumearen semea etxe berean bizi zen, eta esaten zidan gizena nengoela, latinook ez dakigula jaten. Zopa egitekoak besterik ez zituen erosten, eta ni ezkutuan aritzen nintzen nire gelatxoan jaten, nire poltsikotik erositako galletak eta gauza hotzak. Beste behin, zaintzen nuen gizonaren semeak izterrak ukitu nahi zizkidalako alde egin nuen. Insistitzen ibili zen hilabeteetan, ea zergatik ez nion uzten laztantzen, eta nire gogoz kontra egitera ere iritsi zen. Beste zenbaitetan, tamalez, nire seme-alabekin gogoratu eta agoantatu behar ez nituen gehiegikeriak onartu izan ditut.

Baina, Euskal Herrira heldu eta lau urtera, bertan bizitzeko baimena lortu bezain pronto Nikaraguara nire umeak ikustera joan nintzenean, mundua etorri zitzaidan gainera.  Haien ikasketak ordaintzen ari nintzen, bai. Jatekoa bazuten, ondo jantzita zeuden… baina gorroto ninduten. Zenbat gau pasatuko nituen esna… ahopeka telefono-deia egiteko ordua iritsi zain… Eta orain han nengoen, baina nire seme-alabek ez ninduten besarkatu nahi. Gerora, alaba zaharrak azaldu dit bizilagunek behin eta berriz esaten zietela amak abandonatu egin zituela; lanean ari nintzela kontatzen niela, baina bizitza bizitzera etorri nintzela hona.

Duela lau urte esan nuen aski dela, nire gorputzak ezin duela gehiago jasan besteren etxean lan egin eta bizitzea, ez behintzat halako esplotazio baldintzetan.  Arima galtzera iritsi naiz. Eguna eta gaua nahastera. Dirua irabazi dut, baina hein handi batean nire seme-alaben konfiantza eta maitasuna galdu dudala sentitzen dut. Nire buruari zin egin diot, beharrak behar, ez dudala inoiz gehiago halakorik onartuko. EMFS elkartekoekin batera, indarrak batzen ari gara, errekonozimendua nahi dugu eta zaintza-lanak soilik galdatzen dituzten familientzako egingo dugu lan. Duela urte pare bat alaba zaharra ekartzea lortu dut. Bere mutil-laguna eta elkarrekin duten umea ere gurekin bizi dira; eta, berriki, mutil-lagunaren anaia bat ere bai. Galdutako denbora berreskuratu nahian gabiltza, harremana sendatzen-edo.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Emakume migratuak
Pertsona migratuentzako ekintzailetza kooperatiboa, bizi-proiektuak hobetzeko tresna bat

Hegoaldetik ekimena pertsona migratuei ekonomia sozial eraldatzailea hurbiltzeko jaio zen 2023ko ekainean, Enarak kooperatiba, OlatuKoop eta Lankiren eskutik. Geroztik ari da bidea egiten, formazio saioak eskaini nahi ditu eta Katalunian izandako esperientziak konpartitu... [+]


Erika Gonzalez. Australian ere zakurrak hanka-hutsik
"Pribilegiatua sentitzen naiz, baina gogotik lan egin behar izan dut"

Hamasei urte zeramatzan Gabonak hemengo etxean igaro gabe. Urruti baita beti Australia. Haatik, lanak Euskal Herrira etortzeko aukera eman zion iragan urtearen amaieran, eta Lazkaon izan genuen aurtengo jaietan. Hangoak hango eta hemengoak hemengo, ibili dituen bide bihurri... [+]


Etxeko langile egoiliarren ia %98k ez du jaso lanbide arteko gutxieneko soldata 2023an

ELE, Etxeko Langileen Elkarteak emandako zifra da, Bizkaian egindako galdeketen emaitzak jasota. Urtero bezala, etxeko langile egoiliarren eta kanpo-langileen lan baldintzei buruzko txostena egin du. Egoera erregularrean zegoen %35,38k ez zuen jaso lanbide arteko gutxieneko... [+]


Proposamen bat zaintza eredua aldatzen hasteko

Bizitza Zaintzeko izenpean, ekonomia soziala ardatz duen irabazi asmorik gabeko elkarte bat sortu dute etxez etxeko sei langilek, Urola Kostan (Gipuzkoan). Ideia sinplea da: enpresen irabaziak langileen esku uztea. Merkatuaren prezioak mantenduko dituzte; hau da, erabiltzaileek... [+]


2023-06-25 | Reyes Ilintxeta
Laura Penagos. Aktore kolonbiar euskalduna
"Emakume arrazializatua eta euskalduna izatea exotikoa da, horrek nekatzen nau, eta arrazista ere bada"

Ez da ohikoa Kolonbiatik etortzea, euskara ikastea eta antzerkitik bizitzen tematzea. Ez da ohikoa soineko gorri ikusgarria Larunbe (Nafarroa) herri txikiko eliza gotikoaren hormatzarrekin konbinatzea. Eta ez da ohikoa periferiaren periferiakoa izanda, horren baikorra izatea.


Eguneraketa berriak daude