argia.eus
INPRIMATU
“Elkartasun feminista” adierazteagatik Zestoako sei herritar epaituko dituzte
  • “Derrigortze” eta “integritate moralaren aurkako” delituak leporatuta epaituko dituzte abenduaren 16an Zestoako sei herritar. Salatzaileak eta fiskalak lau eta bost urteko kartzela zigorra eskatuko dute. Zestoako Mugimendu Feministak “larritzat eta bidegabetzat” jo du epaiketa. Protestak antolatuko ditu mugimendu feministak hurrengo egunetarako.

BeƱat Badiola Etxeberria 2025eko abenduaren 10
Azaroaren 25ean Zestoako Mugimendu Feministak antolatutako manifestazioa. M. Txintxurreta / Guka

2018an Zestoako (Gipuzkoa) gizon batek sei herrikideren arkako prozesu “latz eta bidegabea” hasi zuela salatu du Zestoako Mugimendu Feministak. Zazpi urteren ostean, abenduaren 16an, Donostiako Auzitegian akusatuen aulkian eseriko dira. Epaiketaren helburua “elkartasun feminista” epaitzea dela azpimarratu dute feministek.

Epaituen artean dago salatzailearen bikotekide ohia, gainontzekoak “denbora luzez une jakinetan nahiz modu jarraituan“ emakume hori publikoki babestu duten pertsonak dira, besteak beste Zestoako alkate Mikel Arregi. Akusatuei “derrigortzea” eta “integritate moralaren” aurkako delituak leporatu dizkiete. Urola Kostako hedabide Gukak jaso duenez, akusazioak eta fiskaltzak bost urte arteko espetxe zigorra eskatu dituzte bikotekide ohiarentzat eta Zestoako alkatearentzat eta lau urte artekoa gainerakoentzat. Horrez gain, 30.000 euroko kalte-ordaina eta urruntzeko agindua eskatu ditu gizonak.

Zestoako mugimendu feministak salatu du “elkartasuna” adierazteagatik sei herritarrek egoera “jasanezina” bizi izan dutela eta bitartean erasotzailea urte hauetan “normaltasun” eta “inpunitatea” osoz bizi izan dela. Era berean, feministek adierazi dute "elkartasunaren kontrako makroepaiketa honek ezin argiago” erakusten duela sistema judizialaren "oinarri heteropatriarkala”, eta horregatik “ezinbestekoa” dela indarkeria matxista sostengatzen duen egitura eta mekanismoen aurka egitea.

Mobilizazioak

Epaituko dituzten sei herritarrei elkartasuna adierazteko, elkarretaratzea antolatu dute Zestoako plazan abenduaren14an 13:00etan. “Elkartasuna ez da delitua eta ez dugu pauso bat bera ere atzera egingo, eta horrelako erasoei elkartasun handiagorekin erantzungo diegu”. Zestoako talde feministari babesa adierazi diote Azpeitiko Feministen Sareak, Zarauzko Morroxkak-ek eta Zumaiako Mugimendu Feministak. Donostiako epaitegiaren aurrean ere elkartzeko deia egin dute abenduaren 16, 17, eta 18an 09:00etatik aurrera.