Loraldia festibalean estreinatu zuten, martxoaren 22an, Mundubira: Elkano, Primus antzezlan musikatua (antzezpenari kantua gehitzen dio Ainara Ortegak, eta biolina jo Nerea Alberdik). 1519an itsasoratutako Fernando Magallaesen espedizioaren V. mendeurrenaren karira ekoitzi dute lana. Mundu bira haren nondik norakoak ditu ardatz, eta Juan Sebastian Elkano marinel getariarra da protagonista nagusia. Bilboko Itsas Museoan egindako lehen pasean egoteko aukera izan nuen, espresuki ikasleentzat zen emanaldian “infiltratuta”. DBHkoak behar zuten ikaslez osatutako publikoaren erdian, Elkanoren figuraz ikusleek egin zezaketen irakurketaren gaineko kezkak ondoko aulkian hartu zuen eserleku.
Argiak itzali eta fokuak piztean, Getariako marinelaren balentriez ezezik, haren ekintza kriminalez mintzo den antzezlanarekin egin nuen topo. Magallaesen espedizio famatutik hiru urtera, 1525ean, Indonesiako Molukak uharteetarantz abiatu zen ontzian kokatzen da istorioa, Elkano (Iñigo Araburu) hil urren eta eldarnioak hartuta dagoela. Ondoan du Juan de Zubileta (Xabi Ortuzar), Magallaesen espediziotik bizirik itzulitako itsas-mutil barakaldarra, lehorreratzean izango duen bizimodu erosoarekin amets egin eta aurreko espedizioaren heroikotasuna etenik gabe azpimarratzen duena. Baina Elkanok, bere ekintza ilunenak aitortuz, Zubiletaren kontakizunak belzten ditu: bidean aurkitutako herrialdeen zapalkuntza, bertokoen hilketak, esklabotza, bortxaketak… Jaungoikoaren izenean krimenak egin zituztela, itsasoratutako bost ontziak gerrarako tresneriaz gainezka zihoazela eta Mediterraneo itsasoko urak, bere eskuak bezala, odolez tindaturik daudela aitortzen du marinelak, bere azken hatsetik hurbil.
Aitorpenak aitorpen, bere bertsio heroikoari eusten dio Zubiletak: Elkanok bere izena zenbat eta gehiago zikindu, haren figura geroz eta idilikoagoa indartzen du barakaldarrak. Getariarra bere senera etorrarazten saiatzeko asmoz –edo, nondik begiratzen den, haren irudi garbiari eusteko– Elkanok Espainiako Erregeari idatzitako gutuna ahots goran irakurtzen du. Elkanok, baina, ez du arestian esandako ezer gezurtatzen, eta esandakoa berretsiz hiltzen da.
Antzezpenari dagokionez maila onekoa den obrak badu ikusle honen begietara hutsune bat: historia kontatzeko era. Iruditu zait espedizioaren alde ilunenak ageriko egiteak objektibotasun itxuraz jantzi nahi duela antzezlana. Ispilatze bat. Bere onean zegoenean getariarrak harro idatzitakoak eta errealitatearekiko nozioa mantentzen duen barakaldarraren testigantzak kontrajarri ezkero eldarnioak jota dagoen gizajo baten esanekin, egun arte ofizialki gailendu den getariarraren figura heroikoa bultzatzen delakoan nago. Elkano gaizkileari Elkano heroia gailentzen zaio beste behin. Eta heroikotasun zantzu txikiena tartean den heinean, nork eta Espainiar Inperioaren mesedetara jardundako kolonizatzaileak, norbaiten eredu izaten jarraituko du. PPko buruzagi Pablo Casadorena, kasu, baina ez zapalkuntza-sistema orotatik libre den herri bat ortzi-mugan dugunona. Zenbaitzuon memoria historikoan Elkanok ez duelako –edo ez lukeelako izan behar– ohorezko tokirik, Haika Mutil eta Oh Pello Pello abestien biolin-doinuz lagunduta ere, espainiar konkistatzaile itxura izaten jarraitzen baitu.
Pentsatzen dut nahiko "nekatutak" helduko zela Iruñera Antton Telleria birako azken aurreko emanaldira. Indar pixka bat bazuen gordea, ordea, hurrengo egunerako zuen zita bikoitzaren aurretik, IruñEko Antzerki Eskolara bertaratutakoak eta beste... [+]
HONDAMENDIAN
Konpainiak: Artedrama & Axut. Idazlea: Harkaitz Cano. Zuzendaria: Ximun Fuchs. Aktoreak: Ander Lipus, Ane Sagüés, Ruth Guimerá, Jon Ander Urresti, Maialen Belaustegi, Maite Larburu, Manex Fuchs eta Eneko Gili. Eguna: otsailak 17. Lekua:... [+]
Libertimendu sasoi betean gara. Hartara, Euskal Herriko hainbat txokotan dantza, musika, antzerkia eta bertsoa uztartzen dituzten joko hauetaz gozatzeko garaia izateaz gain, aste hauek izaten dira momentu aproposena ere disziplina honi buruzko gora-beherei erreparatu eta... [+]
Bikote bat da, bikote sentimentala, emakumea eta gizona. Konfidantzazko, errespetuzko eta maitasunezko harremana irudikatzen dute. Zer-nolako gaietan kontraesanak airean uzteko beldurrik ez dute azaltzen elkarren aurrean. Zintzotasun hori, ordea, ez da berdin islatzen... [+]