Zisjordaniako ekonomia aktibitateak %30 egin du behera urriaren 7az geroztik. Langabezia %18tik %29ra igo da.
Israelek gerra deklaratu zuenetik, Zisjordaniako ekonomiaren bideragarritasuna atzera kontaketa betean sarturik dago. Bertako enpresek ezin dute lanik egin, besteak beste, langilerik ez daukatelako: kalkuluen arabera, Gazatik Zisjordaniara lanera joatekoak ziren 200.000 palestinar inguru harrapaturik daude Gazan.
Horrez gain, Palestinako Agintaritza Nazionalaren gobernu exekutiboa ez da gai bere burua finantzatzeko. Nahiz eta Zisjordanian berak agintzen duen, herritarren erretentzioak eta tributuak inoiz ez ditu kudeatu, besteak beste BEZarenak. Izan ere, lehenik Israelek jasotzen zituen eta gero heltzen zitzaizkion bueltan. Orain, ordea, Israelek ez dio sosik ematen Zisjordaniako Gobernuari.
Bere finantzazioa, oro har, hiru adar hauetatik zetorren: %65 aduanetako tasa eta BEZ zergetatik; %20 tokiko tributuetatik; eta %15, azkenik, nazioarteko donazioetatik.
Zisjordaniako Gobernuak finantzatzeko arazoak izateak suposatzen du sekulako zorrak eratzea ospitale pribatuekin, elektrizitate konpainiekin eta beste hainbat zerbitzurekin. El País-en arabera, eurotara ekarrita, 400 milioi zor ditu gutxienez.
"Gaza eta Zisjordania ekonomikoki bereiztea oso larria da guretzat"
Aipaturiko hedabideko berriemaile berezi bat Zisjordanian dago, eta bertako herritarrekin hitz egin du ekonomiaren deribaz eta bizitzaren garestitze basatiaz. "Lehen, hamar shekelekin (bi euro t'erdi), hiru tomate kilo eros zenitzakeen; orain, kilo bakar bat erosteko larri".
Gazako ekonomiak %85 egin du behera, sarraskiaren zatirik handiena han egiten ari delako Israel, baina Zisjordaniakoak ere jasan ditu kalteak: datuen arabera, %30 erori da aktibitatea. Inflazioa, urriaren 7a baino lehen puntu bakarrekoa zen, eta orain %5etik gora dago.
Soldata murrizketak eta berandu
Enpresa pribatuetako langileek arazo larriak dituzte, baina baita funtzionario palestinarrek ere. Urtarrileko nomina kobratzekotan egon beharko luketenean, abendukoa jaso gabe daukate oraindik. Elkarrizketatu batek honela kontatu dio El País-eko berriemaileari: "Urrian soldataren %50 kobratu genuen, eta azaroan, berriz, %66a. Hala ere, ez dakigu noiz arte jarraituko dugun kobratzen, ezta zenbat ere". Dezente igo da langabezia, bestalde, azken hiru hilabeteotan: %18tik %29ra.