Ekonomia eta lurralde eraldaketarako konpromisoa berretsi du Olatukoopek

  • 80 bat lagun batu dira Iruñeko Katakraken aretoan, ekonomia sozial eraldatzailearen erreferentzia bihurturiko Olatukoop sarearen hamar urteak ospatzeko. Ekonomia eta lurraldeak eraldatzeko proposamenak zehatz-mehatz aurkezteko ekimena izan da.


2024ko maiatzaren 15an - 11:17
Azken eguneraketa: 2024-05-16 10:50:38

Aulki bakoitzaren gainean liburu bat, opari: Ekonomia eraldatzaileak. Ekonomia eta lurraldeak eraldatzeko proposamen bat. Olatukoop sareko Oscar Garcíak eta beste hainbat kidek izkiriaturikoa da. Hamar urteko ibilbidean ondutako esperientzietan oinarriturik, Ekonomia Sozial Eraldatzailearen (ESE) teoriaren eta ereduaren baitako eboluzioak eta proposamen berriak jasotzen ditu, beti ere soa geroari begira jarrita, "aurrera begira, bizitzarako ekonomia bat eraikitzeko ongarri izan dadin". Hain zuzen, sistema kapitalista eta neoliberal hegemonikoan ez bezala, bizitza bizigarriak eta ederragoak ditu xede ekonomia horrek.

Helburu horrekin sortu zuten Olatukoop 2014an eta orduz geroztik, pausoz pauso aitzina egin dute, eginez ikasiz eta ikasitakoa ingurukoei zabalduz: "Ez dugu formula magikorik, baina tresnak eta praktikak dauzkagu bidea egiteko", zioen Leire Udabe Aizpuruak bertaratutako gomitei. Hastapenetik izan du berebiziko inportantzia formazioak, eta oparituriko liburua ere bada jakintza zabaldu nahiaren froga bat gehiago. KoopFabrika deituriko ekintzailetza kooperatiboko eskola ere ezin daiteke aipatu gabe utzi. Gehiago jakin nahi duenak eskura du Urko Apaolazak idatzitako Hamar urte lanean, denontzako bizitza oparoagoaren alde erreportajea.

Bide horretan, oinarri batzuk dituzte markaturik –aitzinatu ahala egokituz ere joan direnak–: lana bizitza-proiektuaren baitan kokatzea, bizitzaren bizigarritasunean positiboki eragiten duten praktikak erdigunean jartzea, ekonomia bizitzaren zerbitzura jartzeko lana modu burujabean egitea, auto-eraketa eta harreman ez kapitalistak oinarri hartzea, baliabide produktiboen eta erabaki hartze prozesuen jabegoa eta kontrola kolektiboa bermatzea, beste eragile ekonomiko eta sozialekin interkooperazioa garatzea, finantza etikoak erabiliz eta harreman ez merkantilizatuak sustatuz, pluraltasun ekonomikoa garatzea, kapitalismoak alde batera uzten dituen bizitza eta lurraldeak erdigunera ekartzea eta etorkizun burujabeak eraikitzea, eta azkenik, iraunkortasun ekologikoa iparrorratz jartzea.

Olatukoop 2014an sortu zuten dozena bat eragilek eta hortik hamar urtera, 60tik gora kooperatiba, herrigintza elkarte eta eragile sozioekonomiko kooperatibo batzen ditu sareak –tartean, ARGIA–, orotara 600 langile eta beste ehunka kide bilduz. Urtez urte eta urratsez urrats, "praktikaren bidez lorturiko legitimitatea" azpimarratu nahi izan zuen Beñat Irasuegi Ibarrak. Normala den bezala, ez dute beti bide erraza eta lasaia izan, eta eztabaida zein oztopo batzuei ere aurre egin behar izan diete... Baina argi dute: "Ederra izan da".

Izan interkooperaziotik ala elkarlanetik, kolektiboki eta saretuz egindako bidea da Olatukoop-ena: "Gu bakarrik ez goaz inora, eta eraldaketari dagokionez, are gutiago", Udabek ohartarazi bezala. Saretze hori ederki islatu zuten, laburzki hitza hartu zuten Gezki, Lanki, Eskubide Sozialen Karta, Emagin, Katakrak, Koop57, Amillubi eta Ciutat invisible (bideoz) egituretako kideek.

80 bat lagun batu ziren maiatzaren 14an Iruñean, Katakraken aretoan. Argazkia: Olatukoop
Lurraldekintzara saltoa

Euskal Herri osoko eragileen arteko sare hori ehunduz doala, "lurraldekintzarako" saltoa egiteko nahia azaldu zieten bertaratuei: "Proiektuak sortu, hauek elkarlanean jarri eta lurralde burujabeak garatu nahi ditugu, lurralde harremanak ere elkartasunetik begiratu eta inor atzean utzi gabe. Errizomek zuhaitzak, eta zuhaitzek baso bizigarriak sortzea da gure utopia xumea". Baso bihurtuko den errizoma hori "aniztasunetik lortutako batasun bat" izan beharko duela azpimarratu zuen Gorka Julio Hurtadok.

Asmo horrekin eskura jarritako tresna batzuk ezagutzeko unea ere izan zen Katakrakeko ekitaldia. Bat aipatzearren, KoopFabrikatik sortutako KoopFabrika Hegoaldetik ekimena dugu hor, Enarak kooperatibak, Huhezi eta Olatukoopekin elkarlanean sorturikoa. Helburutzat du tresna kooperatiboa eta ekonomia sozial eraldatzailea pertsona migratuen esku uztea, beren lana antolatzeko eta bizitza-proiektuak hobetzeko.

Pitzadurak irekitzen segitzeko deia

Bizitzaren aldeko ekonomia helburu, "pitzadurak irekitzen" segitzeko gogoa berretsi zuten hamar urteen kari. Liburua esku artean, gerora begira daudelako: "Ez digute uzten pentsatzen ekonomia zer den. Liburu hau eta Olatukoop ekonomia da, eta gainera mailu bat da, gaur egungo sistema ekonomiko sozial tristea apurtzeko mailu bat", Irasuegiren hitzetan. Biharrari begira jarrita, erronka andana dituzte identifikaturik eta zehaztearren, guztiak dira potoloak: Olatukoop indartsu eta gogotsu dagoenaren froga dugu hori, duda gabe.

Batetik, eskuin muturraren gorakadari aurre eginen dion eragile gisa kokatu nahi du sareak: "Testuinguru ilun honetan, faxismoa hemen dugula, ekonomia sozial eraldatzaileak izan beharko du horri aurre egiteko elementu nagusi bat". Bestetik, Euskal Herriko lurralde ezberdinen arteko ESE konfederazio bat sortzea, zein Udalbiltza edota administrazio publikoak ekonomia sozial eraldatzailerako estrategian txertatzea ere dituzte helburuetan. Horrez gain, dela baserri, taberna, arta-etxe zein herriko denda ttipi, komunitatearentzat ezinbestekoak izan diren enpresa ttipien transmisio-ezari aurre egitea ere dute beharrezkotzat: "Gure herrietan bizitza bizigarria egin diguten eragileak desagertuz doaz. ESEak badu bere lekua, guzti hori kolektiboki eta ardura komunitariotik aurrera eramateko". Bide horretan, herri kooperatiba izan daiteke aterabide interesgarria. Azken hori, herri-egitura sozioekonomiko bat da, zeinek herritarrak nagusi izanda ere, ekonomia sozialeko eragileak, herrigintzakoak baita erakunde publikoak ere elkartzen dituen. Azkenik, gure bizitzetan leku geroz eta gehiago hartzen duen digitalizazioaren gaia ere lehentasunetan dute, burujabetzaren helburua honetan ere txertatzeko asmoz.

Guzti hori plazeretik eramateko beharra azpimarratuz edo, Rosa Luxemburgen erran bat oroitaraziz bukatu zuen ekimena Irasuegik: ez ahaztu inoiz gauza ttipi eta ederrez gozatzea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Olatukoop
Lau, hiru, bi, bat… Gora Olatukoop! Ekonomia eraldatzailearen festa Donostian

Ekonomia Sozial Eraldatzailearen Sareak, Olatukoopek, hamar urte bete ditu, eta larunbatean festa egin dute Donostian, sareko kide eta partaideen artean. Ekonomia eta kooperatibismoa beste ikuspegi batez landu litezkeela aldarrikatu (eta frogatu) dute: herrigintzatik, herritar... [+]


Olatukoop
Hamar urte lanean, denontzako bizitza oparoagoaren alde

Gizartea eraldatzeko helburuz jaio zen Ekonomia Sozial Eraldatzailearen mugimendua Euskal Herrian duela hamar urte, Olatukoop sarean bilduta. Denbora honetan ez da gutxi egindakoa: hamaika kooperatiba eta ekimen jarri dituzte martxan, eta sarea zabaldu egin da. Baina erronkak... [+]


Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


Eguneraketa berriak daude