Ekonomia eraldatzailea bultzatzeko egitasmoa abian da berriz Beterri-Buruntza eskualdean

  • Beterri Saretuz egitasmoa berriz ere martxan da eta Andoainen egingo dute lehen topaketa eskualdeko enpresa, hezkuntza eragile eta erakundeen artean. Ekonomia eraldatzailearen balioetan eta partaidetzan oinarrituriko jendartea bultzatzea dute asmo.

Eskualdeko hezkuntza eragileko partaideak ere biltzen ditu Beterri Saretuz egitasmoak (argazkia: Beterri Saretuz)

2023ko urtarrilaren 18an - 08:15

Ekonomia sozial eraldatzaileari loturiko ereduak hedatzen ari dira pixkanaka Euskal Herrian eta Beterri-Buruntza eskualdean ere ari dira norabide horretan pausoak ematen. 2019az geroztik martxan den Beterri Saretuz egitasmoak ekonomia eraldatzailearen balioekin funtzionatuko duen jendarte eta ekosistema enpresarial bat bultzatzea du helburu. Aurtengo lehengo topaketa Andoainen egingo dute, Martin Ugalde Kultur Parkean.

Topaketan, egitasmoaren partaideek harremanak estutzeaz gain hainbat gairen inguruan hausnartuko dute, proiektu bezala izan beharreko izaera juridikoaz, funtzionamenduaz edo finantzaketaz, besteak beste.

Formazioa da Beterri Saretuzek urtero landu izan duen arloetako bat, eta aurtengo saioak zein diren zehaztuko dute lehen topaketa honetan. Horrez gain, hezkuntza eragileekin ere lanketa berezia egiten ari dira, eskualdeko zentroetan ekonomia sozial eraldatzailea zer den ezagutarazteko, esaterako.

Asteazkeneko topaketan, sarrera hitzaldirako Debagoiena 2030 egitasmoko kideak gonbidatu dituzte, eskualde hartan lurraldearen garapen komunitario bat bultzatzea helburu duen sare irekia.

Parte hartzeko izena eman behar da eta, jakinarazi dutenez, oraindik aukera badago beren webgunean sartuta.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Beterri Saretuz
Aiala Zubieta Bertiz
"Ingurumenean ere enpresa txikiok gure norabidea jarri behar dugu"

Ingurumenaren eta jasangarritasunaren inguruan aholkularitza eskaintzen duen Isladak kooperatibako kidea da Aiala Zubieta Bertiz. Berriki, formazioa eskaini die ekonomia eraldatzaileko kooperatiba eta proiektuei, Beterri Saretuz ekimenak Usurbilgo Lanbide Eskolan antolatuta,... [+]


2023-03-16 | ARGIA
Proiektu eraldatzaileetan dabiltzan emakumeen foroa egingo dute Andoainen

Beterri-Buruntza eskualdeko ekonomia eraldatzailearen sareak antolatuta, hainbat kooperatiba, proiektu eta enpresa komunitariotan dabiltzan emakumeak bilduko dira Leitzarango Bisitarien Etxean, aitortza, konfidantza eta ahalduntzea lantzeko.


“Lanean ere rolak birsortzen dira sotilki”

Berdintasuna enpresetan nola lantzen dugun aztertzeko formazio saioa egin du Beterri Saretuz egitasmoak. Berdintasun Planen inguruko informazioa jasotzeaz gain, berdintasuna praktikara nola eraman ere hausnartu dute.


2023-02-21 | ARGIA
Soldata arrakala
Berdintasun planetatik harago, zer egin dezakegu?

Otsailaren 22an, Emakumeen eta Gizonen Soldata Berdintasunaren Aldeko Nazioarteko Egunean, lanean genero berdintasuna "planetatik praktikara" nola garatu aztertuko dute Hernanin, Beterri Saretuz egitasmoak kooperatiba eta proiektu eraldatzaileei zuzenduriko formazioan.


2023-02-08 | ARGIA
Entzute metodologia: lehenik ingurukoen kezkak eta beharrak zein diren jakin, eta gero lanari ekin

Ekonomia eraldatzailearen Beterri-Buruntzako sareak antolatuta,  entzute prozesuen inguruan jardungo dute asteazken honetan Hernanin. Enpresa, kooperatiba eta ekintzaileentzako formazio saioa izango da: "Hartzen al dugu tarterik gure inguruari entzuteko?",... [+]


Eguneraketa berriak daude