Ekologistak Martxanek Bandera Beltzak oparitu dizkie euskal kostaldeko lau proiektu suntsitzaileri

  • Ekologistak Martxan elkarteak (Espainian Ecologistas en Acción) 2021eko edizioko Bandera Beltzak izendatu ditu, Espainiako estatuan kostaldeari kalterik gehien eragiten dieten proiektuei. Euskal itsas hegiari dagokionez, Bizkaian bandera bana oparitu die Petronorri kutsaduragatik eta Bilboko superportuari bere anpliazioagatik, eta beste bana Gipuzkoan Zumaian Urola ibaia dragatzeari eta Irungo udalari Txingudiko hiritartze planagatik.


2021eko ekainaren 29an - 14:30
Bilboko portuan Petronorrek erregaiak lehorreratzeko kai berria eraikiko du, superportu erraldoia zabalduz.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Ekologistak Martxanek izendatu berri ditu 2021eko edizioko lau Bandera Beltzak, itsas hegia kaltetzen tematzen diren enpresa eta erakudeei urtero eskaintzen dizkienak. Domina beltzetatik lehena, ex equo, Petronor konpainiari eta Eusko Jaurlaritzari eman diete beste behin ere, bati Euskal Herriko eta Espainiako iparralde osoko enpresarik kutsatzaileena izateagatik eta Jaurlaritzari hari petrolioa fintzeko baimena legeria bete barik emateagatik, auzitegiek berrikitan ebatzi dutenez.

Bizkaiko bigarren Bandera Beltza lurrez Muskizko udalerrian egonagatik Bilboboko Portua deitzen denarentzako da, orain arte artifizializaturik zeukan eremu handiari beste 46.000 metro karratu gehitzeagatik, hidrokarburuen kaia zabaltzeko. Portuko agintariek, gainera, iragarria dute 22.000 metro karratu gehiagoko zabalpena egin asmo dutela, hauek energia berriztagarriak lehorreratzeko.

Gipuzkoan beste bi bandera beltz banatu dituzte Ekologistak Martxanekoek. Lehena, Zumaian Urola ibaiaren hondoa dragatzea erabaki dutenentzako da. Zumaian errioa eten gabe dragatzen dute, besteren artean Balenciaga ontziolan egiten dituzten itsasontzi handiak ureratu ahal izateko eta hortik ateratako hondar eta lohiak Mutrikuko portu inguruetan itsasoratzen dituzte, denak ere Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoak izaki. Ekologistek salatzen dutenez, azken bi urteotan egunero 3-4 aldiz erauzten dizkio errioari draga-ontzi batek lohiak -ez ahaztu, Europako ibairik kutsatuenetako batek ekarriak- ondoren Mutruko pareko uretara jaurtitzeko.

Bigarren ikurrin beltza Irungo Udalari eman dio Ekologistak Martxanek, jadanik presio handia jasaten duen Txingudiko itsasadarrean etxebizitza gehiago egiteko erabakiagatik. Duela gutxi ekologistek salatu zutenez, "Irungo Udala hirigintza-proiektu gehiago egiten ari da eta egin nahi ditu etorkizunean, Bidasoako estuarioa atzera bueltarik gabe hondatuko duen eremu oso sentikorraren gaineko hirigintza-presioa areagotuko dutenak".

Ecologistas en Accion elkarteak -zeinen kide baita Ekologistak Martxan- urtero ikurrin beltzok banatzen ditu Espainiako estatuko itsas hegoa gehien kaltetzen duten proiektuen artean, itsasoa daukaten probintzia bakoitzeko bi txapeldun beltz. Zerrenda osoa irakur daiteke hemen.


Itsasoak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.