EHU

EHUk 64,1 milioi euroan lizitatu ditu Medikuntza eta Erizaintza fakultateko obrak, hasieran baino hamaika aldiz garestiago

  • Abuztuan, aldi baterako Medikuntza enpresa elkarteak atzera egin zuen fakultate berria eraikitzeko akordioan, EHUk aurreikusitako prezioak ez zituela kostuak estaltzen argudiatuta. Bilboko Basurto ospitalearen alboan eraiki asmo den fakultatea ikasturte bat atzeratuko da: 2026-2027rako ateak irekitzea espero du unibertsitateak. Enpresek otsailaren 3ra arte dute euren eskaintzak aurkezteko epea. 


2022ko abenduaren 27an - 11:43
Azken eguneraketa: 15:18
Medikuntza eta Erizaintza fakultate berriaren aurreikuspena, Basurto ospitaletik gertu. / Argazkia: EHU
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Euskal Herriko Unibertsitateak Medikuntza eta Erizaintza Fakultate berria eraiki asmo du Bilboko Basurto ospitalearen ondoan. Iazko urrian eman zuen proiektuaren berri, eta lehen lizitazioa atera zuen. Eraikuntza kostuen garestitzea dela-eta, ordea, fakultate berrirako iaz aurreikusitakoa baino hamaika aldiz kostu altuagoak aurreikusi dituzte: 64,1 milioi euro. Eraikina 2026-2027 ikasturterako erabilgarri egotea espero du unibertsitateak.

Hasiera batean, ABEE aldi baterako Medikuntza enpresa elkartea zen obraren ardura hartzekoa, 53,4 milioi euroren truke. Baina pasa den abuztuan ezezkoa eman zuen, energiaren eta lehengaien garestitzeagatik errentagarria izango ez zitzaiolakoan. EHUk lizitaziorako baldintzak berrikusi ditu eta eraikuntzaren kostua 64.092.555,22 euroan zenbatetsi du. EAEko Euskadi Next programako funtsetatik finantzatuko da. 

Bigarren esleipen honetarako, enpresek 2023ko otsaileraren 3ra arte aurkeztu ahalko dituzte euren eskaintzak. Kontratua maiatzaren bigarren erdialdean itxi asmo du EHUk, eta eraikuntza lanak ekainaren bigarren hamabostaldian hastea. Horrela, fakultatearen estreinaldia ikasturte bat azteratuko da; eragozpen gehiagorik ezean, 2026-2027 ikasturterako erabilgarri egotea aurreikusi du EHUk, hasiera batean 2024rako amaituta izan asmo bazuen ere.  

Fakultatea lau eremutan banatuko dute. Horietatik handiena ikerketara bideratuko da; 5.300 metro karratuko lursaila erabiliko dute eremu horretarako. Unibertsitate ikasketei dagokienez, Medikuntza, Erizaintza eta Fisioterapia graduak eskainiko dira bertan, baita zazpi master ere: Zahartze Osasungarria eta Bizi Kalitatea; Farmakologia; Ingeniaritza Biomedikoa; Ikerketa Biomedikoa; Mikrobiologia eta Osasuna; Neurozientziak; eta Osasun Publikoa.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: EHU
2025eko urriaren 29
Joxerramon Bengoetxea, EHU-ko errektorea
“Jaurlaritzaren aurrekontu hauek EHU paralisira daramate”

Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!