Euskarari buruzko hainbat ebazpen onartu dira EAEko Legebiltzarrean. Horiek bozkatu aurretik, hizkuntza politikari buruzko eztabaida monografikoa egin dute EH Bilduk eskatuta.
Koalizio subiranistako legebiltzarkide Xabier Isasik adierazi du euskalgintzaren eta herri mugimenduaren lanik gabe ez zela "ezer" lortuko eta Jaurlaritza "atzetik" ibili dela. Eta EAEko administrazioaren plangintzetan ez dela aipatzen bi hizkuntzen arteko asimetria konpontzeko borondatea.
Kontra egin dio Hizkuntza Politikako sailburuorde Patxi Baztarrikak. Jaurlaritzako kideak erantzun dio bi hizkuntzak administrazioan nahi dituztela, “orain baino modu orekatuagoan”.
PSE-EEko Idoia Mendiak adierazi du euskararen ezagutzan datu "pozgarriak" daudela eta bide horretan sakondu nahi dutela “baina inposiziorik gabe”. PPko legebiltzarkide Carmelo Barriok euskararen aldeko erakundeek egiten duten lana goraipatu zuen eta EH Bildu kritikatu: "Euskara arma politiko bilakatu nahi duzue”. UPyDko Gorka Maneirok Jaurlaritzaren hizkuntza politika kritikatu du: “Gehiegikeriak, bidegabekeriak eta diskriminazioak izan dira hizkuntza politikan”.
EAJ eta EH Bildu ados zenbait puntutan
EAJren eta EH Bilduren artean adostu dute helduen euskalduntzea sendotzen jarraitu behar dela eta euskararen erabilera gizarte esparruetan bultzatzen jarraitu behar dela. Euskararen hiztun elkartea sendotzeko eta kohesioa handiagotzeko egitasmoak bultzatu behar direla onartu dute.
EAJk, PSEk eta EH Bilduk adostu dute informazio eta komunikazio teknologietan euskarazko aplikazio eta tresnak sustatu behar direla.
EAJk eta PSEk adostu dute bi hizkuntza ofizialen arteko berdintasuna eta bizikidetza helburu izango dituen hizkuntza politikak garatzea. Irakaskuntza bi hizkuntza ofizialetan jasotzeko eskubidea aldarrikatu dute.
EH Bilduk eta EAJk eskatu dute EITBk euskara ardatz izanda proiektu erakargarriak eskaini behar dituela; eta UPyDk aldarrikatu du "Euskadin bizi diren herritar guztien askatasuna eta eskubideak errespetatuko dituen hizkuntza politika" defendatzen duela