Donostiako Alde Zaharreko errepresioaren harira


2021eko otsailaren 15an - 16:15

Pasa den urteko abenduaren erdialdetik hona, eta bereziki urtarrilean, Donostiako Alde Zaharra jende askoren ahotan egon da. Ustezko kale zurrutaren aitzakiapean poliziaren interbentzio konstanteak eduki ditugu. Hedabide eta sare sozialetan oso zabalduak izan diren gertakarietan zentratu gabe, zenbait irakaspen politiko ateratzea gustatuko litzaiguke, egoera baretu ez delako, eta azkeneko astean Antiguan eta Añorgan gertatu denarekin eta aurretik Euskal Herriko beste herrietan ikusi ditugun irudiekin, ezin dugulako gure analisia soilik gure auzoan zentratu. Azpimarratu nahiko genuke testu honetan aipatuko diren ideiak gure iritzi pertsonala direla, inolaz ere ez Alde Zaharreko Gazte Asanbladaren iritzia.

Pasaden martxotik hona kaleen militarizazioa nabarmen handitu da, zergatik? Horixe da azken asteetan guztion ahotan dabilen galdera, baino zeharka beste galdera bat sortzen diguna: Zergatik handitu da kontrol soziala eta gazte langileen aurkako errepresioa gogortzeko beharra?

Jadanik inork ezin du defendatu hartutako “osasun neurriak” birusa desagerrarazteko helburuarekin pentsatu direnik. Burgesiak eta bere politikari profesionalek argi adierazi dute zein den haien konpromisoa, proletalgoa osasun egoera larritik babestea albo batera utzi eta kapital metaketak martxan jarraitzea lehenetsi baitute. Hautu politiko horren ondorioetako bat da milaka heriotza ekidin zitzaketen oinarrizko baliabideak (arnasgailuak, kalitatezko musukoak, berrogeialdiak egin ahal izateko lan baldintza zein azpiegitura bitartekoak…) langileriaren esku jartzeari muzin egin izana.

"Sinesgarritasun galera dela-eta, erantzukizuna lekualdatzen saiatzen ari da burgesia: egiten ari den kudeaketa interesatua ezkutatzeko gazte arduragabeen figura jomugan jartzen"

Sinesgarritasun galera dela-eta, erantzukizuna lekualdatzen saiatzen ari da burgesia: egiten ari den kudeaketa interesatua ezkutatzeko gazte arduragabeen figura jomugan jartzen, alegia. Gainera, gazteria langilea kriminalizatzea, pandemiaren kudeaketa zuritzeko ez ezik, zuzeneko diktadura justifikatzeko ere baliagarria zaio: krisi kapitalista dela-eta ordena soziala arrakalatzen ari den honetan, indar armatuak masen diziplina mantentzeko ezinbesteko bitartekoak baitira. Eta, egiaztatu dugun bezala, balizko gazte arduragabeen arriskuak testuinguru aparta eskaintzen dio inpunitatezko esku-hartze polizialari.

Aspektu horretan, beharrezkoa iruditzen zaigu indar armatuen eraso jakin batzuk salatzetik harago gertakari horien beharrezkotasuna sortzen duen testuingurua bera jo-puntuan jartzea. Izan ere, gizarte kapitalistak indarrean jarraitzen duen heinean, beti existituko da proletalgoa zapalduta mantentzeko poliziaren beharra.

Gauzak horrela, baiezta dezakegu gizartearen aurrean etsai gisa aurkeztu nahi gaituen berbera dela gure etsaia: botere burgesari eusteko autoritarismoa ezartzen eta horretarako gazteria langilea arbitrariotasunez zigortzen ari den hori.

Jakina den moduan, klase menderakuntzari aurre egiteko aukera bakarra, klase menderatzailearekiko independentziaz, klase menderatuaren antolakuntza eratzea da. Hots, klase interesak ardatz langileriaren batasun politikoa antolatzea. Norako horretan ekarpen xume bat egin nahian, jarraian aipatuko ditugun puntuak aterabide bat antolatzen hasteko abiapuntu bat besterik ez dira:

Hartutako osasun neurriek babesten dituzten interes burgesak seinalatzen jarraitu behar dugu. Irabazi ekonomikoak eskuratzea beste helbururik ez duten neurriek ez bezala, proletalgoaren baitan birusaren hedapena ekiditea zein gure gaixoen zaintza bermatzea helburu duten osasun irizpide eta bitartekoak eskuratu behar ditugu.

Indar armatuen eta gazteen artean ematen ari diren gatazken klase izaera mahai gaineratu behar dugu: polizia-indarren esentzia beti izango delako gizarte kapitalistaren oinarrien aurka dagoen oro jazartzea, eta kontrara, gazte langileen amorruaren muina, gizarte kapitalistak dakarkien ziurgabetasunean kokatzen delako.

Osasun krisia aitzakiatzat hartuta, politikagintza burgesa izan da baimendutako eredu bakarra. Horregatik, debekatuak izan diren proletalgoaren eskubide politikoak defendatu, eta batez ere, klase menderakuntzarekin amaitzea helburu duen antolakuntza komunista hedatzen jarraitu behar dugu.

 

* Artikulua sinatznen dute Javier Sampedro Narzabalek eta Julen Larrañaga Eizmendik,

Alde Zaharreko Gazte Asanbladako eta Gazte Koordinadora Sozialistako militanteak.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude