Euskal literaturaren topagune digitaletako bat da Booktegi, irakurzaletasuna bultzatu asmo duena, edonolako literatur testuak dohainik eskainita. Duela zortzi urte hasi zuen ibilbidea, eta duela hiru urtetik ari dira topaketa formatuko jaialdia ere egiten. Laugarren edizioa Usurbilen egingo da asteburu honetan: zenbait idazleren arteko solasaldi bi eta Rupertorioa, beste ekintzen artean. Jaialdiaren atarian, Booktegiren arduradun Aritz Brantonekin hitz egin du ARGIAk, proiektuaz oro har.
Duela bi urte, jaialdiaren atarian, aipatu zenuen “diruz justu” zenbiltzatela, dirulaguntzak murriztu zirelako. Hobetu al da egoera?
Ez, ez da hobetu. Baina egia esan, besteak beste, gure erabakiz izan da. Tira, ezaguna da errealitatea, eta gurea adibide xumea baino ez da: proiektuari ekin baino lehenago ezin izaten da jakin dirulaguntzarik jasoko ote den edo ez. Hortaz, ondorioztatu genuen guretzat oso arriskutsua zela dirulaguntzen zain gelditzea, eta erabaki genuen, horrek baldintzatu aurretik, gure martxa apaltzea neurri batean [lehen astero publikatzen zuten liburu bat, eta duela pare bat urtetik hona gutxiago, "gaueko lan" bihurtu baitzaie, duela bi urte ARGIAri esan zionez]. Beraz, dirulaguntzen menpe egon gabe egiten dugu dena. Salbuespen batekin: jaialdia. Usurbilgo Udalak laguntzen gaitu horretan.
Hainbatetan aldarrikatu duzue, eta esaterako iaz, Usurbilgo aldizkari Noaua-k eginiko elkarrizketan aipatzen zenuen, Booktegi proiektuak bi ardatz garrantzitsu dituela: literatura jendearen eskueran ipintzea, eta doan. Aspalditik datorren kontua da, baina ez dakit ez ote garen ari doan eskainitakoari giltza ipintzen, ordainpeko bihurtzen... Joera indartu da, agian.
Egia esan, zalantzak ditut horren inguruan. Dohainik ematen dena estimatzen al da? Batzuetan, iruditzen zait ezetz.
Zein zentzutan ari zara?
Konparaketa bat egiteko: euskara dohainik ikastea ona da? Beharbada, ez. Uste dut dohainik ematen dena ez dela estimatzen gizarte honetan.
"Askotan badirudi euskaraz asko idazten dela, eta oso ondo idazten dela, baina oso gutxi irakurtzen da. Uste dut oreka falta dagoela. Liburuak dohainik eskaintzea ekarpen bat da"
Literaturaren kasuan, gurean, gehiengoa ordainpekoa da, salbu eta Susa argitaletxearen politika: argitalpenak sarean eskegi eta jendearen eskueran jartzen dituzte. Zuena, egia da, diferentea da; baina ildoa, bera.
Susa argitaletxe bat da, eta Booktegi ere argitaletxea da, baina neurri batean. Gure edukiaren erdiak-edo ez du inolako asmo komertzialik, ez baitugu hori planteatzen, ez zaie zifrei erreparatzen.
Non argitaratu ez daukaten idazleei espazioa eskaintzea ere baduzue jarraibidetzat.
Hori da helburua, bai. Baita jendeak testuak partekatzeko aukera izatea ere, eta elkar ezagutzea, sinaduren bidez bada ere.
Irakurzaletasuna sustatzeko balio dezakete doako plazek.
Horixe uste dut dela Booktegi proiektuaren helburu printzipala, idazle hasi berriei-eta aukera eskaintzea baino gehiago. Askotan badirudi euskaraz asko idazten dela, eta oso ondo idazten dela, baina oso gutxi irakurtzen da. Uste dut oreka falta dagoela. Liburuak dohainik eskaintzea ekarpen bat da. Baita Booktegi Jaialdia ere, jakina. Jaialdiaren asmoa da literaturzaleak erakartzea, biltzea, elkartzea, eta letren bueltan gozaraztea.
Literaturaz aparte, musika eta antzerkia ere jorratuko dituzue Booktegiren aurtengo jaialdian. Doan, dena ere.
Literatura oso zentzu zabalean ulertzen dugu. Jaialdian, esango nuke “kontakizun” den horretara jotzen dugula gehiago, “literatura"ra baino. Kontakizun idatzia da literatura; jaialdian, kontakizuna beste mila modutara helarazi daiteke.
Irakurtzearen inguruko bi solasaldi egingo dituzue larunbat goizean.
Jaialdian urtez urte mantentzen den planteamendua da. Elkarri irakurriz du izena, urtero sei ipuin berri idazten dira jaialdiaren egunerako, eta horien inguruko bi solasaldi izaten ditugu. Bi ipuin sorta dira, hiruna testukoa bakoitza. Sorta bakoitzak bere izenburua dauka, termino bat edo hitz bat izan ohi dena, nolabaiteko ardatza emateko; aurtengoak giltza eta katea dira. Giltza-ren bueltan narrazio bana idatzi dute Iñigo Astizek, Irati Zubiak eta Miren Agur Meabek, eta haiek osatuko dute lehen mahai ingurua; eta katea hitzaren bueltan, berriz, Ane Labakak, Garazi Albizuak eta Itxaro Bordak. Solasaldien gidari lanetan Nerea Loiola ariko da.
Bezperan, ostiral iluntzean, badaukazue hitzordu berezi bat, batik bat Ruper Ordorikaren zale direnei bideratutakoa: Rupertorioa.
Ruper Ordorikak idatziriko letrei omenaldia egingo zaie, eta gonbidatu bakoitzak norbere abesti gogokoenari buruzko gogoetaren bat egingo du, edo, besterik gabe, abestu egingo du, letra irakurri, instrumenturen batekin jo, anekdotaren bat kontatu... Denetarik, era librean. Plurala izango da, eta uste dut oso ederra izango dela. Izen batzuk aipatzearren, Rupertorioa-n hauek izango ditugu gonbidatuen artean: Eneko Bidegain, Itxaro Borda, Andoni Tolosa, Isabel Etxeberria, Xabier Artola, Fito Rodriguez, Ainara Azpiazu Axpi eta Yolanda Arrieta.
Usurbilen bizi zara, eta Usurbilen egiten da jaialdia, ez alferrik. Badu lotura herriarekin. Besteak beste, ikastolaren parte hartzea egongo da, usurbildarra den Ameba musika taldeak itxiko du egitaraua... Herritarren parte hartzea nabarmentzekoa da urtez urte.
Bai. Lurrean kokatu dagoen jaialdia da Booktegi. Herrian errotuta dago proiektua, eta funtsezkoa da sinergia.