Dilindan taldeak Mattin Saltori jantzi dio Taldekako Xilabako txapela

  • Abenduaren 1ean Baigorrin jokatu zen 2018ko Taldekako Xilabako lehen edizioan, Aitor Servier, Ellande Alfaro, Xumai Murua eta Pantxika Solorzanok jantzi zuten txapela, Ortzi Idoate, Hodei Renteria, Amets Arzallus, Nahia Sasco eta Xan Berterretxen eskutik.


2018ko abenduaren 03an - 13:25
Argazkia: Euskal Irratiak.

Giro goxo eta ederra, talde giroa, bizi izan zen larunbat arratsaldean Baigorriko Plaza Xoko gelan. 300ndik gora entzule bildu ziren, gozatzera etorriak. Joana Itzaina aurkezlearen lehen hitzek Aitor Sarasua izan zuten gogoan, eta hari eta haren familiari eskaini zitzaizkien arratsalde hartako bertso eta irriak. Agur bizi eta umoretsuek hasieratik beretik jarri zuten entzulegoa irriz. Laboa zein Taldekako Xilabako beste taldeei omenaldi ttipi bat egiteko baliatu zuten bertsolariek unea.

Bertsolari bakoitzak eman zion bere kolorea saioari. Bertsoaren alderdi teknikoa baino, ideia original, umore eta hunkiduraz gozatu zuen txalo errazeko entzulegoak. Murua eta Arzallusek ederki hasi zuten saioa Belarriprest txapadun jendarmearen kontrolean. Alfaro eta Idoatek berriz, konplizitate eta boz ederrez jardun zuten koplaka astrologiari buruz. Renteria gazteenak freskotasun eta naturaltasunez asmatu zuen irri giroa sortzen Muruarekin batera, Seaskako egutegi saltzailearen paperetik egin zuten puntukako saioan. Bukaera aldera, bakarkako sakon eta ederra kantatu zuen Sascok, bigarren aldiz ezkontzen zen amaren ezkontzako testuinguruan.

Ondotik, Servierrek distira berezia eman zion saioari goitik beherako hiru bertso hunkigarrirekin publikoa emozioak dantzan utziz. Honakoa jarritako gaia: «komunean gakotu da, ez du atera nahi». Bertso hauek kantatu zituen:

Eskolarako bidea

hark ez du egiten errez

usu laguntzen diogu

bera lasaitzeko xedez

irakasleengan ere

sinetsi ohi dugu fedez

gure alaba ttikia

maite dugulako berez

gaur hitz egin nahi genuen,

genuen asmo onenez

hamabi urte beretzat

adinik zailena denez

berak ez gaitu ulertzen

eta guk bera ere ez.

 

Gure alaba delako

bere klasean irrigai

emaztea eta biok

ere ez gaude hain lasai

lagunak behar zutenak

bihurtzen zaizkio etsai

ezezkoa dio beti

nahiz ta guk hari erran bai

azkenaldian etxean

dena liskar dena ezbai

pentsatu dut atearen

ondoan nindagola zai

ez du kontatu nahi edo

guk ez diogu entzun nahi.

 

Atean zain ia ordu

bihurtzen da segundua

beretako babes ote

da etxeko ingurua

aditu dugu eskolan

maisu-maistren aburua

ikasgelan zein etxean

eguneroko gudua

komunean utziko dut

hau du toki segurua

negarrez lehertu eta

konpondu dezan mundua

berriz lagun izan arte

bera ta bere burua.

 

Taldeka egin zuten kartzelako ariketak une berezia sorrarazi zuen, ilunpean zen entzulegoa eta buruko argidun bertsolarien artean. Alfaroren azken agur honekin amaitu zen saioa Baigorrin, plaza bete txalo:

Metxi Etxalarko Etxahun,

Alfaroin ordez artista

Eskukularen agurra,

poetiko politika

Xumaien lagunei txalo,

hau behar da errepika

Txato, Aitor, Biltxokoa

bizirik da ta irrika

Erramuzpe ta Lantziri,

gaintiarrer begi kliska

eta Baigorrin garenez

zaharrer segi, gora IK

Muxu bero bat Kattini,

nola pasa da bisita?

Lorentxari egiozu,

gure xapel bete ttinka.

 

44 parte hartzaile, 11 talde, 14 saio. Herriz herri, saioz saio, parte hartzaileak bertsolari, gai jartzaile, antolatzaile zein epaile bilakatu dira aurtengo txapelketan. Formatu berriak, esperientzia berriak zein giro berriak sortuz utzi gaitu 2018ko edizioak. Bertsolari, bertso giro eta bertso talde berriek inarrosi dute Iparraldeko bertsolaritza. Motibazioak berriturik bihurtu du Xilabak bakarkakoa taldeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Xilaba
2023-09-06 | ARGIA
Xilaba txapelketan 38 bertsolarik hartuko dute parte, bederatzi taldetan banatuta

Taldekako Xilaba bertso txapelketa irailaren 22an abiatuko da Ozazen, eta finala azaroaren 18an egingo da Aiherran.


2021-11-09 | ARGIA
Dena prest larunbat honetan Xilabaren finala jokatzeko

Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko VI. Bertsulari Txapelketako finala azaroaren 13an Donibane Lohizunen izango da. Bertan kantatuko dute sei bertsolari hauek: Amets Arzallus Antia, Odei Barroso Gomila, Maddalen Arzallus Antia, Maddi Ane Txoperena Iribarren, Patxi Iriart... [+]


2021-10-25 | Bertsozale.eus
Maddalen Arzallus Antia nagusitu da Bardozen egindako Xilabaren bigarren Final Aitzineko saioan

XILABA 2021 Bertsulari Txapelketako bigarren final aitzinekoa jokatu da Bardozen. Bertan, Maddalen Arzallus Antia bertsulariak Finalean kantatzeko txartela irabazi du. Miren Artetxe Sarasolak eta Xumai Murua Berrak egin dute bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. 130 bat... [+]


2021-10-18 | Bertsozale.eus
Amets Arzallus Antia nagusitu da Maulen egindako Xilabaren lehen Final Aitzineko saioan

XILABA 2021 Bertsulari Txapelketako lehen final aitzinekoa jokatu da Maulen urriaren 17an. Bertan, Amets Arzallus Antia bertsulariak Finalean kantatzeko txartela irabazi du. Maddi Ane Txoperena Iribarrenek eta Aitor Servier Etxexurik egin dute bigarren eta hirugarren, hurrenez... [+]


2021-10-11 | Bertsozale.eus
Amets Arzallus Antia nagusitu da Gabadin ospatutako Xilabako azken kanporaketako saioan

XILABA 2021 Bertsulari Txapelketako laugarren kanporaketa jokatu da Gabadin,eta final erdietako saioak nola osatuak izanen diren erabakita gelditu da. Odei Barroso Gomilak eta Maddi Sarasua Laskaraik egin dute bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. 145 bertsuzalek, giro... [+]


Eguneraketa berriak daude