Desokupazio-enpresa batek su eman dio Tenerifeko Maizterren Sindikatuaren lokalari

  • Besteak beste biltegi modura erabiltzen dute lokala, oinarrizko hainbat material jasotzeko eta beharra duten pertsonei emateko. Aurretik ere izan dira desokupen mehatxuak.

Artikulu hau CC BY-SA 2.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2024ko ekainaren 25ean - 07:43
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Larunbatetik iganderako gauean, eraso faxista bat jasan zuen Tenerifeko Maizterren Sindikatuak. Goizaldeko 03:00ak igarota, sindikatuak erabiltzen duen lokalari su eman zion desokupazio-enpresa batek. San Isidron (Granadilla de Abona, Espainiako Estatua) dago egoitza, eta batez ere, biltegi modura erabiltzen du sindikatuak.

Arropa, liburuak, jostailuak eta bestelako oinarrizko material batzuk biltzen dituzte bertan, beharra duten pertsonei eman ahal izateko. Sindikatuko kideek jakinarazi dutenez, bizilagun askok jotzen dute bertara, beharra dutenean.

Mehatxuak aurrez

Sindikatuak ez du inolako zalantzarik egin erasoaren egiletzari dagokionez: "Guk argi daukagu, etsai aitortu batzuk baino ez ditugu". Ohartarazi du modu "kriminalean eta estrajudizialean" jokatzen dutela desokupazio-enpresetako matoiek, eta aurrez ere egin diotela mehatxu maizterren kolektiboari. Izan ere, lokalera bertaratu eta sarreran bideo bat grabatu zuten behin zenbait desokupak, mehatxu modura.

Larunbat arratsaldean, gainera, eraso faxista gertatu baino ordu batzuk lehenago, lokaletik igaro ziren desokupak. Barruan zeuden sindikatuko hainbat kide, eta iraindu egin zituzten faxistek.

Hainbat lekukoren arabera, larunbat gauean, golf auto bat ibili zen erasotua izan zen lokaletik gertu. Sindikatuaren esanetan, "kasualitatez", kotxe horixe bera dauka, hain zuzen ere, desokupazio-enpresa bateko matoi batek.

Erantzuleak

"Enpresa horiek kontratatzen dituzten higiezinen agentziak eta putre-funtsak mota horretako jardueren konplizeak dira", maizterren sindikatuak seinalatu duenez. Jarduera horiek, kasu honetan, "modu baketsuan denontzako etxebizitza duina izateko eskubidea defendatzen duen kolektibo baten aurka gauzatu" dituztela oroitarazi dute.

"Kapitalismoak ahalbidetzen du langile-klasearen eta bere eskubideak defendatzen dituztenen aurka jarduten duten talde kriminal horiek sortzea", Tenerifeko kideek gaineratu dutenez.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eskuin muturra
Eguneraketa berriak daude