Desazkundeaz nazioarteko biltzarra burutzen ari dira Suediako Malmö hirian

  • “Garai nahasietako elkarrizketak” darama titulu Suediako Malmö hirian abuztuaren 21etik 25era burutzen ari diren Desazkundeari buruzko biltzarrak,  Desazkundea Ikerketzeko Institutuak antolatuta.


2018ko abuztuaren 24an - 10:07

Desazkundea Ikertzeko Institutua (Institutet För Nerväxtstudier suedieraz) elkarteak biltzen ditu akademikoak, ikasleak eta ekintzaileak herrialde nordikoetan eta mundu osoan desazkundeari buruzko eztabaidak berotzeko.

Malmöko Nazioarteko 6. Biltzar nagusiak beste bi batzar ‘biki’ edukiko ditu aurten: Mexiko hiriburuan irailaren 4tik 6ra bata eta Bruselan Europako Legebiltzarrak daukan egoitzan bete irailaren 18 eta 19an.

Biltzarkideak agiriak jasotzen lehenbiziko egunean. (Argazkia: Degrowth Sweden)

“Garai nahasietako elkarrizketak” titulua zergatik? Antolatzaileek argudiatzen dutenez, krisi ekologiko, sozial eta ekonomikoa elkarri lotuak egotea desazkundearen aldeko mugimenduak aspalditik esana daukan arren, justu garaiotan ari da denen begien bistan agertzen: gerren ugaritzea batik bat Ekialde Hurbilean, klimaren aldaketak azkartzen ari dela dioten azterketa berriak, migrazio masiboak… Hori gutxi balitz, itxuraz egonkorragoa zirudien Mendebaldean ere aldaketa dramatikoak ari dira gertatzen, Brexitarekin, AEBetako azken hauteskundeekin eta abar.

“Horregatik diogu garai nahasietan bizi garela, larritasun, segurtasunik ez eta beldurrez betetako garaietan. Txanponaren beste aldea, ordea, da ugaritzen ari direla antolaketa modu berriak, mundu mailako solidaritatea eta adorea eta handitu egin dela eraldaketarako ahalmena ere desazkundeak defenditzen duen moduan uztartuz iraunkortasun ekologikoa, justizia soziala eta gizakiaren aurrerapena. Potentzialitate hori mamitu dadin mundu mailako elkarrizketak behar dira, eskualde geografiko eta ikuspegi ezberdinen artean. Bai mundu akademikoan eta bai ekintzaileen testuinguruan, desazkundearentzako hil ala bizikoa da pentsakera eskola eta eraldaketa mugimendu ezberdinen arteko elkarrizketa antolatzea”.

Egunotan Malmön desazkundearen hainbat aurpegi erakusten ari da biltzarra. Egitarauan, alde batetik hitzaldi eta mahai inguru akademikoek osatu dute hezurdura, baina horien inguruan badira gaiari lotutako zine, antzerki eta kontzertuak, mundu osotik iritsitako elkarte eta ekintzaileen erakustazoka, munduko elikadura eta sukaldatze erakusketa, desazkunde ekintzen agertokia, eta abar.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Desazkundea
2024-04-11 | Estitxu Eizagirre
Otxantegi Herri Lurraren II. urteurren jaia
"Otxantegiko lur emankorrak ezin dira porlan azpian geratu, arnasgunea izan behar dute"

Apirilaren 13an egitarau indartsua prestatu dute Berangoko Otxantegi Herri Lurra proiektuaren II. urteurrena ospatzeko. Apirilaren 18an, aldiz, bigarren desalojo saiakeraren mehatxua izango dute gainean eta herritarrei dei egin diete proiektua defendatzera joateko. Kideetako... [+]


2023-06-11 | Nicolas Goñi
"Desazkunde" kontzeptuak zergatik du oraindik hain onarpen guti? 

Maiatzaren 15, 16 eta 17an, Europako Legebiltzarrean “Hazkundetik haratago” izeneko konferentzia batek hazkundearen garrantzia eta esangura zalantzan jartzen zituen, Barne Produktu Gordina bezalako adierazleak desegokitzat joz. Halere, gure erakundeetan aintzat... [+]


Eguneraketa berriak daude