Jaime Ignacio del Burgo PPko eta UPNko politikari ohiak hilean 3.102,65 euroko pentsioa jasotzen du Espainiako Parlamentutik, Gizarte Segurantzan inoiz kotizatu ez duen arren.
El Mundo egunkariak astelehen honetan argitaratu zuen Espainiako Kongresuko eta Senatuko kide izandako 114 lagunen pentsioak ordaintzen zenbat diru gastatzen duten gorteek: sei milioi euro dira guztira, urtero-urtero ordezkari politiko izandako zenbait erretiratuk pentsiorik altuena jaso dezaten.
Aurreko hamarkadetan ezagunak izandako pertsonak daude tartean eta, euskal herritarrei dagokienez, Jaime Ignacio del Burgo PPko eta UPNko kide ohia da luxuzko pentsio horren onuradun nagusia. 3.102,65 euro jasotzen ditu hilero del Burgok, Gizarte Segurantzan inoiz kotizatu ez duen arren.
Urtetan Nafarroako eskuinaren lehen lerroan egondakoa, del Burgo duela gutxi berragertu zen, non eta Euskal Autonomia Erkidegoko autogobernu ponentzian, PPk izendatutako “aditu” gisa. Aurretik izandako ibilbidea ezaguna da: Jaime del Burgo Torres historialari eta politikari karlistaren semea, UCDn hasi zuen ibilbide politikoa eta Nafarroako Diputazioko presidente ere izan zen 1979-1980 artean. 1989tik PPko kide, UPNko karneta ere eduki zuen eskuineko bi alderdiak Nafarroan bat eginda aritu izan ziren bitartean.
27 urtez Espainiako Kongresuan eta Senatuan Nafarroako eskuinaren ordezkari izan zen. Ibilbide parlamentario luze horrek ekarri dio erretiroa hartuta dauden ordezkarien artean pribilegio handienetakoak dituena izatea.
Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.
Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!