Amnistia Legearen proposamena onartu du Kongresuak eta haren bidean Kataluniako hauteskundeak sartu dira

  • Orain Senatura bidean joango da legea, han PPk ahal duen neurrian atzeratuko du –bi bat hilabetez– eta gero berriz itzuliko da Espainiako Kongresura azken onarpena izan dezan.


2024ko martxoaren 15an - 11:06

Aurreikusita zegoen moduan, 178 boto alde izan ditu legeak eta 172 aurka. Alde PSOE, Sumar, Podemos, ERC, Junts, EH Bildu, EAJ, BNG eta José Luis Ábalos ministro ohi sozialista. Aurka PP, Vox, Coalición Canaria eta UPN.

Legea atzera aurrera ibili da iragan urtarrilean Juntsen botoek atzera bota zutenetik, haren ustez hainbat alorretan behar bezala blindatuta ez zegoelako. Martxoaren 6an, ordea, PSOEk, ERCk eta Juntsek akordio berria lortu zuten, eta horretan oinarritu da orain onartutako legea.

Europako legedia oinarri, ez Espainiakoa

Terrorismoa, traizioa eta bidegabeko erabilera ziren Juntsek hobeto blindatu nahi zituen hiru alorrak, eta horiei buruzko akordioa lortu zuten PSOEk, ERCk eta Juntsek. Terrorismoari dagokionez, Amnistia Legeak Europako arautegia hartzen du oinarri gisa eta ez Espainiako Zigor Kodea. Horren arabera, bakarrik mantentzen dira amnistia horretatik kanpo “giza eskubideen aurka berariaz” egindako “delitu larriak”. Beraz, amnistiatuak izango proces-eko guztiak edo gehien-gehienak.

Traizioarena da ukitutako bigarren alor garrantzitsua. Oinarri legal gisa Nazio Batuen Erakundeko Karta eta NBEko 1970eko martxoaren 24ko 2625 ebazpena hartu dira. Alor honetan, Amnistia Legean bai aipatzen da Espainiako Zigor Kodea, baina esaten da ustezko delitua amnistiatik kanpo geratuko dela bakarrik estatuaren aurkako mehatxua “eraginkorra eta egiazkoa” denean; edota “Espainiaren independentzia edo lurralde batasunaren aurka indarraren egiazko erabilera” gertatzen denean.

Horrez gain, Juntsen arabera hobeto lotu den hirugarren esparrua diru publikoaren erabilera bidegabearena da. Orain arte, adibidez, Espainiako justiziak “erabilera bidegabetzat” hartu du 2017ko urriaren 1eko erreferenduma antolatzeari begira instituzioetatik gastatutako dirua . Orain ordea, gisa horretakoak amnistiatuak izango dira diru publikoa berariaz “norbera aberasteko erabili ez bada”. Baina argiagoa ere bada, eta zehazki aipatzen du diru publikoa erabili denean Kataluniako independentziaren aldeko mezuak zabaltzeko, edo 2014ko azaroaren 9ko kontsulta edo 2017ko urriaren 1eko erreferenduma antolatzeko, eta ez norbait aberasteko, horiek amnistiaren barruan direla.

Oro har, beraz, amnistiak ehunka pertsonari eragingo dio eta kontuan hartuko ditu 2011ko azaroaren 1etik 2023ko azaroaren 13ra artean izandako balizko delituak; hau da, Katalunian erreferendumaren bueltan antolatuko prozesu independentistan emandako jarduera gehiena, horien artean Tsunami Democratic edota CDRek antolatutako ekintzak.

Eta Puigdemont zer?

Amnistia Legeak bi bat hilabete beharko ditu onartzeko, hots, maiatzaren bukaera aldera egon liteke onartuta. Epe hori Kataluniako hauteskundeetako epeekin bat dator eta ez dirudi tarte horretan Carles Puigdemont Generalitateko Lehendakariaren inbestidura saioan egon ahal izango denik.

Juntsek iragarri du jada Puigdemont nahi duela zerrenda buru, eta azken horrek ere hori onartuko lukeela adierazi du. Kataluniako hauteskundeak 12an badira, arauak dio handik 20 egunera osatu behar dela Kataluniako Legebiltzarra, hau da, beranduenez ekainaren 7an, eta 21aren bueltan beranduenez inbestidura saioa egingo litzateke.

Amnistiaren lege-aurreproiektuari aurreikusten zaion bidearen arabera, maiatzaren azken astean onartu liteke legea Kongresuan, eta Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratuko litzateke. Hortik aurrera ezingo da amnistiak babestutako delituekin zerikusirik duen inor atxilotu. Ondoren, halaber, Espainiako epaileek bi bat hilabete izango dituzte irekita dituzten prozedura judizialak ixteko. Tarte horretan, gaitza ikusten da Puigdemontek inbestidura saioan izateko aukera izatea, Kataluniako prozesuan parte hartu duten Espainiako epaileen jarrera ikusita, pentsatzekoa baita ahalik eta gehien oztopatuko edo atzeratuko dutela itxiera prozesu horiek.

Horrez gain, irekitako prozesu judizialen itxiera behin-behinekoa izango da Auzitegi Konstituzionalean edo Europako auzitegietan jarritako helegiteak ebatzi arte. Bitartean, Puigdemonten edo beste buruzagi independentisten aurka dauden atxiloketa aginduak bertan behera geratuko dira.

Erreferendumari begira

ERCk eta Juntsek iragarri dutenez, Amnistiaren Legeak ez du inongo biderik ixten. Aitzitik, aurrerantzean indarberrituta ekingo diote independentzia eta erreferendumaren bideari, eta horiek lortzeko bideak egituratzen saiatuko dira.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalunia
ERC: azaroa arteko gurutze-bidea

ERCk hamahiru parlamentari galdu ditu joan den igandeko hauteskundeetan eta barne krisia ate joka du. Pere Aragonés Generalitateko jarduneko lehendakariak dimisioa aurkeztu du dagoeneko eta lehen lerrotik erretiratuko dela iragarri du.


Materialismo histerikoa
Isilean

Katalunian ere hauteskundeak izan dira. “Emozioak, pragmatismoa eta xenofobia: Kataluniako hauteskundeen klabeak” titulatu zuen Público egunkariak. Ezkerra dabil pragmatiko eta kudeatzaile han ere, eta emozioak Junts-i lotuta aipatu zituzten. Baina... [+]


Aragonesek dimisioa aurkeztu du, ERCren emaitza txarren ondoren

Itxura guztien arabera, PSCko Salvador Illa izango da Generalitateko hurrengo presidentea, norbait izatekotan. Bestela, hauteskundeak errepikatzeko aukera dago. Egungo presidente Pere Aragonés eta ERCk jaitsiera handia izan dute. Abstentzioa %41ekoa izan da.


Hiru itun zail Kataluniako Generalitateko presidente izateko

Kataluniako Parlamentuko gehiengo independentistaren galerak eta hemizikloa eskuinerantz eta espainolismorantz biratzeak gobernagarritasuna zailtzen dute. Maiatzaren 30eko Espainiako Diputatuen Kongresuko osoko bilkurak, Amnistiaren Legea bozkatu behar duenak, eta ekainaren 9ko... [+]


Eguneraketa berriak daude