COVID-19aren bigarren olatua gaiztotzen ari da Europan eta Euskal Herrian ere bai

  • Kolore marroi iluna, 100.000 biztanleko 250 kasu baino gehiago irudikaten dituena, zabalduz doa Prebentzio eta Kontrolerako Europako Zentroak (ECDC) zabaldu duen mapan ageri denez, kutsadura kasuak eta baita heriotzak ere ugarituz. Euskal Herriari dagokionez, Euskal Autonomia Elkartean kutsadurak 300eko tasa gainditu du eta Nafarroa 700etik gora dabil.


2020ko urriaren 16an - 13:59
COVID-19aren hedadura Europan 2020ko urriaren 15aren aurreko 14 egunetan. (Irudia: ECDC)

Europa osoan hartu du abiadura handia COVID-19ak urriaren bigarren astean, ECDCk eskainitako datuetan ikus daitekeenez. Kutsadura tasei dagokienez (100.000 biztanleen artean detektatutako koronabirus positiboak), Txekiak 701 dauka tasa, Belgikak 577, Herbehereek 461, Frantziak 346, Erresuma Batuak 320, Espainiak 304 (EAEk 305), Islandiak 299, Luxenburgok 268, Eslovakia 243...

Heriotza tasetan rankinga oso ezberdin ikusten da, ordea: Txekiak 14 egunean 100.000 pertsonako 5,2 heriotza nozitu ditu, Errumaniak 4,2, Espainiak 3,4, Hungariak 298, Belgikak 2,6, Poloniak 2, Frantziak 1,7... Herrialde bakoitzeko kutsatu eta heriotza tasa guztiak honako koadroan ageri dira:
 
Kutsaduraren hedaduraren neurria eta daraman abiadura grafikoki nabari daiteke alderatuz ECDCren oraingo mapa (albiste honen buruan doana) erakunde berak duela aste bete publikatu zuenarekin:
Europaren osotasunari erreparatuta,
COVID-19aren hedadura Europan 2020ko urriaren 8aren aurreko 14 egunetan. (Irudia: ECDC)

COVID-19aren bigarren uhina hartzen ari den abiadurak eraman ditu Europako agintari asko harreman sozialak murrizteko neurriak zorroztera (Madrilen konfinamendu perimetrala, Parisen gaueko 21:00etatik goizeko 06:00etara karrikara irteteko debekua, Bartzelonan jatetxe eta ostatuen itxiera...) eta adituak gero eta ozenago konfinamendu laburren beharra azpimarratzera. Osasunaren Mundu Erakundearen ohartarazpenak ere ildo horretatik doaz.

Hego Euskal Herrian, Nafarroako agintariak hegoaldeko hainbat herriri konfinamendu perimetrala ezartzeaz gain lurralde osorako neurri berriak hartu beharra iradokitzen ari dira behin eta berriro: Nafarroa da Espainiako estatu osoan koronabirusez gehien kutsatu den komunitate autonomoa. EAEn ere okerrera doa egoera, batik bat Gipuzkoan, eta gauzak udal bakoitzean nola dauden are grafikoago ikusi ahal izateko Osakidetza eguneroko buletinetan hasi da kolorez nabarmentzen estuen dabiltzan 5.000 biztanle baino gehiagoko udalerriak: 100.000 biztanleko X tasa markatzen duen tokia koloreztatu barik dago tasa 60 baino txikiagoa denean, horiz margotua tasa 60-299 artean dagoenean, laranjaz 300-499 eta gorriz 500 gainditzen duenean.

Gipuzkoako herri batzuetako COVID-19 positiboak Osakidetzaren 2020-10-16ko buletinean.

Pandemiaren gaiztoagotzeak eraginda, Hego Euskal Herrian ere neurri berriak ezarriko dituzte agintariek, itxura guztien arabera. Larunbaterako Iñigo Urkulluk deitu du COVID-19aren jarraipena egiten duen batzordea, neurri berriak erabakitzeko helburuz. Naiz-ek zabaldu duenez, neurriokin aurrea hartu nahiko lioke jadanik Espainiako Gobernuak eskuartean darabilen neurri pakete berriari. Honen arabera, Nafarroa jadanik sartuta legoke COVID-19ak eragindako alertaren 4. fasean –muturreko alertan, alerta máxima– eta EAE 3.ean, alerta handian, nivel alto.

Naiz-en arabera, Urkulluk bihar ezagutaraziko duen neurri saila 3. fase horri dagozkionez edo oso antzekoz osatua egongo da: bilkurak gehienez ere 6 lagunetara mugatzea, ostatuen barruan kontsumitzea debekatu eta kanpoko aforoak erdira murriztea, komertzioen aforoa laurden batera murriztea, zahar etxeetako bisiten murrizketa, garraiabideen aforoa heren batera mugatzea...

(Albiste hau arratsaldeko 17:04an editatu da) 


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#2
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
#3
Estitxu Eizagirre
#5
Zigor Olabarria Oleaga
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude