Chivite Nafarroako lehendakari izango da ostiralean, EH Bilduren abstentzioarekin

  • EH Bilduren barne galdeketan parte hartzaileen %75ak egin du abstentzioaren alde, eta laurden batek babestu du ezezkoa. Bigarren bozketan lortuko du Maria Chivitek presidente izateko babesa, ostiralean.


2019ko abuztuaren 01an - 12:52

Asteazkenean jakinarazi ditu EH Bilduko bozeramaile Adolfo Araizek koalizioak egin duen kontsultaren emaitzak. Kontsulta egingo zela ezagutarazi zenetik izen-emateak %50 baino gehiago hazi dira, 1700etik 2.600era, eta eskubidea zuten pertsonen %73ak eman du bozka. 1.432 kidek egin dute bat inbestidura saioan Chiviteren hautagaitza abstentzio bidez ahalbidetzeari, bozken %75a. "Ez" bozkatuz PSNren lehendakaritzari ateak ixtearen alde 477 pertsonek egin dute, %25ak.

Araizek adierazi du EH Bilduren oinarri sozialari erabakia ez zaiola erraza izan: "Pertsona askok esan digute zail egin zaiela ezezkotik abstentziora pasatzea". EH Bildurekiko PSNren jarrera baztertzaileak haserrea piztu du oinarrian, eta gainera lehendakaritza emanez PSNri "hegalak" emateko beldurra dago. Zentzu horretan, eskuak libre dituztela adierazi du Araizek: "EH Bilduk ez du babesten gobernu akordioa, eta ez du inongo konpromiso politikorik gobernu horrekin. Momentu bakoitzean ikusiko dugu zer gertatzen den". Barne kontsultatik Nafarroako ezker subiranista indartuta atera dela defendatu du Araizek, erakutsitako "heldutasunagatik".

Lehendakari, ostiralean

Ostegunean hasi da Nafarroako lehendakaria hautatzeko inbestidura saioa. Hautagaiak PSN, Geroa bai, Izquierda-Ezkerra eta Podemos alderdien artean adostutako gobernu programa aurkeztuko du. Ondoren alderdi bakoitzak hitza hartzeko aukera izango du. Bozketa honetan EH Bilduren zazpi legebiltzarkideek ezezko bozka emango diote Chiviteri. Navarra sumak berbera egingo du (20 legebiltzarkide), eta PSNk (11), Geroa Baik (9), Izquierda-Ezkerrak (1) eta Podemosek (2) alde bozkatuko dute. Ostiralean, ordea, inbestidurarako bigarren saioan EH Bilduko zazpi legebiltzarkideetatik bik ezezko bozka emango dutela eta bost abstenitu egingo direla jakinarazi du Araizek. Orduan izendatuko du Nafarroako Legebiltzarrak Chivite lehendakari.

Osteguneko bozketa 20:30erako aurreikusi du legebiltzarreko presidenteak. Bigarren bozketa 24 ordu geroago egin behar da.

Legegintzaldi hitzarmena

Chivite lehendakari egiteko PSN, Geroa Bai, Izquierda-Ezkerra eta Podemos alderdiek legegintzaldirako hitzarmena itxi dute aurretik. Osatuko den gobernu koalizioan PSN, Geroa Bai eta Podemosek hartuko dute parte, Izquierda-Ezkerrak aukera hori baztertu ondoren. Gobernuak hamahiru departamentu izatea adostu dute hiru alderdiek: zortzi PSNren esku geratuko dira, lau Geroa Baik zuzenduko ditu, eta Podemosek bakarra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nafarroako Gobernua
Estatuaren edo eskuin muturreko taldeen lehen hamabi biktima onartu ditu Nafarroako Gobernuak

Eskuin muturreko taldeek eta funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen lehen hamabi aitorpenak egin ditu Nafarroako Gobernuak. Beste hirurogei espediente aztertzen ari da.


Forestaliaren lau goi-tentsioko lineari helegitea jarri die Nafarroako Gobernuak

Asteazkeneko gobernu bileran hartu zen erabakia eta horren ondorioz, Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako Ministerioak Forestalia konpainiari emandako baimenen aurkako helegitea jarriko du foru gobernuak.


'Oroibidea', memoria historikoaren erreferente digitala 23.000 biktimaren datuekin

Nafarroako Gobernuak Espainiako Gerra Zibilaren eta frankismoaren artxibo digitalaren plataforma, Oroibidea, gaurkotu du eta bildutako errepresaliatuen testigantzak laukoiztu dituzte.


Opus Deiren bi ikastetxe segregatzaileri DBHko ituna kenduko die Nafarroako Gobernuak

Miravalles-Redin eta Irabia-Izaga ikastetxeek 1965az geroztik dauzkate ikasleak banatuta.


Eguneraketa berriak daude