BiziHotsa euskal erresistentzia kutxa jaio da COVID19aren ondorioei aurre egiteko

  • Hainbat gizarte-eragilek, kolektibo feministak, antiarrazistak eta antikapitalistak, sindikatuk eta euskal kooperatiben sareek erresistentzia kutxa bat jarri dute martxan "COVID19ak areagotu duen ofentsiba neoliberalari erantzuteko". 60.000 euro lortzea dute lehen erronka, 15 kolektiboren oinarrizko beharrak bermatzeko.


2020ko apirilaren 30ean - 12:42
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

"Ez da osasun krisia bakarrik, krisi horren kudeaketa da egungo nekropolitika areagotzen duena, eta horrek gizarte ezberdintasunak handitzen ditu, komunitateen zaugarritasuna larrituz” adierazi dute ekimenaren sustatzaileek. Horregatik, BiziHotsa jarri dute martxan, erresistentzia kutxa gisa funtzionatuko duen plataforma. Helburua 21 egunetan 60.000 euro lortzea da, gero bigarren fase bat abiatzeko. "Zenbaiti asko irudituko zaio, baina hori da bizitzak balio duena, eta gaur egun ez dago ziurtatuta, erakunde publikoak ez baitira beren lana egiten ari", azpimarratu du Izarne Castillo ekimeneko kideak.

Eragileek eta norbanakoek egin ditzakete ekarpenak

Bilketa Coop57 Fundazioaren bidez egingo da. Dohaintzak desgrabatu ahal izango dira eta gardentasun fiskala ziurtatuko da. Dirua bi modutan jasoko da. Dohaintza handien eta hitzarmenen bidez: "Dagoeneko herrialde honetako gizarte-eragile handi ezberdinak hasi dira dohaintzak egiten"; eta crowdfunding masibo baten bidez, "pertsona guztiak inplikatu ahal izateko".

Dagoeneko doaintza egiteko modua dago webgune honetan. Kanpaina hasi eta gutxira 6.000 euro bildu dituzte dagoeneko: "Ilusioz beteta gaude eta harrera ona izango duelakoan gaude, euskal gizartea solidarioa eta konprometitua izan baita beti", esan du Izarne Castillok. "Geldirik eta beldurtuta nahi gaituzu, baina guk erresistentzia antolatuz erantzuten dugu", azpimarratu du.

Oinarrizko beharrei erantzutera bideratuko dira ekarpenak

BiziHotsa webgunea sortu dute, kolektibo ezberdinek laguntza eta bitartekoak eskatu ditzaten. Aurrera begira BiziHotsa kolektiboa hazten joango dela espero dute, baina lehen fase honetan, 15 proiektu kolektiboetan jarri dute arreta eta kolektibo horietara bideratuko da diru-bilketa. Hasiera batean elikadura, etxebizitza, errepresioaren aurreko ahalduntzea eta oinarrizko osasuna eta higienea bermatzera bideratuko dira ekarpenak.

Hauxe da ekimenaren berri emanaz zabaldu duten bideoa:


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Covid-19 eta erantzun soziala
Eguneraketa berriak daude